Nafarroako seigarren merindadeari begira

Nafarroa Behereari buruzko erakusketa bat paratu dute Nafarroako Artxiboan. XII. mendean eratzen hasi zenetik Frantziako Iraultzara arte egindako ibilbidea ezagut daiteke. Zenbait artxibo historiko ere badira; adibidez, Antso Jakitunaren dokumentu bat, 1194. urtekoa. Urtarrilaren 13ra arte egonen da zabalik.

Nafarroako Artxiboko sotoan dago Baxenabarre, lurralde berezia erakusketa. Irudian, zenbait lagun, erakusketa ikusten. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Txikia izanagatik, garrantzi handiko tokia izan zen Nafarroa Beherea. Hura da sarri ahanzten den seigarren merindadea, bortuz bestaldekoa ere deitu izan dena. Urtarrilaren 13ra bitarte, haren sortze eta bilakaera historikoa ezagutzeko parada emango du Nafarroako Artxiboak, Baxenabarre, lurralde berezia erakusketari esker. Hamasei bitrinatan antolatutako testu eta dokumentuen bidez, historian bidaia egin liteke Antso Jakituna deitutako aretoan: XII. mendean osatzen hasi; ondotik, konkistatutako Nafarroa Garaitik banatu, eta, azkenik, Frantziako Iraultzaren ondorioz, egitura administratibo gisa desagertu.

Joan eta etorriko bidaia da Nafarroa Beherearena; zentzu askotan, gainera. Joan eta etorriko bidea izan da askorentzat: erromesen, merkatarien, artzainen, soldaduen eta ideien pasabide izan baita urte luzez. Esan liteke bere historia ere joan-etorrikoa dela, Nafarroako Erresuman sartu, eta, azkenik, Nafarroako Erresuma izateari utzi baitzion. Hori azaltzen ahalegindu da Susana Herreros, erakusketaren komisarioa. Hala «aspaldiko zorra kitatu» dutela dio. «Nafarroan jende askok ez du ongi ezagutzen Nafarroa Beherea. Batzuek ez dakite non dagoen ere, eta Lapurdi edo Zuberoarekin nahasten dute».

Bi zatitan banaturik dago erakusketa, eta erdian Nafarroa Beherearen mapa handi bat ageri da. Mapa horren azpian, berriz, Nafarroa Garaian —eta batik bat herrialdearen hegoaldean— oso ohikoak diren abizenak agertzen dira. Haietako bat sakatuta, mapan argi gorri bat pizten da, herria seinalatuz. Horrek agerian uzten du bere garaian Nafarroa Beheretik Garaira joandakoen arrastoa: «Joan-etorriko bidearen arrasto immateriala». Beraz, bisitari askok aukera izanen dute beren jatorriaz hausnartzeko.

Erdi Aroko estetikarekin atondu dute Nafarroako Artxiboko Antso Jakituna erakusketa aretoa. Herrerosek uste du zaila dela horrelako gaiak publiko zabalarengana ailegatzea, baina horrek lagundu dezakeela, Game ofThrones telesaila boladan dagoen garaiotan. Lehenbiziko puskan, Nafarroa Beherearen sorreraren nondik norakoak azaltzen dira; bigarrenean, Nafarroa Behereak izandako bilakaera, Frantziako Iraultzak (1789) egitura hori deuseztatu zuen arte.

«Lurralde horiek Nafarroako Koroarekin loturarik izan ez balute, seguruenik Nafarroa Beherea inoiz ez litzatekeen existituko guk ezagutzen dugun moduan, inguruko beste jaurerrietan banatuko liratekeelako», azaldu du Herrerosek. Lotura hori XII. mendean hasi zen. Nafarroa Beherearen eraketa «berezia» dela dio erakusketaren komisarioak: «Prozesu nahiko luzea izan zen, eta ezberdina lurralde batetik bestera, koroara batzeko aukeratutako formularen arabera».

XII. mendean, Nafarroa Beherearen mendebaldea Baionako elizbarrutiari zegokion —eta Lapurdiko bizkonderriari—, eta ekialdea, Akizeko elizbarrutiari eta bizkonderriari. «Europan botere borrokak ziren nagusi Frantziaren lurraldearen nagusitasunagatik», zehaztu du Herrerosek. Feudalismoa indarrean zen, eta basailu loturek eta botere borrokek garrantzi handia zuten. «Tronu dema moduko bat zen».

Mailaka sortutako lurraldea

Testuinguru horretan, Ingalaterra eta Frantziaren arteko ika-mikaren erdian, Nafarroako erregeak Garazi bere egin zuen. Gero, Rikardo Lehoibihotzak ezkontza konpromisoa hautsi zuen Adelaida Frantziako erregearen arrebarekin, eta Nafarroako Berengelarekin ezkondu zen, Antso Azkarraren arrebarekin. «Nik uste dut Akitanian zuen lurraldea babesteko egin zuela». Herrerosek dioenez, arranoaren goi leinua bilatu zuen horretarako.

