Itsasozko altzariak

2050ean arrain bezainbat plastiko bilduko dituzte ozeanoek. Hori gerta ez dadin, itsasoan bildu plastikoez eta belaontzien bela baliogabeez altzari berriak egiten dituzte. Argi bada ere plastikoaren ekoizpena murriztean dela benetako gakoa.

Ekonomia zirkularra. Itsasoak eman belak Nafarroan osoki bertzelakotzen dituzte. DVELAS.
Ainize Madariaga
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Zer plastikoa baino etsai handiagorik urarendako? Iragazkortasunaren berme fidagarriagorik? Alta, itsasoak iraungitze eperik ez badu, plastikoak bai. Baina epe hori, erabilpenari begira da, zeren eta, berez, nekez husten baititu lekuak plastikoak. Begi hutsez ikusten ez bada ere, plastikoak irentsita daude bazterrak oro. Eta, uraren arerio den aldetik, gizakiarena ere behar luke, urik gabe ez baitu bizitzerik.

Hala ere, egun guziez, usuenik, haren apairu bakoitzak badu erabilera bakarreko plastikoarekin zerikusirik. Planetaren zakarrontzia ere plastikozkoa bilakatzen ari da: itsasoa.

Ur azalean egoten diren plastikozko poltsen bizi itxaropena 400 urte artekoa izan daiteke, ur botilarena, 100 eta 1.000 urte artekoa, zeina minutuero milioi bat kontsumitzen baita. Kalkulatzen da 269.000 tona plastikok hartzen dutela munduko ozeanoen gainazala, zolan dagoena kontuan hartu gabe. Haatik, kopuru hori ez da geldirik baratzen: urtero 8.000.000 tona plastiko gehiago jaurtikitzen baitira ozeanoetara, hots, zabor kamioi bat osorik minutuero, edo, Lurra lau aldiz inguratzeko materia doia.

Nazio Batuen erakundeko datuok ez dukete Zumetaren obra bizi nahiz atseginik tindatzeko ahalmenik.

Haatik, Lurraren amoreagatik itsaso-zaborrontzia husteaz gain, bertan bildutako plastikoei bigarren bizitza bat ematen entseatzen ari dira batzuk: altzariak egiteko, hain zuzen ere. Batetik, Nafarroako Dvelas enpresa, eta,bertzetik, Lapurdi kostako Resak elkartea, bidea egiten ari baita.

Lau donostiarrez bat, galto berak altxatu zuen Dvelas enpresa koadrupedoa: itsas belaontzien belen hondakinak zer bilakatzen dira? Hondakin industrialetara jaurtikitzen dituztela jakin zutelarik buruari eragin zioten. Arraitz Koch Dvelas enpresako komunikazio eta diseinu arduraduna da: «Lasterketetarako egoera oso onean behar dute belaontzien haize oihalek, deformatua direnean ez baitute gehiago balio, ezin baitute gehiago abiadurarik hartu. Berriez ordeztean, zaharrak oso oihal puska handiak direnez inori ez zaizkio interesa, metatzen zaizkie». Preseski, Iruñeko Casinoaren berritze lanak egitea egokitu zitzaion bere adiskide arkitektoari, eta hortik abiatu zen dena: «Behean belaontzien oihalez eginiko pufak ezarriko ditugu». 2009az geroztik bide egin du lantaldeak. Honezkero, pufez gain, barne nahiz kanpoko aulkiak, etzaulkiak, mahaiak eta eki oihalek eman diete bigarren ufakoa kutsatzera kondenatuak ziren belaontzien oihalei. Izan ere, ez da nolanahiko ehuna; izugarri gai indartsua dela azpimarratu du Kochek; aro aldartetsuari egokitu behar zaiolako. Horregatik, materiaren sendotasunak ematen die parada kanpoko altzarien ekoizteko. Mahaietarako, konparazione, ogitartekoak bezala, oihala bi erretxina geruzen artean biltzen dute, gainazal gogorra kausitzeko gisan.

Zikina ikuzteko makina

Bigarren erabilerarekin aski ez, Dvelas enpresak itzal handiko proiektua du esku artean: eki oihal iraultzaileak. Hala, itzala emateaz gain, gauez argitzen dute; eki plaka malguek kargatzen dituzten led anpoila bidez. Eta, Nafarroako Lurederra teknologia zentroak ekoizten duen asmakuntza bati esker, eki oihal horiek airea garbituko dute: landareen fotosintesiaren printzipio bera. Haren lana bi aldiz ekologikoa da; belak berrerabiltzen dituztelako, baina, gainera, ekoizten dutena iraunkorra delako. Ekonomia zirkularrari leial, Nafarroako tailerrekin egiten du lan bortz langileko enpresak, hasmentatik bururaino. «Gure diseinu guztiek badute trazabilitate etiketa: itsasontziaren izena, zein kaitan bildu den, belaren jatorrizko data... Itsasoak badu konnotazio emozional azkarra, denok dugu lotura politen bat berarekin. Historikoki ere badu indarra: gure aulki bat hartzean erran dezakezu: 'kadira hau egina da delako barku horren oihalez'. Historia duten altzariak dira», azaldu du Kochek. Josturak sigi-saga koloretsuek marrazten dituzte, eta oihalak beraien baitatik mintzo dira; matrikulak, markak edo txapelketen publizitate herexen bidez.

