Gorenak berretsi du langile publikoek jardun behar dutela Urdulizko erietxean

Epaileek baztertu egin dute Eusko Jaurlaritzaren helegitea, eta ontzat jo dute azpikontratazio prozesua bertan behera utzi zuen sententzia

Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Zerbitzuak langile publikoen bidez eman behar ditu Urdulizko (Bizkaia) Alfredo Espinosa ospitaleak. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du EAEko Auzitegi Nagusiak iazko irailean emaniko epaia, Osakidetzaren helegitea atzera botata. Auzitegi Nagusiak esan zuen zerbitzuak ez direla azpikontratatu behar; Kontratuen Inguruko EAEkoErrekurtsoen Administrazio Organoak hartutako erabakia berretsi zuten epaileek. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kasazio helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, baina hark ez du onartu. Epaileek esan dute Osasun Sailak aurkeztu dien dokumentazioa ez dela nahikoa izan, eta ez dagoela behar beste argudiatuta. Gainera, ohartarazi dute zerbitzuen kudeaketan «interes orokorra» dagoela jokoan.

Hiru urte egin ditu auziak epaitegietan. 2016an ireki zuten ospitalea. Zabaldu aurretik, Osakidetzak asmoa azaldu zuen araztegiko, garbiketako eta sukaldeko zerbitzuak azpikontratatzeko, eta baldintzak ere onartu zituen. CCOOk eta ESK-k helegitea ipini zuten KEAOn. Erakunde horrek onartu egin zuen helegitea, eta arrazoia eman zien sindikatuei. Osakidetzak epaitegira jo zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak sindikatuei eta KEAOri eman zien arrazoi. Gorenak berretsi egin du.

Sindikatuak pozik agertu dira. «Jaurlaritzaren irrika pribatizatzailearen aukako kolpea izan da», ESKren ustez. 2010ean Euskal Administrazio Publikoko Mahai Orokorrak adostutako akordioa eta 2008an onetsitako Osakidetzako Lan Baldintzen Akordioa izan dira salaketaren abiapuntua: halako zerbitzurik ez kontratatzeko konpromisoa hartu zuen gobernuak. ELAk gogoratu du mobilizazioei esker lortu zela Jaurlaritzak jarrera aldatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.