Asteburuko proposamenak

Literatura aitzakia

Atxagaren 'Obakakoak' lana oinarri hartuta, Muskerraren Eguna egingo dute bihar Asteasun. Sormenari buruz mintzatuko da idazlea

Nagore Arin.
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Sormena izango da aurten Muskerraren Egunaren gaia. Asteasun (Gipuzkoa) egingo da, bihar, hirugarren urtez jarraian. Muskerraren Bidea proiektuaren harira sortu zuten, eta 2017an egin zen lehen aldiz. Garikoitz Otamendi proiektu horren koordinatzailea da, eta, adierazi duenez, «Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarekin jarri zen abian Muskerraren Bidea egitasmoa, Bernardo Atxagak proposatu eta sustatuta». Obabakoak eleberria abiapuntu hartuta, Bernardo Atxagaren inspirazio izan ziren Asteasuko txokoak ezagutzeko ibilbide bat da.

«Hark beti defendatu izan du sormen prozesu batean biziki garrantzitsua dela erreferentzia errealak izatea», esan du. Hala, ibilbide literario bat planteatu zuen idazleak, geldialdi eta guzti. Muskerraren Bidea jarri zioten izena ibilbideari, eta urte osoan egiten dituzte bisita gidatuak. Hain justu, egitasmo hori sustatzeko eta balioa emateko sortu zuten Muskerraren Eguna. Bihar egingo dute, 11:00etatik aurrera. Atxaga ere bertan izango da. Eguerdian, sormen prozesuari buruz mintzatuko da idazlea, Iturralde inguruan.

Atxaga, sormena hizpide

Otamendiren arabera, «pentsatu genuen, eleberri bat argitaratu duela baliatuta, sormenari eta sormen prozesuari buruz hitz egitea aukera ona zela». Iturri baten bueltan azalduko du idazleak sormen prozesua, baina ez da parte hartzen duen lehen aldia. «Urtero hartzen du parte, gai bati tiraka, eta erabat desberdin egiten du jardunaldia», adierazi du koordinatzaileak. Urtero, Obabakoak eleberria izaten da kontakizunaren oinarria, baina, Otamendiren arabera, «urtero erabat desberdin egiten du, eta erakargarria izaten da; kontalari izugarri ona da».

Ez da urtez urte errepikatzen den ekitaldi bakarra; izan ere, herriko plazan dagoen iturriaren bueltan egin ohi den apustua ere jarduera ezaguna da dagoeneko. «Gazte baten eta zahar baten arteko apustu bat izan omen zen, eta, kontatzen dutenaren arabera, iturri bati bueltaka hasi ziren, baina zaharrak buelta barrualdetik ematea jarri zuen baldintza gisa. Zaharrak irabazi zuen, sasoiagatik baino gehiago, buru azkartasunagatik, hark eman zuen itzulia laburragoa zelako», kontatu du Otamendik. Gertaera horren harira antolatzen dute apustua, baina barrualdetik eta kanpoaldetik ematen dutebira parte hartzaileek, «tranpa hori jada agerikoa delako». Jarduera horiez gain, haurrentzako jolasak egingo dituzte 11:00etan, eta salda ere edango dute, 11:30ean.

Muskerraren Eguna ospatzen duten hirugarren aldia izangoda, herriko idazlearen Obabakoak eleberriaren testuei etaageri diren kokalekueiforma, kolorea eta nortasuna gehituta.

Muskerraren Eguna





Bihar, 11:00etatik aurrera, Asteasun (Gipuzkoa)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.