Putzuaz gaindiko loturen hariak

Euskal diasporako komunitate zabala dago AEBetan, baina inguru eta belaunaldi bakoitzak modu batera bizi du Euskal Herriarekiko harremana. Komunitateen artean harreman estua dago, eta Internetek badu eraginik. Hori ondorioztatu du Maialen Goirizelaia ikertzaileak bere doktore tesian.

Argia Beristain Boiseko diasporako kidea da. BERRIA.
Andoni Imaz.
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetara joandako euskaldunen bilobak bizitza arrakastatsua du, baina harekin aurreskua dantzatzeak egiten du zoriontsuen». Horrek barrenak mugitu zizkion Maialen Goirizelaia (Mungia, Bizkaia, 1989) ikertzaileari. Aspalditik du lotura AEBetako euskal diasporarekin, eta, haren inguruan ikertzen urteak eman eta gero, doktore tesia aurkeztu berri du: Diasporak Nazioarteko Harremanetan: komunikazioa eta harreman transnazionala Euskal Herriaren eta Estatu Batuetan diren euskaldunen artean. Ondorioztatu du diasporako kideek harreman estua mantentzen dutela Euskal Herriarekin, sare akademiko, kultural eta enpresarialak sortu dituztelako. Sareak harreman horretan duen garrantzia ere aztertu du.


Boiseko jaialdiko irudi bat. URTZI URRUTIKOETXEA

Internet ezinbesteko tresna bilakatu da euskal diasporaren eta Euskal Herriaren arteko harremanetarako. Argia Beristain (Las Vegas, AEB, 1980) euskal diasporako kideak, adibidez, Whatsapp, Facebook eta Instagram erabilita izaten du Euskal Herrian gertatzen denaren berri. «Ahal izanez gero, Gaur Egun ikusten dut ETB Sat katean, edo egunkariak irakurtzen ditut». Halere, afizioek pisua izaten dute halakoetan: «Jakina, Athleticen partida guztiak ikusten ditut telebistan».


Anne Marie Chiramberrok Hella Basque bloga sortu zuen. BERRIA

Anne Marie Chiramberrok (San Frantzisko, AEB, 1990) beste erabilera bat ematen dio sareari: 2013an, Hella Basque bloga sortu zuen, eta komunitate zabala osatu du. 3.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Facebooken, eta beste horrenbeste Twitterren. «Blogaren helburu nagusia da AEBetako euskaldunei laguntzea Euskal Herriarekin eta haien euskal ondarearekin konektatzen». Hari esker, gainera, Euskal Herriko albisteen berri izaten du astero. Gehienbat, sare sozialen bidez jasotzen du informazioa: «Jendeak hitz egiten duenari erreparatzea gustatzen zait; informazio asko lortzen dut Twitterren, euskal hedabide eta kazetariengandik».


Brian Meabebasterretxea AEBetara itzuli zen lanera. BERRIA

Brian Meabebasterretxeak (Florida, AEB, 1980), berriz, informazio gehiago jasotzen du telebistatik Internetetik baino, eta badu ohitura ETBn kirolaren eta aktualitatearen berri izateko.

Goirizelaiaren ikerketaren emaitzek diote euskal diasporako kideen %70ek gutxi gorabehera lotura mantentzen dutela Euskal Herriko senide eta gertukoekin, eta, batez ere, sare sozialen bidez eusten diotela lotura horri. «Askok aipatzen dute Whatsapp, eta pentsatzen dugu 'nola ez dute, bada, erabiliko?', baina han ez da hain ohikoa; gizonen %5ek eta emakumeen %8k bakarrik erabiltzen dute AEBetan.

Tesiarekin lanean zebilela ezagutu zuen Goirizelaiak Argia Beristain. Haren aitona, Juan Beristain, 1948an joan zen Etxebarritik (Bizkaia) Idahora, artzain. Jose Mari semea, Markinan jaioa, 1958an joan zen hara, amarekin eta anai-arrebekin, aitarengana. «AEBetan jaio nintzen, baina nire sustraiak Euskal Herrian daude. Neure burua euskal amerikar identifikatzea oso garrantzitsua da niretzat», dio Argia Beristainek. Boisen bizi da egun, eta diasporako komunitateko kidea da.


Urtarrilean aurkeztu zuen diasporaren inguruko nazioarteko doktore tesia Maialen Goirizelaiak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Ikerketa lanerako, AEBetako euskaldunen zenbait profil egin zituen Goirizelaiak. Alde batetik, mendebaldeko estatuetakoak, «beti ikertu izan direnak, artzain joandakoak». Gehienak hirugarren belaunaldikoak dira. «Lotura kulturala dute, batez ere; identitatea mantendu nahi dute dantza eginez, euskara klaseekin, edo gastronomia ohiturekin». Dena den, hori pixkanaka aldatzen ari dela ikusi du ikerketan: «Ari dira unibertsitate eta enpresa harremanak egiten».

