Joan den ostegunean hasi ziren atzera Joaquin Beltran bilatzen

Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun

Laster, datorren otsailaren 6an, urtebete beteko da Zaldibarko zabortegia (Bizkaia) amildu zenetik, eta, orduz geroztik, desagertuta dago Joaquin Beltran behargina. Eusko Jaurlaritzaren Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Planaren zirriborroaren aurkezpenean, atzo, galdetu zioten Arantxa Tapiari ea zertan diren hura bilatzeko lanak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak erantzun zuen joan den ostegunetik lur eremu jakin batean, «B4s» gisa identifikatutakoan ari direla hura bilatzen Segurtasun Saileko kideak. «Eguraldia lagun, horko lanak bukatuta egongo dira hilaren amaierarako».

 

Topatzen ez baldin badute, B1-B eta B1-C eremuetara joko dute bilaketa lanetan dabiltzan teknikariek, oraindik arakatu gabe gelditzen diren bietara. Eremu horietara sartu aurretik, beste eremuetan erabilitako prozedura bera baliatu beharko dute «berriro», Tapiak azaldu zuenez. «Kendu beharko dituzte, atzera, hondakinak, [zabortegian] egindako biltegietara eraman, eta eremuen egonkortasuna bermatu beharko dute Segurtasun Sailekoak sar daitezen».

Joan den urriaren hasieran esan bezala, Tapiak atzo adierazi zuen Beltran bilatzeko lanak amaitzen direnean zabortegia «zigilatzea» duela asmo Jaurlaritzak. «Iruditzen zaigu ingurumenari egindako kalteak nahikoa izan direla momentu honetan zabortegia behin betiko ixtea planteatzeko». Urrian ohartarazi zuen «denbora asko» beharko dutela mugitutako lurrak egonkortu eta instalazioa zigilatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.