Martin Agirregabiria. Alaveseko jokalaria

«Ororen gainetik, ausartak izatea nahi du Mendilibarrek»

Alavesek Realarekin berdindu zuen Mendilibarren debutean, eta Agirregabiriak uste du «abiapuntu ona» izan zela. Haatik, ez dago pozik lehen itzulian taldeak egindako lanarekin: «Ez gara erregularrak izan».

DAVID AGUILAR / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Duela lau sasoi iritsi zen Alaveseko lehen taldera Martin Agirregabiria (Gasteiz, Araba, 1996). Bada, hamar entrenatzaile izan ditu geroztik, eta Mendilibar da zerrendara gehitu den azkena. Teknikari berriaren komunikazio gaitasuna eta esperientzia goratu ditu harrobikoak, eta azaldu aurrera begirako jokoa egin nahi dutela.

COVID-19 kasu positiboen oldea nabaritzen ari zarete talderik gehienak. Nolakoa da halako baldintzetan lan egitea?

Gizarte osoarentzat zaila egiten ari da, eta gu ez gaude salbuetsita. Realaren kontra, adibidez, lehen taldeko atezainik gabe aritu ginen, biek positibo eman zutelako. Jesusek [Jesus Owono, Alaves B-ko atezaina] jokatu zuen, baita ondo jokatu ere.

Lehen itzuliko azken neurketa izan zen, eta Mendilibarren aroko lehena. Zer sentipen utzi zizkizuen berdinketak?

Beti da seinale ona Realaren kontra puntu bat lortzea. Ligako lau talderik onenen artean dagoela uste dut nik, eta aurre egin genion. Hasiera ona izan zen entrenatzaile berriarentzat. Pozik gaude.

Jaitsiera postuetan iritsi zarete lanen erdietara. Zergatik zaudete hor behean?

Ez gara erregularrak izan. Oso garrantzitsua da gorabehera handirik ez izatea, baina baita zaila ere, eta guri kosta egin zaigu. Batzuetan esku hutsik gelditu gara ongi jokatu arren. Zelaiaren bi muturretan asmatzea falta izan zaigu maiz, eta badakigu partidak hor erabakitzen direla. Ez gaude gustura orain arte egin dugunarekin, eta bigarren itzulian bestelako itxura ematen saiatuko gara.

Egoera honetara iritsita, beharrezkoa zen teknikari aldaketa, ala Callejarekin ere susper zintezketen?

Erabaki horiek klubak hartzen ditu, baina jokalariontzat beti da gogorra entrenatzailez aldatzea, esan nahi baitu gure lana ez garela zuzen egiten ari. Aldaketa gertatzen denean, entrenatzaile berriari ahalik eta erraztasun gehien eman behar zaio, eta horretan gabiltza. Jarrera bikaina da jokalarion aldetik, eta ziur gaude helburua lortuko dugula.

Entrenatzailea behin eta berriz aldatu duzue azken sasoietan. Ez al da oso nahasgarria zuentzat, jokamoldeari dagokionez?

Ez da erraza, teknikari bakoitzak ikuskera bat duelako, eta tresna ezberdinak erabiltzen dituelako. Horretara ere moldatu beharra dago; ez zaigu besterik gelditzen. Behintzat, taldea gorenean mantentzea lortu dugu azken urteetan, guztion ahaleginari esker.

Iaz, Callejari esker lortu zenuten salbazioa. Zer aldatu da denboraldi honetan?

Egia da puntu asko lortu genituela Calleja iritsi zenean. Zertarako gai den erakutsi zuen taldeak. Gero, denboraldiaurre ona egin genuen, eta uste genuen bide beretik jarraituko genuela. Ordea, oso txarrak izan ziren liga hasierako emaitzak. Gero bolada ona izan genuen, baina ezin izan genion eutsi, eta urtea gaizki bukatu dugu. Callejarengan sinesten jarraitu dugu, baina emaitzak ez dira iritsi.

Nolakoak izan dira Mendilibarren esanetara eman dituzuen lehenengo bi asteak?

