Donostiako Aste Nagusia. BADIATIK

Aterki zuri bat piraten abordatzean

Beñat Gaztelumendi -

2018ko abuztuak 14
Aterki zuri bat ikusi nuen lehendabizi portuan, gurasoen sorbaldetan eseritako haurren begirada harrituen eta turisten argazki kamera bihurtutako mugikorren gainean dilindan zetorrena. Lurrera begira jarri eta zapata zuri batzuk bereizi nituen sandalia bustien artetik niganantz zetozenak, soineko zuriaren ertzekin estropezu ez egiteko ariketa miresgarrian. Nire parean jarri zenean altxa nituen begiak zapatetatik. Bera zen, bai. Maria Cristina, udak Donostian ematen zituen Espainiako erregina.

Hasieran asteburuko lo faltaren ondorio bat izan zitekeela pentsatu nuen. Edo Donostiako udako sargoriak baduela zerbait derrigor borboitarra, odol urdina Kontxako eguzki krema usainetan nahasten ez den garaiotan ere. Festak beti izan direlako boterea erakusteko leku, hasi herri txikietako santuen egunetako arropa garestietatik eta hiriburuetako Salbe, prozesio eta kanape dastaketetaraino. Baina ez. Bera zela esan zidan. Maria Cristina Habsburgo-Lorenakoa. Urtero etortzen omen da Abordatzera. Ni historia azaltzen hasi nintzaion: lehendabiziko Abordatzeko lau eroek Ulisesen Odisea berritu zutenetik azken urteotako jendetza eta arrakastara artekoa; zer den Donostia abordatzea kontatu nion, nor diren Piratak, zein den filosofia... Isiltzeko esan zidan, pelikuletan soilik ikusi izan dudan esku-goratze delikatu baten bidez. Ez zitzaion axola. Portuan eskuz egindako txalupa hauskorrak dilindan zebiltzan. Niri begiratu ere egin gabe ezpain ertzetik irribarre iheslari bat zeriola galdetu zidan: «Botereak zenbat urte behar dituela uste duzu iraultza folklore bilakatzeko? Laster gure Felipe etorriko da yatearekin. Ea ze petodun ausartzen den iltzerik ezin duela erabili esatera».

Eta etorri zen moduan aterki zuri bat desagertu zen Donostiako portuan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna