ana galarraga aiestaran
Zientzia. ARGI ALDIAN

Izozmendiaren benetako neurria

2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Litekeena da COVID-19az hildakoak icebergaren tontorra baino ez izatea. Hala adierazi dute nazioarteko osasungintzako arduradun batzuek, British Medical Journal medikuntzan espezializatutako aldizkarian. Haien esanetan, herrialde askotan, osasun zerbitzuek ezin izango zioten erantzun COVID-19aren kolpeari, infektatutakoen eta heriotzen kurba apaltzeko ezarri diren neurri zorrotz horiek gabe. Bereziki, konfinamendua SARS-CoV-2 birusaren transmisioa eteteko baliagarria izan dela frogatu da, baina, aldi berean, osasungintzako beste arlo batzuk bazter uztea ekarri du.

Jakina da icebergaren zatirik handiena urpean dagoela, eta, egileen ustez, urpean geratu da prebentzioko ohiko zaintza. Horrez gain, gero eta argiago dago heriotzetan izan den gorakada ez dela bakarrik birusak eragindakoa, baizik eta bihotzekoak eman edo beste gorabehera bat izan eta arta egokia jaso ez izanaren ondoriozkoa.

Sakonago begiratuta, familia barruko indarkeriak, estresak eta asaldura psikikoek eragindako kalteak aipatu dituzte. Eta haurrei eta gazteei ere eragin diela nabarmendu dute. Hain zuzen, «C belaunaldia» deitu diote belaunaldi gazteari, koronabirusaren krisiak epe luzean utziko dien arrastoa aintzat hartuta.

Eta, zenbat eta sakonago, orduan eta handiagoa izozmendiaren bolumena: ohartarazi dutenez, gainbehera ekonomikoak kalte handia egin die lehen ere zaurgarriak ziren pertsonei, eta bereizkeria eta bidegabekeria soziala areagotu ditu. Eta gogora ekarri dute pobrezia hainbat osasun arazorekin erlazionatzen dela, tartean, obesitatea, diabetesa eta hipertentsioa.

Denborak erakutsiko du zenbaterainokoa den icebergaren benetako neurria, baina ezinbestekoa da aurreikuspenak egitea, urtu ordez, handitu ez dadin. Pobretutako 129 herrialderen txertaketa kanpainak aztertu dituzte Osasunaren Mundu Erakundeak, Unicefek eta GAVI haurren txertoen itunak, eta ikusi dute erdietan etenak izan direla. Adibidez, 29 herrialdetan bertan behera utzi dituzte elgorriaren txertaketak, eta 38tan, polioarenak. Eta beldur dira kolerak, errotabirusak eta difteriak eragindako hildakoak ez ote diren izango COVID-19arenak baino gehiago.

Izozmendiaren geruzen artean, ondorio psikologikoena dago. Euskal Herriko Unibertsitateak, beste unibertsitate batzuekin batera, Espainian egindako ikerketak erakutsi du konfinamenduak nabarmen areagotu dituela herritarren ziurgabetasuna eta ondoez psikologikoa, batez ere COVID-19a izan badute edo gertuko norbaitek izan badu, edo lana galdu badute.

Gaixotzeko beldurra, maite duten norbait galtzekoa, depresioa, suminkortasuna eta haserrea piztu zaie hainbati, baina bada itxaropentsu atera denik ere. Nolanahi ere, izozmendiaren geruza hori azaleratzeaz gain, nola urtu ere proposatu dute txostenaren egileek. Hori izango da hemendik aurrerako lana, iceberg osoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.