Trazabilitaterik gabe, baina trazu trebeek diseinatua dute jada Lapurdiko Resak elkartearen proiektua. Precious Plastic mugimenduko kide izatetik abiatu zen elkartea. Itxialdiak itxaronarazi die ideiaren gauzatzea: banku eta argiztapen publikoak, hiri altzariak, taulak, apalategiak, loreontziak, bai eta skate taulak ere.

Antoine Bouchereau elkarteko produktuen diseinatzaile ingeniariak gogo bizia du konfinamendutik landa abiatutako bideari akabantza emateko, eta esku artean ukaiteko produktu bururatua: itsasoan bildutako plastikoetatik sortutako altzariak: «Euskal Herri eder hau sano atxiki nahi dugu. Altzari sorta bat eskainiko diegu partikularrei nahiz elkargoei, zeinak diseinu interesgarria baitu eta iraunkorra baita. Marmolaren efektua lortu dugu». Horretarako, diru bilketa antolatu zuen elkarteak iaz, eta helburua ere lortu. Horri esker, plastika birrintzeko, injektatzeko, estrusiorako eta konprimatzeko lau makina egin ditu Miarritzeko (Lapurdi) Miladi hondartzatik hurbil duen tailerrean.

Manex Lanatua poetak idatzi zuen Gizonaren eskuan olerkia Kilim Okabeko gauak liburuan (1987, Maiatz): «Liliak beti ximeltzen dira gizonaren eskuan. Eztena lirudike duela erien artean. Hargatik liliez baino hobe pindar inozente batez erretzea». Eskuei eztena zenbait ken liezaieke Resak elkarteak, bildutako plastikoa lumatan birrindu, urtarazi eta moldeetan sartu ondoren nahi den forma emanez, zaborra bizi-ekarle eginez. Mementoz, plastikoak birrindurik lumatan ezarri dituzte, eta hor daude, itxialdia noiz bukatuko den igurika, moldeetan sartzeko.

Uholdeari iturria hets

Proiektu itxaropentsuak, ordea, ez ditu plastikoaren desmasiak oro sendatzen. SPI amerikar kode sistemak plastikoa sei taldetan sailkatu du. Bouchereauk dio berez denak direla birziklagarriak, «Baina, gaur egun, horietarik lehena da bakarra osoki egiten: PET izenekoa: ur botilena, hots. Gainerakoak ez dira egiten, edo arras guti, ez baita errentagarria horren lortzeko prozesua. Gehienak erraustuak edo lurperatuak dira. Kontra egiteko, guk sailkapenaren lau, bortz eta seigarrenak ditugu birziklatzen». Hots: botila tapak, xanpu eta kosmetika ontziak, tuperrak, erosketa poltsak, erabilera bakarreko jan tresnak...». Ingeniariak azpimarratu du beraien helburua dela sentsibilizazio eta ateleria bidezko birbaloratzea, ororen buru, «plastikoaren kontsumoa bera errotik murriztu eta erabilera bakarreko kontsumoa aldatzeko».

Sabina Hourcade oraintsu arte Surfrider fundazioko diseinatzailea gogaide da Bouchereaurekin: «Plastikoari bigarren bizia ematea bikaina da, baina ez du kentzen kutsadura ttipitu nahi badugu, erabilera bakarreko plastikoen kontsumoa murriztu beharko dugula. Gaur eguneko ekoizpen industrialaren prozesua lineala baita: ekoiztu, saldu eta bota. Horregatik, gogoetaren gakoa hau da: nola egin hondakinik ez sortzeko? Izan ere, ez da Europako plastikoen %30a baizik birziklatzen». Arraun egin zure planetaren alde dokumentala argitaratu du berriki. Elkarrizketatu zuen surflari beteranoaren hitzak ekarri ditu: «Gaztetan marea behean zenean trikuetan sartzen nituen oinak. Orain, plastikoan».

Hourcadek azpimarratu du plastikoa ez dela inoiz desagertzen: «Zatikatzen da, eta mikropartikuletan irauten du, beirazko perlen antza hartuz. Inguramena haiez josia da. Kontzientzia hartu, eta kontsumo jarrerak aldatu behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.