Gorazarrea eredu «propioari»

Ikasturtea hasi dute ikastolek; hezkuntza legea egiteko «determinazioa» eskatu diote Jaurlaritzari

Tellitu eta Uriarte, atzo, ikastolen kartelaren atzean; inguruan, ikastoletako hainbat arduradun. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Azpeitia
2015eko irailaren 27a
00:00
Entzun
Ikastolek hasi dute ikasturte berria. Horretarako ekitaldi ofiziala atzo egin zuten, Azpeitian (Gipuzkoa), eta tokiaren aukeraketa bera, ikastolen hezkuntza eredu propioaren aldeko aldarrikapen argia izan zen, Azpeitiko Ikasberri ikastola 1990eko hamarkadan publifikazioari aurre eginez birsortu ziren zentroetako bat izan baitzen. Eta iraganeko urratsen gorazarrea egungo aldarrikapenekin lotu zuten; Eusko Jaurlaritzari egiten dizkioten eskariekin, bereziki. Ekitaldian zen Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, eta Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Koldo Tellituk, haren aurrean ozen kritikatu zuen hezkuntza legearen inguruko eztabaida oraindik ez dela abiatu. «Indar eta determinazio handiagoa ikusi nahiko genuke Hezkuntza Sailaren jardunean».

Garbi utzi zuen, halaber, Tellituk zein irizpide segitu beharko dituen, beren ustetan, lege horrek. «Gure ustez, argi geratu behar du lege horretan zer den hezkuntza zerbitzu publikoa. Bestalde, berriz, lege horrek euskaran ardaztutako eleaniztasuna bultzatu eta ziurtatu behar du. Gainera, ezinbestean, konpetentzietan oinarritutako euskal curriculuma bultzatu eta sustatu behar du». Bide horretan, «baliabide mailan» aurrera urratsak eskatu zituen ikastolek eraturiko sarearentzat, eta «aitortza», haren aburuz oraindik apalegia baita: «Horretan ere, gure espektatibak ez dira betetzen ari». Kezka azaldu zuen Heziberri 2020 egitasmoko esparru pedagogikoa ez delako garatu ere: «Oraintxe, guk dakigunez, duela urtebete bezala gaude; ez dugu ikusten markoa garatzeko egitasmorik». Bide berean, hizpide izan zuen Espainiako Gobernuak ezarritako hezkuntza erreforma, LOMCE, haren aurka irmo segitu behar dela oroitaraziz: «Erabat indargabetu arte».

Adostasunerako bidean

Cristina Uriartek esan zuen prest daudela hezkuntza legea egiteko eragileen hitza entzuteko, eta horretarako prozesua abian jarriko dutela, bileretarako deiak eginez. Onartu zuen bide malkarra espero dutela: «Ez da erraza izango». Ohartarazi zuen egingo den legeak «denontzat» izan behar duela, eta adostasunerako bidean ahalegina egin beharko dela. Bide batez, Jaurlaritzak LOMCEren kontrako jarrera argia duela berretsi zuen: «Arduraz eta inteligentziaz ari gara aurre egiten».

Nafarroako Gobernuko ordezkaririk ez zen joan atzo ikastolek antolatutako ekitaldira. Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendoza joan ezinik geratu zela azaldu zuten Ikastolen Elkarteko arduradunek. Nolanahi ere, Tellituk argi utzi zuen han izan den gobernu aldaketaren ondorioz, jarrera hobea espero dutela. «Aldaketa esanguratsuak espero ditugu hizkuntza eta hezkuntza politiketan; onerako aldaketak, noski». Iparraldean, berriz, euskarazko irakaskuntzaren aldeko neurriak behar direla oroitarazi zuen: «Egiten ari den lanaren neurriko aitorpena behar du Seaskak; haren mesederako neurriak eta kolaborazio aktiboa behar ditu».

Iraganeko lorratzak

«Gordina». «Mingarria». Tankera horretako adjektiboak erabili zituzten atzo Ikastolen Elkarteko ordezkariek 1993an Eskola Publikoaren Legearen ondorioz hainbat ikastolatan izandako banaketei loturiko istorioak deskribatzeko. Malkoak ere izan ziren ekitaldian, garai hartako gertaera katramilatsuen lorratzak. Ikastolek saioa baliatu nahi izan zuten, ordea, «hezkuntza sistema propioaren» aldeko hazia ereiten jakin zutela aldarrikatuz, publifikazioari aurre egin eta birsortzea erabaki zuten ikastolei omen egiteko. Halaxe omendu zituzten Ikasberri ikastolako arduradunak bezalaxe, Beasaingo (Gipuzkoa) Andramendi ikastolakoak, eta Bizkaiko bi zentrotakoak: Leioako Betiko eta Elorrioko Txintxirri ikastoletakoak, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.