Koloreei gorazarre

'Artea Oinez' erakusketa ireki dute Iruñeko Kondestablearen jauregian. Aurtengo aldiak omenaldia eginen dio Jose Luis Zumetari, bere «prestasunagatik» eta egindako ekarpenagatik

Iker Tubia.
Iruñea
2017ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Jose Luis Zumetaren artelan koloretsu bat dago Iruñeko Kondestablearen jauregian, lehenbiziko solairuko areto batean. Hura dago aretoaren buruan, eta eskulturak, grabatuak, argazkiak eta margolanak ditu inguruan. Zumetaren lanak haurrek egindakoen antzekoak ote diren galdetu du kazetari batek. «Ume baten espresioa dago, baina baita kritika gogorra eta haustura ere. Francoren erregimeneko artearen eta politikaren kontra erabili zuen espresionismo abstraktua [Zumetak]. Beraz, haustura eta umearen intuizio eta jolas hori daude», erantzun dio Josu Reparaz NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak.

Dagoeneko ateak ireki ditu Nafarroa Oinez bestaren barruan urtero antolatzen den egitasmoak: Artea Oinez. Hego Euskal Herriko 71 artistaren 72 lan bildu ditu: 21 eskultura, 9 argazki, 29 margo eta 12 grabatu. Artisten artean, asko ezagunak dira Artea Oinez-en: Jose Ignacio Agorreta, Nestor Basterretxea, Xabier Morras, Angela Moreno, Txaro Fontalba, Ana Mari Marin...

Aurtengo erakusketak emakume gehiagoren lanak dituela nabarmendu du Reparazek, baina, kopuruari erreparaturik, %30 baizik ez dira. Bestalde, aurten Lesakako (Nafarroa) Tantirumairu ikastolak antolatuko du ikastolen aldeko besta, eta, egitasmoan ohi dutenez, inguruko artistek toki nabarmena dute erakusketan. Horren lekuko Oaia Peruarena, Javier Igoa eta Juan Carlos Olaetxea artisten lanak, adibidez.

Artista bakoitzaren obra bat dago ikusgai, baina Zumetak bi koadro paratu ditu Kondestablearen jauregian, hura baita aurtengo omendua. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten erakusketa jendaurrean, eta han egin zioten omenalditxoa. Reparazek azaldu duenez, Zumetak «eskuzabal» eta «prestu» jokatu du Artea Oinez egitasmoarekin eta euskararekin, eta eskerrak eman nahi izan dizkiote horregatik. NIEko zuzendariak esan duenez, Zumeta prest agertu izan da haurrekin artea lantzeko, eta haurrek «ongi konektatzen dute» artistaren lengoai koloristarekin.

Baina omenaldia ez da horregatik bakarrik. Reparazek zehaztu du: «Kultura artistiko unibertsalari ere egindako ekarpena aitortzeko omenaldia bada, beti umiltasunez aritu delako Zumeta, benetakotasunez, eta askatasun artistiko betean». Izenbururik ez dute Zumetaren bi lanek; paper gaineko tenpera eta mihise gaineko olio pintura dira. Gainera, obra nagusia nola egin duen azaltzen duen bideoa ikus liteke han, Monika Zumeta alabak egina.

Lesakarren mezua

Zumetaren margolan horiek dira areto nagusiari kolorea ematen diotenak. «Kolorea ez da ezaugarri nagusia; hau da salbuespena, kolorea ematen diona». Bi aretotan banaturik dago erakusketa. Lehenbiziko aretoa da argitsuena, eta hor daude lanik «abangoardistenak» eta «garaikideenak», Reparazek azaldu duenez. Bigarrena intimoagoa da, eta horkoak dira «figuratiboenak».

Lesakako ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez bestaren mezuaren bueltan dator erakusketa. Amaia Lasheras ikastolako lehendakariak azaldu duenez, sei elementutan oinarrituko da aurtengo besta: memoria, sormena, transmisioa, burdina, industrializazioa eta harremanak. Beraz, horietan oinarritu dira erakusketa antolatzeko tenorean. Artea Oinez maiatzaren 6ra bitarte izanen da ikusgai Iruñean; ondoren, Lesakako kultur etxera lekualdatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.