Bidasoa 17-21 Bartzelona

Hortzak erakutsi dizkio

Defentsako lan oso onari eta Lledo atezainaren geldituei esker, Bidasoa Bartzelona mendean hartzeko zorian egon da

Bidasoko Iker Serrano, jaurtiketa bat egiten, atzoko partidan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Bidasoa. Xoan, Zabala (3), Serrano (1), De la Salud (3), Rodrigo Salinas, Tesoriere, Seri (1)—hasierako zazpikoa—; Rangel, Cavero (1), Aldaba, Odriozola, Esteban Salinas (2), Barthe, Renaud (1, p.) eta Azkue (5).

Bartzelona. Moller, Gomez (4, 2 p.), Thiagus (1p.), Mem (5), Ilic (1), Palmarsson (2), Fabregas (1) —hasierako zazpikoa—; Perez de Vargas, Tomas , Entrerrios (1), Andersson, Ariño,Siprzak (3), Dolenec (1) eta Duarte (1).

Markagailua. 1-2, 2-4, 3-5, 5-6, 8-7, 9-9—atsedenaldian— 9-11,10-13, 12-14, 13-17, 15-19 eta 17-21

Epaileak. Garcia Mosquera eta Rodriguez Rodriguez. Bi minutuz kanporatuak: Bidasoko Tesoriere eta Barthe; eta Bartzelonako Petrus.

Bestelakoak. Denboraldiko ikusle kopururik handiena bildu da Artalekun, bigarren aldizsarrera guztiak saldu egin baitira. 1.707 zale izan dira norgehiagoka ikusten.

Bidasoak ez zuen oso urruti izan atzo, Artalekun, Bartzelona ahalguztiduna mendean hartzeko balentria. Defentsako lan oso onari esker, Jacobo Cuetararen taldeak50 minutuz eutsi zion Kataluniako taldeari. Pilatutako nekeak eta erasoan horren fin ez aritzeak,ordea, ez zioten utzi egindako lan ona garaipen batekin biribiltzen azken hamar minutuetan. Porrotak beti dira kolpea, baina atzo Bidasoak berretsi zuen bigarren postuan badago zerbaitegatik dagoela.

Partida baino lehen jokalariek eta Jacobo Cuetara entrenatzaileak argi zuten irabazteko aukeraren bat izateko gol gutxiko norgehiagoka izan behar zuela, eta lortu zuten. Bartzelonak 40 gol sartu ditu batez beste partidako, eta atzo ia erdiak baino ez zituen sartu: 21. Talde gutxiren esku dago halako zerbait lortzea.

Bidasoak partida hasieratik jakin zuen Bartzelonaren eraso emaria geratzen. Bi izan ziren horretarako gakoak: batetik, Bartzelonari kontraerasoan ateratzen ez uztea, eta, bestetik, Lledo atezainaren partida bikaina. 36 baloitik hamasei geratu zituen; tartean, bi penalti. Hori kontuan hartuta, lehen zatian Bartzelona geldikako erasoan ahalegindu zen abantaila lortzen, bere jaurtitzaileen ahalmen fisikoa bailatuz. Baina hor ere deseroso aritu zen, laguntza oso on batzuei esker ondo eutsi baitzion Bidasoak.

Pena izan zen Irungoak erasoan oso fin aritu ez izana: bizkor jokatzearen ondorioz, hainbat gol aukera garbitan huts egin, eta pare bat baloi inozo galdu zituzten. Moller atezainaren lana ere azpimarratzekoa izan zen. Zazpi minutu eman zituen Jacobo Cuetararen taldeak golik sartu gabe aurreneko 30 minutuetan. Baina, hala ere, aurretik ere egon zen:8-7 (25. minutuan).

Atsedenaldira bederatzina ailegatu ziren. Baina bigarren zatiko lehen bost minutuetan 3-0eko partziala lortu zuten bisitariek, eta 12-9 jarri ziren aurretik, partidako errentarik handiena ordu arte. Hor hasi zen Bartzelona partida bere alde jartzen. Nekearen ondorioz, Bidasoak defentsan egin zituen laguntzak ez ziren hain eraginkorrak izan, eta, bost minutu falta zirela, 14-19 ziren aurretik bisitariak. Dena den, burua tente amaitu zuten Bidasoko jokalariek eta zaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.