Gizakiarentzako babesa, itsasoaren etsai

Maskarek gizakien bizitzak salbatzen dituzte, baina animalien hiltzaile ere izan daitezke. Hain zuzen, lehendik itsasoan dauden plastikoei eta mikroplastikoei gehitu zaizkie. Euskal Herrian badira itsas zaborra biltzeaz arduratzen diren proiektuak. Ingurumenean sor dezaketen arriskuaz ohartarazi dute adituek.

Itsas azalean ez dute denbora asko egiten maskarek. MATER ONTZI MUSEOA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun

Lur planetak dituen ingurumen larrialdien artean, itsas hondakinen arazoa da garrantzitsuenetariko bat. Kalkulatzen da urtero hamabi milioi tona plastiko heltzen direla itsasora. Batez ere mikroplastikoak dira nagusi itsas zabalean. Horrez gain, janarien bilgarriak, goxokiak sartzeko erabiltzen diren plastikozko zorroak eta zigarrokinak barra-barra aurki daitezke. Azken hilabete hauetan, alta, zabor horiei bestelako bizilagunak batu zaizkie uretan, pandemiaren eraginez: maskarak eta erabilera bakarreko eskularruak. Adituek adierazi dute dagoeneko esanguratsua dela maskara eta eskularru kopurua, eta ohartarazi dute hala jarraituz gero arazoa asko larritu daitekeela ingurumenean. Hori eragozteko asmoz, hainbat dira itsas zaborra biltzeko abian jarritako egitasmoak.

 

Mater ontzi museoan, adibidez, ohikoak dituzte itsas zaborra batzera joateko zeharkaldiak, eta joan den uztailean Zerozabor uretan kanpainaren barnean euskal kostaldean aritu ziren, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat portutako itsas hondakinak jasotzen. «Portu guztietan jaso genituen eskularruak eta maskarak», adierazi du Sara Lizarza Mater ontzi museoko proiektu arduradun eta itsas zientzialariak. Azaldu duenez, konfinamendu garaian jada kezkatzen hasiak ziren kalean lurrean ikusten zituzten erabilera bakarreko eskularru eta maskarengatik. «Lurrean dauden hondakin guztiak, uraren eta haizearen zikloaren ondorioz, ibaietara iristen dira, eta, azkenean, itsasora». Ez zitzaien arrazoirik falta izan: behin konfinamendua bukatuta lanean hasi zirenean, lehen hondakin bilketetan aurkitu zuten itsas zabor berria. Baina Lizarzak azpimarratu du ez direla pandemiak ekarritako zabor bakarrak. «Pandemia dela eta, askoz ere plastikozko hondakin gehiago sortzen da etxeetan». Itsas zientzialariak ohartarazi du plastiko gehiago erosteko joera areagotu dela, etxerako janari gehiago eskatzen delako, edota jendeak plastikoa segurtasunarekin erlazionatzen duelako.

Edozein plastikok bezala, maskarek eta eskularruek zenbait kalte eragiten dute itsasoan. Batetik, eragin fisikoa dago, hau da, itsasoko animaliak hondakin bigun eta moldagarriekin askoz errazago korapilatzen dira. Lizarzak garagardo paketearen uztaiak jarri ditu adibidetzat, eta azaldu du maskarekin gauza bera gertatzen dela. «Maskaren gometan katigatzen dira animaliak; guk zeharkaldietan kaioak ikusi izan ditugu hanketan maskarak zituztela». Erabilera bakarreko eskularruen barnean antxoak aurkitu izan dituztela ere kontatu du. Bestalde, ohartarazi du itsasoko animaliak ito egin daitezkeela zabor horiek irentsiz gero. «Sabelera iritsita, ase sentitzen dira, eta ez dira elikatzen; horrek heriotza ekartzen die».

Eragin fisikoez gain, plastikoek itsasoan inpaktu kimikoa sortzen dute, osagaietan gehigarri kimikoak dituztelako; «ftalatoak edo estirenoak, hain zuzen, toxikoak dira». Plastiko horiek irentsiz, osagai kimikoak zeluletara igarotzeko arriskua dago, eta Lizarzak dio hainbat ikerketak erakutsi dutela horrek hormonetan edota hazkuntzan aldaketa ekar dezakeela.

