Gasteizko ez-jaiak

Egun handia, formatu txikian

Abuztuaren 5a egun handia da gasteiztarrentzat, eta aurten ere ez da ospakizunik falta izan. Herritar ugari bildu dira Andre Maria Zuriari gorazarre egitera, eta poliziak ingurua zaindu du. Txandaka izan dute San Migeleko balkoira igotzeko aukera. Fededunek ilara luzea egin dute mezatara sartzeko.

Blusaz jantzitako mutil batzuk, Andre Maria Zuriari loreak eskaintzen; aurten, ohiko eskailerarik gabe. RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Egun handia izan ohi da abuztuaren 5a Gasteizen; Andre Maria Zuriaren jaietako egunik garrantzitsuena da. Goizeko hamarretan, ordea, ohiko egun bat dirudi; are gehiago, normalean baino jende gutxiago dabil kalean; jairik ezean, askok oporretara alde egitea erabaki baitute. Lovaina inguruan, familia bat maletak autora sartzen ari da, eta, Probintzia plazan, gizon bat dago goizeko lasaitasunean gosaltzen. Errepideetan ere nabari da lasaitasun hori; hirian bertan aparkatzeko arazorik ez izatea da horren erakusgarri. Hala ere, badira egun arrunta ez dela susmarazten duten zenbait zantzu, batez ere, Andre Maria Zuriaren plazaren inguruan dagoen mugimenduan suma daitekeen jai giroagatik. Izan ere, izan da blusen eta nesken jantziekin atera denik, edota zapi gorriarekin edo txuri-urdinarekin jaiei keinu egin nahi izan dienik. Gutxi batzuk izan dira, halere. Bai, baina ez. Halako eguna izan da Gasteizen.

Jaiak bertan behera geratu badira ere, ospakizun erlijiosoak, ez. Abuztuaren 5a Andre Maria Zuriaren eguna baita, festa egon edo ez. Hori horrela, fededunek ez diote urteroko ekitaldi handiari muzin egin, eta 10:00etarako ilara luzea dago San Migel elizaren inguruan. Elizako sarrera nagusia itxita dago, eta Poliziak erabat hartua du ingurua, segurtasun neurriak bermatzeko. Bada, elizara balkoiaren azpiko ate batetik sartu dira. Bertara lehen orduan sartzen direnak banan-banan zenbatzen ari da Polizia. Mezaren hasiera iragartzen duten kanpaiak entzun dira plaza osoan, eta 10:30etik minutu gutxi igaro direla sartu da azken fededuna; momentu horretan, Edukiera Beteta kartela eskegi dute atean. Bost minutu berandu heldu da gizon bat, makila zahar batez lagunduta, baina kanpoan geratu behar izan du.

Urtero, abuztuaren 5ean, blusek eta neskek lore eskaintza egiten diote Andre Maria Zuriari, baina, aurten, udalaren erabakiarekin bat egin, eta elkarteak ez du ekitaldi ofizialik antolatu. Hala ere, askok aurretiaz esana zuten hiriko zaindariari gorazarre egitera joango zirela, eta, haren irudiaren inguruan jende gehiegi elkartu ez dadin, Poliziak inguru guztia hartu du. Goizean goizetik, jende ugari bildu da bertara: arropa arruntaz jantzita batzuk, eta blusa eta neska jantzita beste batzuk; familian zein lagunartean. Poliziak hamar pertsonako taldeak baimendu ditu bakarrik, eta hamar minutuko tartea eman dio bakoitzari. San Migel elizako eskaileratik izan dute balkoira igotzeko sarbidea, eta Aihotz plazatik irteera. Asko izan dira argazkia ateratzera igo direnak. Bilobarekin eta maskara daraman berunezko Zeledonekin paratu da Blanca Alonso, semeak argazkia atera diezaion. Gero, loreak utzi ditu elizako atean. «Urtero etortzen naiz loreak uztera, baina, normalean, barruan uzten ditut. Aurten, ordea, dagoen ilararekin ezin izango naiz sartu; beraz, kanpoan utzi behar».

Atorrak eta gonak, plazan

Goiza aurrera joan ahala, plaza betetzen hasi da, eta ilarak sortu dira balkoira igotzeko. Blusaz eta neskaz jantzitakoak ere plazara agertu dira pixkanaka. Udalak jaietarako arropa ez janzteko gomendatu die herritarrei, festa giroa ez sortzeko. Hala ere, batzuek urteroko ohiturei jarraitzea erabaki dute. Atorrarekin eta larruzko abarkekin pauso arinak emanez dabil Javier Fernandez. «Blusa eta neska gisa hainbeste urte daramagunontzat oso sentimendu berezia da gaurkoa, eta erantzukizunez jokatu behar dugun arren, garrantzitsua da guretzat jantzita ateratzea». Hala iritzi dio ere Alaitz Justok ez du esan zein kuadrillatakoa den—, eta uste du bereizi egin behar direla jantziaren eta festaren mezuak: «Iruditzen zaigu trajeak ez duela jendearen jarrera egiten. Beraz, trajea jantzita eredu ona ematen badugu, herritarrek horri jarraituko diote».

Eguerdia hurbildu ahala, blusa eta neska kuadrilla gehiago elkartzen hasi dira plazan. Banan-banan, balkoira igo eta, txistulariek lagunduta, aurreskua dantzatu dute, loreak uztearekin batera. Bitartean, herritar ugari balkoiaren beheko aldetik begiratzen ari dira, tradizioaren bertsio txikiago bat ikusteko esperantzarekin. Tarteka, «Gora Andre Maria Zuriaren jaiak!» eta «Gora Gasteizko jaiak!» oihuak entzun daitezke plazaren beheko aldetik, tantaka-tantaka, Andre Maria Zuriaren irudiari gorazarre egiten ari zaizkionen artean.

Ohiko jairik ez

Lore eskaintza bezala, jaiak ere formatu txikian ospatuko dituzte. Itziar Martinez Zoroak kuadrillako kidea da, eta adierazi du ezohiko astea modu berezian ospatzeko planak egin dituela: «Egun batzuetan, lagunekin aterako naiz, eta bazkari bat edo beste ere egingo dugu, talde txikian eta arduraz jokatuta, betiere». Hori bai, nabarmendu du jaietako jantzia soinean eramango duela aste guztian zehar: «Bakoitza bere trajearekin irtengo da, baina erantzukizunez jokatzeko deialdia egin dugu, kuadrillan ez irteteko eskatuz».

Endika Saez de Adana, berriz, Txirrita kuadrillako kidea da, eta uste du blusek eta neskek, oro har, argi dutela aurten eduki beharreko jarrera: «Uste dut guztiok arduraz jokatu behar dugula, eta hori nahiko barneratuta daukagu». Oraindik ez daki jaietan zer egingo duen, baina zerbait argi du: «Aurten jaietarako asmorik ez daukat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.