Asteburuko proposamenak

Hari ikusezinen magia

Txotxongiloen 30. festibala egingo dute asteburuan Hendaian, Akelarre elkartearen eskutik. Egitarau «bereziki aberatsa eta originala» osatu dute

Zoozoom ikuskizun parte hartzailea emango du Markeliñe konpainiak bihar Txotxongiloen festibalean. MARKELIÑE.
Maialen Unanue Irureta.
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Ez da aspertzeko aukerarik izango gaur eta bihar Hendaian (Lapurdi): izan ere, Txotxongilo festibala egingo dute Gaztelu Zahar gunean. Txotxongilo arruntak eta erraldoiak, dantzariak, antzezlanak eta tailerrak izango dira nagusi egunotan, Akelarre elkartearen eskutik. Noski, musikarik ere ez da faltako, jaia animatzeko. Magia egingo dute, hari ikusezinek lagundurik, haur zein helduentzako hainbat ikuskizunen bidez: egitarau «bereziki aberatsa eta originala» osatzen ahalegindu dira, horretarako.

Akelarreren dantzariek estreinatuko dute jaialdia, 14:30ean, Kilika taldearen txotxongilo erraldoien desfilearekin batera; ibilbide bat egingo dute herrian zehar. Modu horretan irekiko dute txotxongiloen herrixka. Txotxongillo taldeak Galtzagorriak ikuskizuna eskainiko du, gero. Peru du protagonista antzezlanak: nagusiak agindutakoa zintzo-zintzo bete ohi dute galtzagorriek, baina Peru alfer samarra da, eta gauzak ez zaizkio nahi bezala aterako.

Antzezkizunak taldeak, berriz, Txotxongilo bertsolariak lana emango du. Felipe Zelaieta bertsolariak Euskal Herria ordezkatuko du Munduko Bertsolari Txapelketan, eta Idahotik iritsitako bere senide John Zelaieta izango du laguntzaile: entrenamendu kanpamentu oso berezi batera eramango du, Global Bertsolaritzing Campera, hain zuzen. Mouka konpainiaren Triptease kabareta izango da gaurko azken ikuskizuna.

Biharko eguna, berriz, Zoe soinuekin jolasean haurrentzako ikuskizunarekin hasiko dute Gaztelu Zahar gunean. Marrazkiz beteriko liburu bat hartuko du Zoek, eta txotxongilo txiki eta handiekin elikatuko du bere eta ikusleen irudimena. Pintxo batzuk dastatu ostean, Behibi's taldearen Paperezko istorioak ikuskizunaren txanda izango da.

Markeliñe konpainiak itxiko du jaialdia, Zoozoom ikuskizunarekin. Emanaldi berezia izango da, ikusleak ez baitira ikusle huts izango. Eskuz eraikitako animaliekin zoologiko bitxi bat sortuko dute: jirafa, flamenko, elefante, karramarro, dinosauro edo barraskilo bilakatuko da publikoa Markeliñe taldekoen eskutik.

Euskal taldeak bultzatzea

Berezia izango da aurtengo Txotxongilo festibala Akelarre elkarteko lagunentzat. Izan ere, festibala egiten duten 30. aldia da, eta, gainera, elkartearen 45. urteurrena ere bada. Hendaian euskal kultura bultzatzea izan du xede Akelarre taldeak bere sorreratik, eta bi ardatz nagusiren bueltan antolatzen ditu ekitaldiak: euskal dantza eta animazio kulturala. Txotxongiloen festibala hiru oinarrirekin egiten dute, esaterako: euskarazko obrak aurkeztea, eskolentzako saioak antolatzea eta Euskal Herriko taldeen sorkuntza artistikoa sustatzea. Antolatzaileen esanetan, publikoak gero eta gehiago eskatzen ditu halako obrak, eta taldeak gero eta profesionalagoak dira.

Txotxongilo festibala



Gaur eta bihar, HendaiakoGaztelu Zahar gunean (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.