Txotx festa Nafarroan

Nafarroako Sagardogileen elkarteak eta Lekunberriko Udalak Sagardo Eguna egingo dute igandean. Aurtengoa uzta «paregabea» izan da

Kirikoketa erakustaldia egingo dute, sagarrak modu tradizionalean zanpatuz. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Zazpigarren urtez jarraian, Lekunberriko Udalak (Nafarroa) eta Nafarroako Sagardogileen elkarteak Sagardo Eguna antolatu dute. Igandean izango da, Lekunberrin bertan, eta Nafarroako zenbait tokitako sagardoa dastatu ahalko dute bertaratzen diren guztiek. Sagardo garaia maiatzean bukatu zen arren, gero eta gutxiago geratzen da hurrengo denboraldirako. Sagarrak irailean heltzen dira, eta, beraz, sagardoa egiteko prozesua abiatzen da, urtarrilean garai berriarekin bukatu arte. Horregatik egiten da irailean Lekunberriko Sagardo Eguna.

Inma Etxarri Lekunberriko kultur teknikaria ibili da, besteak beste, egunaren nondik norakoak zehazten. Azaldu duenaren arabera, sagardoak funtsezko garrantzia du eskualdearen garapenean. «Inguru honetan, bi sagardo ekoizle daude, bat Lekunberrin, eta bestea Aldatzen, eta haiei bururatu zitzaien halako egun bat antolatzea». Sagardo Egunean Nafarroako ekoizleak elkartzen dira, eta beren produktuak jendeari eskaintzen dizkiote. «Aitzakia horrekin hasi ginen eguna antolatzen orain dela zazpi urte, eta espero dugu, oraindik ere, beste asko izatea aurretik», erantsi du. Egunean bertan, pertsona bakoitzak baso bat erosten du, eta, baso horrekin, postuetako sagardoak dastatzeko aukera izaten da, nahi adina sagardo edateko aukera. Horrez gain, postu bakoitzean sagardo botilak egoten dira salgai.

Egun osoan, musika, ikuskizunak eta erakustaldiak izaten dira, baita eskualdeko mota guztietako produktuak eskaintzen dituzten nekazaritza elikagaien eta eskulangileen produktuen azokak ere. Gainera, sagar mota ugari erakutsiko dituzte, eta sagardoa dastatzeko aukera izango da; gainera, kirikoketa erakustaldia egiten da: sagarrak txikitzea antzina egiten zen bezala. «Oso ekitaldi polita izaten da; sagarrak modu tradizionalean zanpatzen dituzte, gure arbasoek egiten zuten bezala», azpimarratu du Etxarrik.

Azaldu duenez, Lekunberri eta Larraun ingurua beti egon da nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin lotuta, baina, bere kokapenaren ondorioz, baita zerbitzuekin eta turismoarekin ere. «Turismo dezente izaten da hemen. Lekunberri eta Larraun Donostia eta Iruñe artean daude, eta, mendi ederrez inguratuta egonik, beti etorri izan da jende asko. Sagardotegiak ere funtsezkoak izan dira prozesu horretan tokiko ekonomia garatzen laguntzeko. Neguko egun apaletan, adibidez, jendea herrira etortzea eragiten dute, eta baita eskualdean turismoa egitea ere».

Aurtengo sagardoari lotuz, benetan «goxoa» atera dela nabarmendu du Etxarrik. «Ekoizleek beti esaten duten arren hemen oso sagardo ona dugula, aurtengoa, niretzat, paregabea izan da», erantsi du Etxarrik.

Sagardoaren Eguna

Bihar, goiz osoan, Lekunberrin (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.