Gaitzen aurka, berezko defentsak

Immunitate sistema gorputzak duen berezko babes sarea da. Defentsak indartzeko, edo ez ahultzeko, estresa saihestea, egunean 7-8 ordu lo egitea eta elikadura orekatua izatea gomendatu dute medikuek. Udazken eta negu partean arnasbideko birusei aurre egiteko tresna eraginkorra da.

ANNE BASKARAN.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Gorputzaren berezko defentsa: hori da immunitate sistema. Gizakien organismoa gaixotu edo desorekatu dezaketen arrisku guztiei aurre egiteko tresna. Erasoei aurre hartzen dien botika baten gisan funtzionatzen du: gaitza sendatu bainoago, gaitza desaktibatzen du. Giza ezkutu bat da, organismoarentzat arrotz eta kaltegarri izan daitekeen oro geldiarazteko mekanismoa.

Oinarrizkoa, beharrezkoa eta baliagarria da immunitate sistema, baina ez da hain erraza izaten egitura guztia erreakzionatzeko prest izatea une oro. Bizi ohiturek, estresak eta elikadura desegokiak kalte nabarmena egiten diote defentsa egituraren eraginkortasunari. Hainbat arriskuri egoki erantzuteko indar nahikoa eduki dezan, zaindu egin beharra dago. Osterantzean, gaixotzeko eta gaixoaldi luzeagoak eta latzagoak pairatzeko aukerak ugaritu egiten dira. Immunologikoki indartsu egoteko, berebiziko garrantzia dute elikadurak, ariketa fisikoak, loak eta estres mailaren kontrolak. Horiek ondo kudeatuz gero, defentsa sarea osasuntsuago egongo da, gorputza bere osotasunean indartuz.

Immunitate sistema «erasoen aurka» defendatzeko «arma» bat dela uste du Zaloa Otadui Farmacook nutrizio eskolako botikariak: «Haren funtzio nagusia gorputzaren oreka mantentzea da». Alvaro Prada Donostiako ospitaleko immunologoak, berriz, «zelulen eta molekulen sare korapilatsu bat» dela azaldu du. Egitura konplexu horrek «mehatxuak» identifikatzen ditu, eta erreakzionatu egiten du; gainera, soilik beharrezkoa denean. «Bere burua erregulatzeko gai da; erantzuna geldiarazten du mehatxua desaktibatzen duenean», azaldu du Pradak.

Immunitate sistemaren antolaketan sakonduz, hiru maila bereizten ditu immunologoak: oinarrizko maila, jaiotzetiko immunitatea eta moldaerazkoa. «Lehen geruza osatzen dute azalak, eta arnas aparatua, digestio aparatua eta gernu aparatua babesten duten mukosek; gorputza kanpo mehatxuengandik babestuta mantentzen duen harresi fisiko eta kimiko bat da».

Aurreneko maila pasatuta, jaiotzetiko immunitatea dago. «Hainbat zelula motaren arteko konexioek osatzen dute: patogenoen bila erne dabiltzan makrofagoak, patogenoak suntsitzeko substantzia bat jaurtitzen duten LK zelulak eta defentsei abisua igortzen dieten proteinen multzoa». Lehen erantzun fasea osatzen du jaiotzetiko immunitateak.

Azkena, moldaerazkoa, zehatzagoa da. «B eta T linfozitoek osatzen dute, eta erantzun zehatz bat prestatzeko gai dira; birusek eta patogenoek eraldaketa gaitasun handia dute, baina beste hainbestekoa da immunitate sistemaren moldatze gaitasuna».

Giza ezkutu sofistikatu hori eraginkorra eta funtzionala izan dadin, zenbait aspekturi erreparatu behar zaio.

Adituen arabera, asko du norberak egiteko. Otaduik ohartarazi du immunitate sistema aztoratzen dutela oso errotuta dauden eguneroko ohitura ugarik eta herritar askoren bizi estiloak: «Estresak, lo faltak, ardurek, toxikoek... lanpetuta mantentzen dute, eta gaur egun daukagun bizitzeko eta jateko moduak eragin handia dauka». Une oro horrelako egoerak kudeatzen ari denez, gehiegizko lan karga du defentsa sareak. «Guk zenbat eta lan gehiago eman egunero gure ohiturekin, orduan eta indar gutxiago izango du eraso berri bati, esaterako birus bati, aurre egiteko».

Elikagaiekin elikatu

Zaintza faktoreei erreparatuz gero, elikadura da oinarrietako bat. Otaduik Farmacook izeneko nutrizio eskola bat du Eibarren (Gipuzkoa), eta oso mezu argia du: «Elikagaia da oinarrizko sendagaia». Immunitate sistema indartu edo «orekatu» ahal izateko, jaten denak berebiziko inportantzia du, eta, horrez gain, baita jan behar ez denak ere. «Arazo nagusia da jangarriak diren baina elikatzen ez gaituzten eta gure immunitate sistema desorekatzen duten produktu gehiegi jaten ditugula». Horrelako produktu ugari daudela ohartarazi du botikariak. Irin finduak, produktu prozesatuak edo jangarri azukredunak, besteak beste. «Produktu kaltegarri horiek guztiak saihestea urrats handia da immunitate sistema zaintzeko».