Bizitasun handikoak. Beti dago jokalarion gainean, behin eta berriz dugun onena emateko eskatzen. Hori oso ona da guretzat, ikasteko eta jokalari gisa garatzeko aukera ematen baitigu. Talde ausarta izatea da haren helburu nagusia.

Erretxintzat jotzen dute askok Mendilibar. Garrasi asko egin dizue orain arte, ala oraindik ez du jenioa atera?

Batzuetan atera du, bai [barrezka]. Komunikatzeko era asko dago, eta uste dut alor horretan Mendilibar entrenatzaile trebea dela. Bere mezua oso modu argian igortzen du. Gainera, batzuetan ongi dator jokalarioi deiadar egitea, arreta manten dezagun. Ororen gainetik, ausartak izatea nahi du, eta, hori lortzeko, garrantzi handia ematen dio entrenamenduetan egiten dugunari, hori baita gero asteburuan islatzen dena.

Azkar hasi zarete kontzeptu berriak barneratzen; Reala goian estutu zenuten, eta haren zelaian jokatzen saiatu zineten.

Pozik gaude, gai izan ginelako teknikariak eskatutakoa zelaian erakusteko. Eta emaitza ere baikorra izan zen; beraz, abiapuntu ona da. Orain, entrenatzailearen kontzeptuak xurgatzen jarraitu behar dugu, talde gisa sendotu eta garaipenak lortzen hasteko.

Entrenatzaileak ausardia eskatzea behar zenuten?

Callejak ere konfiantza ematen zigun ausartak izan gintezen, baina badakigu futbola nolakoa den, eta emaitzek asko baldintzatu gaituzte. Nahiz eta azkeneko emaitzak txarrak izan, uste dut lan ona egin genuela Callejarekin, eta haren asmoak egokiak zirela. Orain, estilo aldetik, ez dut uste hausturarik izango denik. Aldaketa ez da hainbestekoa. Gainera, Mendilibarrek abantaila bat du: eskarmentu handia du Lehen Mailan. Hori lagungarria izan dakiguke. Gauden egoeran egonik, denari heldu behar zaio.

Jokalari berriak ekartzeko aukerari ere bai. Oraingoz, Jason eta Escalante iritsi dira, eta eskuin hegalerako ere norbait fitxatu nahi dute. Mehatxu gisa ikusten duzu?

Ez, uste dut lehiakortasuna onuragarria dela. Ximok min hartu ondoren, bakarrik gelditu naiz defentsako eskuin hegalean, eta normala da klubak postua indartu nahi izatea. Normalena postu bakoitzerako bi edo hiru jokalari egotea da.

Ordezko gisa hasi zenuen sasoia, baina, halabeharrez, finko bihurtu zara hamaikakoan. Pozik zaude orain arte egin duzun lanarekin?

Partida onak jokatu ditut, baina, taldeak zer emaitza izan dituen ikusita, ezin naiteke pozik egon. Gorabeherak izan ditut, taldeak bezalaxe. Gogor ari naiz lan egiten, entrenatzaile berriari hamaikakoan jarraitzea merezi dudala erakusteko.

Bosgarren denboraldia duzu Alavesen lehen taldean. Denbora airean igarotzen da, ezta?

Ongi esan duzu, bai, oso azkar pasatzen da, eta are azkarrago futbolean. Denborarik ez dago egindakoari erreparatu eta balioa emateko. Egunerokoan oso murgilduta egoten gara, batez ere emaitzak txarrak direnean, baina erlatibizatzeko gaitasuna izatea ere ona da.

Manu Garcia irten ondotik, harrobiko ikur nagusia bihurtu zara lehen taldean. Ardura hori nola bizi duzu?

Harrobiko gutxi iristen dira talde nagusira, eta lasaitasunez eta harrotasunez bizi dut. Etxekoa izateak beti ematen dizu beste puntu bat zelaian.

Bihar Athletic hartuko duzue Mendizorrotzan. Nolako partida espero duzu?

Partida gogorra, Realaren kontrako derbiaren antzera. Uste dut bi talde sendo ikusiko ditugula, eta funtsezkoa izango da atzean nahiz aurrean eraginkorrak izatea. Athleticek arazoak zituen golak egiteko, baina sasoi oso onean iritsiko da Mendizorrotzara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.