PLAN BAT MARIJAIAREKIN. Amaia Artetxe. Kazetaria

«Txupinazoa zuzenean kontatu nahi nuke irratian»

Aste Nagusiko asteburuetan Areatzan batzen den jendetza ez zaio asko gustatzen Artetxeri. Konpartsakideek goizean sortzen duten giroa jarri du txanponaren beste aldean: itzela dela dio.

Zihara Jainaga Larrinaga.
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Aste Nagusian Bilboko Areatza ertz batetik bestera betetzen duten txosnetan eta konpartsetan ibiltzea atsegin du Amaia Artetxe kazetariak (Bermeo, Bizkaia, 1984). Kalean gozatzen ditu jaiak gehien. Halaber, gaueko girotik goizera Bilbok ordu gutxian izaten duen itxuraldaketa azpimarratu du: «Eraldatze hori ikustea asko gustatzen zait».

Nola ibiltzen zara Bilboko Aste Nagusian?

Nire jomuga asteburuetan egoten da. Orain arte, normalean, Aste Nagusian lan egitea egokitu izan zait, eta, horregatik, parranda egiteko aukera gutxi izaten dudanez, asteburuari begira egoten naiz, normalean. Asteburuetan kontzerturen bat badago, horietara joan eta gero gauez parranda egiteko aprobetxatzen dut. Hori izaten dut urteroko plan nagusia.

Zer gomendatuko zenioke sekula Aste Nagusian egon ez den norbaiti?

Inongo zalantzarik, gabe txosnagunera joatea gomendatuko nioke. Bertan murgildu, usaindu, ito dadila, eta festa bere osotasunean sentitu dezala. Kanpotik jendea datorrenean, asko harritzen dira konpartsen muntatzearekin. Gertatu izan zait inoiz Bilboko Aste Nagusian egon gabeko lagunak etorri eta txosnak eta jendetza ikustean zur eta lur gelditzea.

Gauetan txosnen inguruan biltzen den jendetzarekin ondo moldatzen zara?

Egia esan, ez. Masifikazioa da Aste Nagusitik gutxien gustatzen zaidana. Eta askotan horrek atzera bota izan gaitu Bilbora joan edo ez erabakitzeko orduan. Baina, era beran, saihestu ezin daitekeen zerbait dela iruditzen zait. Azken finean, norberak aurkitzen duen egoera bat da, asteburuetan batzen baita jende gehiena. Hala ere, egia da aste barruan lan egiten dugunok ez dugula beste aukerarik.

Askok uste dute Aste Nagusia gauez soilik goza daitekeela.

Nik ere hala uste nuen, baina duela zenbait urte goizez etorri ginen kuadrillako lagunok, eta txosnaguneko goizeko giroak asko harritu gintuen. Hor konturatu nintzen txosnetan gauez ez ezik goizez ere badagoela non entretenitua. Gazteok, oro har, gauera begira bizi gara, baina adinean aurrera goaz denok, eta beste plan batzuk ere aurkitu behar ditugu.

Zerbaitek harritu al zintuen bereziki goizeko giroan?

Beti esan izan da Bilboko Aste Nagusia parte hartzailea dela. Kazetaria izanik, noizbait tokatu izan zaitgoizetan Areatzan gertatzen denaren berri ematea, eta nire begiekin ikusi ahal izan dut konpartsek egun osoan duten erabateko inplikazioa, eta hori miresgarria iruditzen zait. Horrez gain, herritarrekin hitz eginez, lanean jaietako sekretu asko deskubritu ditut. Are gehiago, gastronomia lehiaketetan aditua egin naiz ia.

Kazetaria izanik, zer gustatuko litzaizuke Aste Nagusian kontatu ahal izatea?

Txupinazoaren momentua zuzenean ematea gustatuko litzaidake. Kontatzeko polita izango dela iruditzen zait. Pregoiak urtero ikusmin handia sortzen du: zer esango duen, nolakoa izango den. Beste herri batzuetako pregoiekin alderatuz, Bilbokoari beste maila bat eskatzen zaio; are gehiago, eskakizun maila urtero handituz doa, baita guztion ikusmina ere.

Herrietako eta hirietako jaien artean aukeratu beharko bazenu, zeintzuk dituzu nahiago?

Bermeotarra naiz; Bilborekin alderatuz, herri txiki batekoa. Azken urteotan, herrietan asko jaitsi da parte hartzea, eta kostatzen ari da berriz ere herri giro hori berreskuratzea. Bilboren moduko hiri batean herriak duela 40 urte sorturiko festak bizirik mantentzea izugarria iruditzen zait. Konpartsakideen mugimendua da horren guztiaren kausa.

Zer eskatuko zenioke Marijaiari?

Marijaiari txosnen inguruan komun erraldoiak jartzeko eskatuko nioke, bera ere emakumezkoa izanda ulertuko nau eta. Horrez gain, makila magiko batekin, eraso sexistarik gabeko giro bat nagusitzea eta nesken eta mutilen arteko sexismo mezuak desagertzea ere eskatuko nioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.