Abiapuntu horren bueltan, elikaduraren nolakotasuna zehazten duten hainbat gomendio eman ditu: egunean pertsona batek jaten duenaren erdia fruta eta barazkiak izatea, eta orokorrean jaten denaren %80, gutxienez, begetala izan dadila. Lekaleak ere, sarritan. Elikadura orekatua izateko azken jaki multzoa elikagai proteinadunak dira. Elikagai jakin egokiak aukeratzeko irizpide argi bat du botikariak: «Garaian garaikoa eta tokikoa: hori izango da beti gure osasunarentzat egokiena; irizpide horiek betez gero, beti asmatuko dugu. Hautu onenak dira, bai guretzat, bai inguratzen gaituztenentzat».

Immunitate sistemaren indarrean eragina du elikadurak, baina ez horrek bakarrik. Eguneroko bizimoduan txertatuta dauden eta kaltegarriak diren beste hainbat faktore ere badirela ohartarazi du Otaduik: estresak eta lo faltak, esaterako, immunitate sistema desorekatzen dute. «Gure defentsa sistema lanpetuta dago hori kudeatzen, ez gaitezen desorekatuta egon, eta bestelako eraso gehigarriei aurre egiteko baliabide gutxiago geratzen zaizkio».

Pradak esan du immunitate sistema osasuntsu mantentzeko biderik eraginkorrena «txertatze prebentiboa» dela. Era horretan,gorputza «entrenatu» egiten da, gaixotasun edo erasoen simulazioaren bitartez.

Txertoekin batera, badira immunitate sistema sendotzeko bestelako bide osagarriak. Batetik, ariketa fisikoa. «Sedentarismoa saihestu behar da; kirola egitea ezinbestekoa da». Bestetik, higienea zaintzea: «Patogenoen aurrean gure burua arriskuan ez jartzea lortuko dugu horrela». Loa zaintzea ere premiazkoa da. «Egunean 7-8 ordu lo egitea da aproposena». Alkohola, tabakoa eta bestelako drogak ez kontsumitzea aholkatu du medikuak.

Estresa ere kontuan hartzeko faktore bat dela ohartarazi dute adituek. Otaduiren aburuz, sistema beti «lanpetuta» mantentzen baitu. «Estres etengabea askotan ez da igartzen, baina une oro gorputza tentsioan edukitzea dakar, eta horrek eragina dauka».

Portaera horiek ahuldu egiten dute defentsa sistema, eta ondorio kaltegarriak eragiten dituzte. «Hainbat zantzuk adierazten digute zerbait ez dabilela ondo: hotzeria sarritan harrapatzea, gripea ere urtero; eta, horrez gain, neke sentsazio jarraitua eta indar eta gogo falta dira immunitate sistema ahul baten adierazle ohikoenak». Izan ere, gorputzaren gainerako sistemekin elkarrekintzan egiten du lan immunitate sistemak, eta ondorioak ere orokorrak dira Otaduirentzat. «Sistema immunea ez baldin badago ondo, ez baldin badago orekatuta, hormonalak eta digestiboak ere ez dute ondo funtzionatuko; dena dago lotuta, eta dena zaintzen da berdin».

Urtaroen eragina

COVID-19aren pandemiak lehen lerroan jarri ditu osasuna eta gaixotasuna, eta udazken-negu partean ere ugaritu egiten dira arnasbideetako gaixotasunak, hala nola gripeak. Horiei erantzuteko berezko tresna da immunitate sistema, baina, Otaduiren esanetan, beti da beharrezkoa eta garrantzizkoa defentsa sistema. «Beti daude guretzat eraso izan daitezkeen arrisku eta mikroorganismoak inguruan; orain gertatzen dena da, koronabirusa agertu denetik, inoiz baino argiago ikusten dugula». Transmisioaz gaindi, gorputzaren erreakzio gaitasunak du indarra. «Immunitate sistema ahul batek ahulago egiten gaitu: errazago gaixotu gaitezke, eta gaitz latzagoak eta luzeagoak pairatu».

Pradak eta Otaduik uste dute urtaro aldaketa dela immunitate sistema hankaz gora jartzen duten beste faktoreetako bat. Immunologoak zergatia esplikatu du: «Udazkenean eta neguan ugaritu egiten dira gripea eta hotzeria eragiten duten birusak, eta beste zenbait patogeno ere ugaritu egiten dira tenperatura baxuak daudenean. Gainera, hotzak birusen aire bidezko transmisioa sustatzen du, eta, eguzki faltaren ondorioz, D bitamina gutxiago xurgatzen du gorputzak». Espazio itxietako aktibitatea areagotzen denez, pertsonen arteko transmisioa ere ohikoagoa izan ohi da.

Immunitate sistema hortxe dago, giza gorputzean, eta horren kontzientzia hartzean datza arrakastaren gakoa Otaduirentzat: «Ahaztua dugu immunitate sistema». Sistema horri laguntzea, hein handi batean, norberaren esku dago. «Pentsatzen dugu bizitzak eman digun babes sistema hori besterik gabe dagoela hor, eta bera bakarrik zaintzen dela; guk pixka bat laguntzen badiogu, askoz ere indartsuagoa izango da».

Berezko defentsa ezkutuari dagokion garrantzia emanda, urrats erraz eta eraginkorrekin osasuntsu manten daiteke. «Gu geu orekatzen gaituzten pausoak ematea da oinarrizkoena. Oso tresna ahaltsua da immunitate sistema, eta, era berean, oso sentikorra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.