Ez dira horren txikiak

Selekzio apalak txukun jokatzen ari dira Ingalaterrako eta Galesko Munduko Kopan. Hala ere, falta zaie oraindik indartsuenekin txapelketa batean nor gehiago aritzeko

Eneritz Zabaleta.
2015eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Lurrikara bat izan zen. Munduko Kopako bigarren egunean, Japoniak sekulako ezustea eman zuen Hegoafrikari 32-34 irabazita. Ordura arte, Munduko Kopan astindu handiena jasotzeagatik zen ospetsu Japonia — 145-17 galdu zuen Zeelanda Berriaren aurka 1995ean—. Hemendik aitzina, urte hartako munduko txapeldunei irabazteagatik ere utziko dute arrastoa errugbiaren historian.

Japoniarren garaipenak Ingalaterran eta Galesen jokatzen ari den ekitaldi honetako joera bat baieztatu du: duela urte zenbait apalak ziren selekzioek ere ezusteak eman ditzakete. Neurri apalagoan, azpimarratu behar da Fijik zein estu hartu zituen Ingalaterra (35-11) eta Australia (28-13); Georgiak ere kolpea eman zion Tongari (10-17); eta Errumaniak ere ongi jardun zuen Frantzia eta Irlandaren aurka, eta Kanadak hurbil izan zuen Italiaren ezustean harrapatzea (23-18).

«Dagoeneko, talde guztiek antolakuntza ona dute. Selekzio handiek ez dute 80 punturen aldeaz irabazten. Partidaren bila joan behar dira irabazteko», azaldu du Thomas Lombard Frantziako selekzioko jokalari ohiak.

Hobekuntza horretan, baina, egiturazko arazo batzuk ere azaldu dira aurten. 1995ean errugbia profesionala bihurtu zenetik, selekzio guztiek indar egin dute profesionaltasunera egokitzeko. Baratxe-baratxe, jokoa eta egiturak profesionalizatzen ari dira. Dagoeneko, gutxienekoa dira afizionatuz bakarrik osatutako selekzioak. Uruguai eta Namibia dira salbuespenak.

Baina, Munduko Kopako bigarren jardunaldiak argi utzi du datu bat: selekzio txikiek partida batean handiak estu hartzeko gaitasuna dute, baina kosta egiten zaie mailari eustea. Japoniak, adibidez, Hegoafrika mendean hartu eta gero aise galdu zuen Eskoziaren aurka (45-10). Georgiak ere, Argentinaren zigorra jasan zuen (54-9).

Goi mailako lehia gutxi

Zailtasun horiek azaltzeko, egutegiari begiratu behar zaio. 2011n gertatu zen bezala, ekitaldi honetan ere selekzio handiek txikiek baino atseden handiagoa izanen dute partiden artean. Telebista kateek eragindakoa da desabantaila hori. Izan ere, kateek astebururako gorde nahi dituzte selekzio handien partidak, audientzia handiagoak lortzeko. Ondorioz, usu, selekzio handiek asteburutik asteburura jokatzen dute, eta aste osoan, selekzio txikiek.

Eta 2011n desabantaila are handiagoa izan zen; hala jardunaldi honetan antolatzaileek selekzio guztiak derrigortu dituzte partida bat, bederen, aste barruan jokatzera. Baina, selekzio handiek asteburuan jokatzen dituzte partida lehiakorrenak, eta aste osoan selekzio txikiak. Txikiek, berriz, goi mailako partidak bata bestearen atzetik jokatzen dituzte. Japoniak lau egun izan zituen Hegoafrika eta Eskoziaren arteko partiden artean. Errumaniak ere atseden bera izan zuen Frantzia eta Irlandaren aurkako partiden artean. Baldintza horietan, zaila da sorpresa ematea eta mailari eustea.

Horiek hala, nola segurtatu txikiek haien maila igotzea? Profesionaltasunaren bidea hartu zuenetik, unibertsaltasun bila dabil errugbia. Derrigor maila onean aritzeko gai diren selekzio gehiago behar ditu. Orain arte tradiziorik izan ez duten herrialdeetara zabaltzea izan du helburu. Gainera, lehiakide bat izanen du 2016etik aitzina, zazpinakako errugbia olinpiar kirola izango baita.

Konponbidea aski argia da. «Selekzio nagusien aurka gehiagotan lehiatu behar gara», dio Eddie Jones Japoniako hautatzaileak. Harekin ados dira Kanada, Errumania eta Georgiako hautatzaileak. «Ez da aski lau urtean behin goi mailako lehiak jokatzea. Ez dugu goi mailan aritzeko ohiturarik, eta hori nabari egiten da», aitortu du Kieran Crowley kanadarren entrenatzaileak.

Konponbide bat, goi mailako nazioarteko lehietan selekzio txikiei lekua egitea da. Japoniak, adibidez, liga profesional indartsua du. Zergatik ez Argentinak egiten duen moduan, Rugby Championship txapelketan aritu, Hegoafrika, Zeelanda Berria eta Australiarekin? Ipar amerikarrek —AEB eta Kanada— Argentinarekin lehia bat osatu nahi dute ere. Europan, berriz, irtenbidea Sei Nazioen torneoan jaitsiera eta igoera sistema bat plantan ematea izan daiteke. B multzoko selekzioko txapeldunak (Errusia, Georgia, Errumania…) A multzoan jokatuko luke. Pista batzuk baino ez dira, baina errugbiak erreforma behar du selekzio txikienei lekua egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.