Proposamenak

Paisaia zaharberritzen

Aisialdian ere euskaraz egin daitekeela erakusteko, egun osorako egitaraua antolatu du Seaskak Angelun. Kirola izango dute bidelagun

Besteak beste, patinetean ibiltzeko aukera izango dute haurrek, bihar, Glissegunean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nagore Arin.
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Euskararen paisaia zaharberritzen jarraitzeko xedez egingo du Seaskak Glisseguna jardunaldia bihar, Angelun (Lapurdi). Hemeretzigarren urtez jarraian, lerra kirolak eta erakustaldi anitz herritarrak euskarara lerratzeko bidelagun garrantzitsu izango dira. Hala, ilusioz antolatu dute aurtengo jardunaldia, gazteek euskararen inguruan duten ikuspegia eta euskararen paisaia zaharberritzen jarraitzeko asmoz. Horretarako, kirolak eta euskarak bat egingo dute bihar; Ramuntxo Etxeberri Glisseguneko antolatzailearen arabera, «umeek, gazteek eta familiek ikus dezaten neurri batean euskarak ere bere lekua izaten ahal duela aisialdian eta eguneroko bizitzan».

Angeluko kostaldean egingo dute jardunaldia; izan ere, eremu «biziki frantsesduna» izateaz gain, bertan daude surfa egiteko lekurik ospetsuenak. Gainera, antolatzailearen arabera, garrantzitsua da «leku hori okupatzea, kakotxen artean, leku horretan euskararen presentzia markatzea, ostera biziki gutxi entzuten baita euskara urtean zehar».

Aurten ere protagonismo berezia izango dute lerra kirolek, baina izango da berritasunik ere. Horien artean, animazio berriak, kayak eta bodyboard erakustaldiak, eta euskal pilotaren presentzia. Arreta berezia eman dezake azken horrek; izan ere, ez du lotura berezirik lerra kirolekin, baina, antolatzailearen hitzetan, keinu moduko bat izan daiteke: «Pilota erakustaldia eginen da, bote luzea, kirol berezi bat; pilotalekuetatik urrun egiten da, eta hondartzaren alboan ere egin daiteke». Euskal pilotak Iparraldean ere bere lekua izan dezakeela erakusteko hartu dute erabaki hori.

«Gertakaria paisaian»

Hamasei jardunaldi egin eta gero, nabari dira lehen lorpen eta fruituak. Etxeberriren arabera, «gertakaria paisaian sartzea» lortu dute.«Bai herriko etxearen partetik eta bai bertako elkarteen aldetik, badakigu ekitaldi nagusi bat kontsideratzen dutela gure gertakaria; eta hori pozgarria da», esan du. Gainera, ikastoletara joaten diren gero eta gazte gehiagok surfean egiteko izena ematen dutela nabarmendu du, lehenengo aldiz surfa Glissegunean egin ondoren: «Ttipitxoak zirelarik etorri ziren lehen aldiz, eta hori zinez poztekoa da». Aurreikuspenen arabera, 2.000-3.000 lagun bilduko dira Angeluko kostaldean; Etxeberriren arabera, «jende ainitz hunkitzeko parada» baita.

Duela hamasei urte antolatu zuten lehenengoz, 2003. urtean, iparraldean 1990eko hamarkadaren amaieran eginiko inkesta soziolinguistiko baten emaitzak iraultzeko. «Inkesta horren arabera, nabaria zen Iparraldeko gazteek begirada aski berezia zutela euskarari buruz», nabarmendu du Etxeberrik. Haren hitzetan, gazteen ustez «euskara lotua zen iraganari, baserriari, etxaldeari eta barnealdeko munduari».

Glisseguna 2019



Bihar, 10:00etatik 19:00ak arte,

Angeluko Barran (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.