BADIATIK

Errealitate paraleloak

Ana Iruretagoiena.
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Beti eman izan dit atentzioa jaien edo ekitaldi handien egunetan hiriaren leku nagusiak ez diren horietan egunerokotasunak duen zamak. Donostian, berdin-berdin gertatzen da Behobia-Donostia lasterketa dagoenean, Zinemaldia, Jazzaldia eta edonolako kultur aldiak daudenean eta, ziurrenik, bereziki, Aste Nagusian: Parte Zaharrean, Grosen eta Zentroan eguneroko bizitza eta errutina hankaz gora jartzen duten jaialdiek ez dute inolako eraginik inguruko auzoetan.

Heineken eszenatokiko burrunbak, hondartzetatik gertu dauden parkingen inguruetan atzerriko matrikuladun ibilgailuek sortutako tapoiak, Bulebarreko jendetzaren zarata edo Woody Allenen grabaketarako itxitako kale eta zubiak irudikatu baino ez dira egiten urte osoko bezero fidelak besterik ez dituzten Amara Berriko tabernetatik. Aste Nagusiko suek lortzen dute, soilik, bizilagunen txakurra aztoratzerainoko oihartzuna.

Argazki erromantikoa iruditzen zait, oso, egun jakin horietan norberarentzako zentroa diren ekitaldietara egin beharreko bidea normaltasunak irentsita duen auzoan barrena egitea: festak guztiontzat ez badira inorentzat ere ezin daitezkeela izan ozen aldarrikatzeko bidean bi ogi eta tipulak erosi berri dituen andrearekin gurutzatzea, ala oinetakoak zapatariarengana daramatzan gaztearekin. Bizikleta edo autobus bidaiak balio dit hausnartzeko zer errealitate paralelo bizi ditugun gure artean, auzo berean bizi garenok ere.

Eta déjà vu bat izan nuen asteazkenean, gauerdian, nazkatuta gaudela oihu egiteko erdi-inprobisatua sortu zen manifestazio jendetsu haren erdian. Zer mundu paralelotan bizi dira hiriko jaietan hamaika sexu eraso salatu diren egunean larritasunaren araberako erantzuna eman ordez jaietako egitarauarekin aurrera egin duten agintari eta herritarrak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.