Ondorioak denbora luzean

Maskarek, edozein plastikok bezala, hasieran flotatu egiten dute, baina ez dira denbora asko gelditzen itsas azalean. Ohartu dira makro zaborrik ez dagoela, begi bistaz ikus daitekeena, baina ugaritzen hasi dira ur azaleko mikroplastikoak. Hain zuzen, denborarekin eta itsaslasterrengatik kostaldera iristen dira, eta kaleetan edota hondartzetan pilatzen dira halako zaborrak. «Ez ditugu hainbeste maskara aurkitu itsas zabalera joan garenean, gehienak arroken artean egoten dira», zehaztu du Lizarzak. Hala ere, gaineratu du ozeanoak ez duela mugarik, eta euskal kostaldetik ateratzen den zabor bat Amerikaraino irits litekeela. «Sarritan, itsaslasterren bidez, Frantziara joaten dira». Udan, baina, itsaslasterrak ez dira hain bortitzak, eta, ondorioz, zaborra bertan gelditzen da. «Denborarekin degradatuz joango da, baina kalkulatzen da maskara batek 400 urte behar dituela desegiteko, eta guztiz ez dela inoiz desagertuko». Zehazki, 400 urtean materiala txikituz joango da, mikroplastiko bihurtuz.

Surfrider Miarritzen (Lapurdi) sortutako mundu mailako fundazio bat da, eta hura ere aritzen da hondartzetan datuak biltzen. Pandemiak haienean ere izan du eragina; hala, Maria Ballesteros Surfriderreko hezkuntza eta ingurumen arduradunak kontatu du Ipar itsasoan eta Paris inguruan, adibidez, geroz eta maskara gehiago hasi direla agertzen. «2020an Ipar itsasoan egindako bilketen %40tan musukoak aurkitu dira». Hain zuzen, behin, Parisen, 250 metroko tarte batean 54 maskara aurkitu zituzten. «Datu guztiak izan gabe, ondoriozta dezakegu pandemiak sorturiko zaborra itsasoan gero eta nabarmenagoa dela».

Lehen urte honetan gertatutakoa ikusirik ez daude oso baikor Surfriderren. «Gizakia da arazoa, baina baita arazo horren konponbide ere». Horregatik, lan handia egiten dute eskoletan zein administrazioan eragiteko. «Askotan ardura norbanakoengan jartzen da, eta ez dira errudun bakarrak».

Frantzian ezaguna den proiektu bat du martxan Surfrider fundazioak, 25 urte inguruko proiektua: Ocean initiatives. Proiektu horren parte edonor izan daiteke, hau da, parte hartu nahi duenak hondartzetan itsas zaborrak biltzea besterik ez du. Ostean, zabor hori zenbatu eta aztertu egiten da, zein materialetakoa den jakiteko, eta datu horiek ikerlarientzat oso baliagarriak dira. Boluntarioak dira Surfriderren oinarria. Ballesterosek azaldu duenez, parte hartu nahi duenak webgunean apuntatu behar du. «Guk materiala bidali, eta trukean datuak eskatuko dizkiogu».

Gipuzkoako Aldundiarekin ere elkarlanean dihardute Surfrider fundaziokoek, eta aste honetan hitzarmen bat sinatu dute Gipuzkoako kostaldeko itsas zaborraren prebentzioan aurrera egiteko. Zehazki, Ingurumen Sailak 30.000 euro bideratuko ditu lurraldeko itsas zaborra biltzeko, karakterizatzeko eta kuantifikatzeko.

Lizarza eta Ballesteros bat datoz itsasoko arazoa lurrean hasten dela: «Lurrean ditugun portaerak aldatu behar dira». Uste dute gizakien jokaerek eragin handia dutela, eta plastikoa ahalik eta gutxien erabiltzea dela gakoa, baina kontsumitzaile gisa askotan aukera hori ez dela eskaintzen. Horregatik, Ballesterosek uste du industriarekin lan egin behar dela. «Prebentzioan dago lana». Lizarzak gaineratu du kontziente izan behar dela espezieak Lur planetan daukan arduran. «Ezin gara natura eta ozeanorik gabe bizi; beraz, haien zaintzaile bihurtu behar dugu, eta hori eguneroko ekintzetan landu dezakegu». Azpimarratu dute keinu txikiekin murrizten direla sortzen diren hondakinak. «Hondakinik sortzen ez bada, ez dira itsasora iritsiko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.