GAITZ BEKTORIALAK

2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Bektoreek —organismo bizidunak dira, eltxoak sarritan— transmititutako eritasunak aski zabalduta daude. Hona, bektoreen arabera zerrendatuta, horietako zenbait:

Aedes eltxoek transmititutakoak. Dengea, chikungunya eta Zika birusa Aedes familiako eltxoen bidez transmititzen dira. Dengea da ezagunena; munduan eltxo bidez bizkorren zabaltzen den eritasuna dela diote adituek. Munduko populazioaren %40k dengea izateko arriskua dute, eta osasun arazo larria da. Buruko eta giharretako mina sortzen du, eta azaleko arazoak. Ez dago txertorik hura eragozteko, eta tratamendurik ere ez kontra egiteko. Gaitza saihesteko modu bakarra eltxoen ziztadak saihestea da. Eritasunaren zenbait aldaera larriak izan daitezke; haurrei erasaten badiete bereziki, hilgarriak izan daitezke.

Anopheles eltxoek transmititutakoa. Eritasun bakar bat transmititzen dute Anopheles familiako eltxoek: malaria. Ilunabarrean egin ohi dute zizta normalean: arriskutsuki. Urtean 600.000 heriotza baino gehiago eragiten ditu malariak, eta hildako gehienak 5 urtetik beherako umeak izaten dira. Bereziki Afrikan dago zabalduta: heriotzen %90 hantxe eragiten ditu. Sukarra eta hotzikarak izaten dira lehen sintomak, eta, garaiz tratatzen ez bada, heriotza ere eragin dezake. Eritasunaren kontra egiteko modurik egokiena el-txoen ziztada saihestea da.

Flebotomo eltxoek transmititutakoak. Leishmaniasisa da Flebotomo familiako eltxoek hedatutako eritasun ezagunena. Azken hamar urteotan, bilakaera bizkorra izan du eritasun horrek; 1,3 miloi lagun kutsatu direla uste du OMEk, eta urtean 30.000 heriotza inguru eragiten dituela. Malnutrizioarekin eta baliabide eskasiarekin lotutako eritasuna da askotan; sukarra, anemia eta argaltzea dira sintomak. Trata eta senda daiteke, baina garaiz atzemanez gero. Amerikan, Asia hegoaldean eta erdialdean, mendebaldeko Afrikan eta Mediterraneo inguruko hainbat tokitan dago. Eritasuna izateko arriskua apaltze aldera, neurri egokiak hartu behar dira eltxoaren ziztada saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.