Asteburuko proposamenak

Ikusgaitasuna ardatz

Olentzero Baionara iritsiko da gaur. Horren harira, ekintza andana antolatu dute, berrikuntza eta guzti: argien piztea eta Txistor Gaua

Olentzero eta Mari Domingi Baionan, duela bi urte. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nagore Arin.
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Eguberriak espero baino lehen iritsi dira Baionako karriketara: Olentzeroren Eguna ospatuko dute gaur hirian, eta, Olentzerorekin batera, Mari Domingi ere bertan izango da jaia ospatzeko. Goizetik hasita, egun osoko egitaraua antolatu dute, eta ekintza ugaritan parte hartzeko parada izango dute Olentzeroren Eguna ospatzera biltzen direnek. Eragile eta elkarte askoren artean prestatu dute dena, eta duela hogei urte hasi ziren antolatzen. Guillaume Irigoien izan da antolatzen aritu diren kideetako bat. Haren esanetan, «Olentzeroren Egunarekin lortu nahi izan dugu guztiok biltzea, dena egun bakar batean eta berean antolatzeko gisan, Olentzerori ere emanez ikusgaitasuna, eta behin betiko edo behingoan finkatzeko haren irteera Errobin behera egin zela, eta itsasontziz etorri zela».

Baionako zenbait koruk, musikarik eta abarrek parte hartuko dute ekintzetan: 10:00etan egingo da lehena. Jarraian, ibilaldia egingo dute Errobi ibaitik beherantz, 12:00etan. Jende gehien biltzen duen ekintza 15:30ean izango da: Olentzero itsasontziz iritsiko da Xaho kaira, eta Mari Domingi eta gainerako ikusleak zain izango ditu.

Urtez urte egitarau antzekoa osatzen duten arren, aurten bi berrikuntza egin dituzte, Irigoienek esan duenez: «Eguberriko argia piztuko du Olentzerok Euskal Museoan, eta abenduaren 14tik urtarrilera arte egongo da piztuta; Olentzero ikusgarri egongo dahamabost egunez. Garai hauetan, gauak gaina hartzen dio egunari, gauak egunak baino luzeagoak baitira, eta hori aldatzera dator Olentzero. Argiak berriz ere iluna gaindituko du». 17:00etan izango da hori, eta bigarren berritasuna 18:00etan izango da: Txistor Gaua egingo dute. «Jarraipen bat eman nahi genion arratsaldeari, eta Txistor Gaua antolatu dute beste elkarte batzuek; Olentzero ere joango da. Lortutako diru guztia Seaskaren integrazio batzordeari emango zaio», adierazi du Irigoienek. Bi ekintza horien artean, gozokiak banatuko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik, 17:15ean, Roland Barthes plazan. Gozokiak banatu bitartean, kantuan arituko dira haurrak eta gazteak.

Euskara, lehen lerrora

Arraroa suerta litekeen arren, badu arrazoi bat Olentzeroren Eguna abenduaren 14an antolatu izanak: «Normalean, abenduko oporretan izaten zen, oporretako azken larunbatean, baina ohartu gara asko kanpora joaten direla asteburu horretan». Hala, data aurreratzea erabaki dute, guztiek Olentzeroren Egunaz gozatzeko parada izan dezaten. «Oraindik sumatzen dut, hogei urteren ondoren ere, txoko batean geratzen dela Olentzero, eta uste dut euskal kulturaz, Euskal Herriaz... ardura dutenek gehiago baliatu beharko lituzketela Olentzero eta halako pertsonaiak, kultura irudikatzen dutelako eta euskararen erabilera ziurtatzen dutelako», esan du.

Olentzeroren Eguna



Gaur, 10:00etatik aurrera, Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.