Antso Jakitunak 1189an izendatu zuen Martin Txipia Garaziko tenente, eta, hortik aurrera, beste lurraldeak atxikitzen hasi ziren, Nafarroa Beherea sortu arte. 1191n batu zen Mixa-Ostabarets, eta aurrerago Agaramonteko jauna eta bertako zenbait zaldun, 1203an. Azkenengo lurraldea Bastida izan zen, Arberoatik banatu, eta gotortutako hiribildu bihurtu zen. «Adur ibaitik horraino sartzeko aukera zegoen; beraz, Nafarroako erregeari, orduan Frantziakoa ere bazenari, ingelesen menpeko lurrekiko muga babestea interesatzen zitzaion». Hiribildu horrek badu ezaugarri bereizgarri bat: Okzitaniako Tolosatik gertu dagoen bastida baten forua hartu zuen, baita biztanle okzitaniarrak ere. «Beraz, haien abizenak okzitaniarrak dira».

XIV. menderako, beraz, egungo Nafarroa Beherea osaturik zegoen.«Bere ezaugarria da mailaka osatzen dela, eta Nafarroako Koroarekiko loturak batzen dituela lurraldeak». Banaketa administratiboaren berri dago kontu erregistroei esker. «Eremu bakoitzean biltzen zutena idatzita gordetzen zuten. Kontabilitate pribilegiatua du Nafarroak».

Erakusketaren bigarren zatian, lurraldearen bilakaera aztertu du Herrerosek. Errolda eta zerga bilketetako paperei esker jakin liteke zer jende bizi zen Nafarroa Beherean garai horretan. Erakusketako komisarioak ziurtatu du herrialdean bazela zaldun anitz. Baina bada paperetan ia ageri ez den zerbait: hizkuntza. «Seguruenik, euskaraz mintzatuko ziren, baina ez da ia deus gorde. Administrazioaren hizkuntza latina eta, berehala, nafar erromantzea ziren. Euskara beste toki batzuetan gorde zen: toponimoetan, abizenetan...». Euskarazko hitzak tartekatzen dituen dokumentu bat ikus liteke erakusketan, hala ere.

Nafarroa Beheretik jende anitz pasatzen zela ere azaldu du Herrerosek: merkatariak, soldaduak, erromesak... Adibidez, Karlos III.ak muga zerga jarri zuen 1394an, eta, dokumentuetan, behin eta berriro aipatzen zuen tentuz ibiltzeko, merkatariak ez zitezen pasatu erromesak balira bezala. «Pentsatzen dugun baino askoz ere joan-etorri gehiago egiten ziren han».

Ordura arteko bidea 1512an moztu zen, gaztelarrek Nafarroa Garaia konkistatzearekin batera. Erakusketan bada 1514ko dokumentu bat: Fernando Katolikoak Donibane Garaziko notario izendatzen du Juan de Gantxuri, lurra bere eginez. Beste batek azaltzen du nola Alain Albretekoa dirua eta soldaduak biltzen saiatu zen erresuma berreskuratzeko. Albreten aldekoen lurretan sortu ziren gobernu egiturak, baina, gerora, gaztelarrek bortuetatik bestaldeko lurrak utzi zituzten, eta Nafarroa Beherea berriz batu zen XVI. mende hasieran. Herrerosen aburuz, erresuma desagertuz joan zen poliki-poliki, bertako erregeek, Frantziakoak ere bazirenez gero, lurraldearekiko lotura emozionala galdu zuten heinean. Frantziako Iraultzak deuseztatu zuen erresuma behin betiko.

Konkistaren ondoren bi Nafarroen artean harremana bazela esan du Herrerosek, baina «beldurra» zuten, biek ala biek defendatzen baitzuten erresuman agintzeko zilegitasuna. Errezelo horren adibide bat ikus liteke dokumentuetako batean: 1648an Arnaldo Oihenarti ez zioten Kontuen Ganberan sartzen utzi, gaztelarren okupazioaren kontrakoa zelakoan. «Baina herritarrek gertutasun hori izan zuten aurrerantzean ere», dio Herrerosek. «Etengabe igaro zen jendea Nafarroa Beheretik Nafarroa Garaiko hegoaldera, artzaintza dela eta. Bestelako bizibidea nahi zuten».

Gaur egun, banaketa administratiboak eragin handia izan du bi Nafarroen arteko harremanetan. Hala ere, harreman hori pizteko gogoa sumatzen du Herrerosek; batik bat, kulturaren alorrean. Berriz ere, herritarrek bultzatzen dituzte Pirinioez bi aldeko nafarren arteko loturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.