Beristain bera Boiseko Gazteak euskal dantza taldeko irakaslea da, eta hango ikastolara eraman ditu seme-alabak. Azken bi urteetan, Boiseko Euzkaldunak euskal etxea ordezkatu du North American Basque Organization bileretan, eta, gainera, Boiseko Athletic Club Peña sortzen lagundu du. Saiatzen da urtero behin edo bitan egiten Euskal Herrira bisita. Txikitan, uda asko eman zituen Ondarroan (Bizkaia), izeba, lehengusu eta kuadrillarekin, eta unibertsitate garaian urtebetez bizi izan zen Euskal Herrian.

Profil adina interes

San Frantziskokoa da Anne Marie Chiramberro. Haren aita Eiheralarreko (Nafarroa Beherea) baserri batean hazi zen, eta AEBetara joan zen 1968an. Chiramberrok ere bisita ugari egin izan ditu Euskal Herrira, urte gutxian behin, senitartekoekin elkartzeko. Etxean, asteburuero euskal dantzak ikasten aritzen zen lehen Basque Cultural Center euskal etxean, San Frantzisko hegoaldean. Zazpiak Bat dantza taldearekin AEBetako mendebaldean barrena bidaiatu izan du udako euskal jaialdietan.

«Euskal identitateak lotura bat ematen dit, zerbaiten kide izatea», dio Chiramberrok. «Lurrari lotuta mantentzen nau, ni baino handiagoa den zerbaiti lotuta». Ideia hori bera landu du Goirizelaiak tesian: «Bi egun baino zaharragoa den zerbaiten parte izatea ematen die euskal komunitatearen parte izateak, han ez baitaukate hori».

AEBen mendebaldean «lotura kulturalagoa» dagoela ondorioztatu du Goirizelaiak tesirako egindako elkarrizketetatik, eta hori bera ikus daiteke Chiramberroren hitzetan ere: «Zorionekoa sentitzen naiz Euskal Herriarekiko eta euskal kulturarekiko halako loturarekin hazi izan naizelako: Euskal Herrira bisita egin, aita euskaraz hitz egiten entzun, euskal jatetxeetan jan, euskal dantzak ikasi, euskal etxeko ekintzetan parte hartu, AEBetako euskal jaialdietara joan...». Ekialdean, ordea, bestelakoa da joera. «Badago arrantzale joandakoen hirugarren belaunaldia, baina migrazio berria ere bai, garapen profesional eta ekonomikoaren bila joandakoena. Horien lotura ez da horren kulturala: 'Nik ez dut zertan dantza egin edo euskaraz ikasi; han jaio nintzen, eta lotura zuzena daukat'», azaldu du Goirizelaiak.

Brian Meabebasterretxea Bostonen bizi da. 9 urte zituela, Markinara (Bizkaia) itzuli zen AEBetara artzain joandako aitarekin. «Shock kulturala izan zen. Denak eskuzabalak izan ziren nirekin, baina beti izan nituen galderak barruan: 'Nongoa sentitzen naiz?'». 21 urterekin, zesta-puntatik bizitzea amets zuela, AEBetara itzuli zen Meabebasterretxea, eta hiru urte eman zituen pilotan. Euskal Herrian egin zituen goi mailako ikasketak ondoren, baina hara itzuli zen lan egitera.

«Orain konturatzen naiz zein euskalduna naizen; sekula ez dut hemengo [AEBetako] bizimodua izan». Lagun taldearen falta sumatzen du, «sozializatzea», kaleko bizimodua, nahiz eta hangora ere «erraz» moldatu zen.

Inguruko euskaldunekin harremanetan egoten da Meabebasterretxea: «Hemen bakarrik gaude, eta, etxean bezala sentitzeko, gure moduko jendearekin elkartzen gara». Ingalaterra Berriko euskal etxea da elkargunea: Andramariak ospatzen dituzte, pintxo-poteoa antolatu, eta sagardoa egiten hasi dira. «Garrantzitsua da mantentzea, ez ahazteko».

AEBekiko harremana aspalditik datorkio Goirizelaiari: gurasoak Kalifornian bizi izan ziren, eta Sanforden jaio zen haren anaia, Floridan. Beti ikusi izan du hango jendea etxean, Euskal Herrira bisitan etorrita. Gaia «erakargarria» egiten zitzaion, baina 2011n egon zen «inflexio puntua»: bost urtean behin egiten den Boiseko jaialdian izan zen urte hartan, eta orduan ezagutu zuen Gloria Totoricaguena. Hark kontatu zizkion artzainen istorioak: «Beti kontatzen da amets amerikarra bete dutenen istorioa, baina Totoricaguenak kontatu zigun badagoela horren polita ez den historia bat».

«Tesi bat egiteak berak ezagutza handia ematen dizu; denbora asko pasatzen duzu irakurtzen, ikusi gabe egiten ari zarenak emaitzarik izango duen. Munduko euskaldunen inguruko ikuspegi zabala eman dit».

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.