Balsamo nagusi Giroko 5. etapan, bigarrenez; Van Vleuten lider da oraindik

Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun

Elisa Balsamo (Trek) estreinaldi bikaina egiten ari da Italiako Giroan. Bere lehen parte hartzean, aurreneko etapa irabazi zuen, eta atzoko bosgarren etapan ere bi besoak gora altxatu zituen munduko txapeldunak, Reggio Emiliako helmugan, Charlotte Kool (DSM) eta Marianne Vos (Jumbo Visma) esprintean garaitu ostean. Eukene Larrarte (Bizkaia Durango) txukun aritu zen atzo, eta 21. postuan amaitu zuen. Sailkapen nagusian, ez zen aldaketarik egon: Annemiek van Vleuten (Movistar) da oraindik lider, eta 25 segundo ateratzen dizkio Mavi Garciari (UAE).

Atzoko etapa Carpi eta Reggio Emilia artekoa izan zen, eta txirrindulariek 126 kilometro pilatu zituzten euren hanketan. Top Girls taldeko Giorgia Bariani eta Iris Monticolo, Matilde Vitillo (Bepink), Hannah Barnes (UnoX) eta Anastasia Carbonari (Valcar) sartu ziren eguneko ihesaldian. Une batez, bost minuturen aldea izan zuten tropelarekiko, eta atzean gogotik lan egin behar izan zuten lehen taldea ehizatzeko. Zehazki, tropelak bost kilometro falta zirenean irentsi zuen taldetxoa.

Balsamoren morroiek bikain babestu zuten liderra azken kilometroetan, italiarrak amaieran joaldi indartsua egin zezan. Hain justu, Balsamo azti ibili zen azken bihurgune estuan; Koolen aurretik irten eta lehena iritsi zen.

Igoera, helmugatik gertu

Gaurko seigarren etapak 114 kilometro izango ditu, Sarnico eta Bergamoren artean. Txirrindulariek helmugatik lau kilometrora mendate bat igo beharko dute (1,3 km, %7,1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.