Zientziaren jakin-mina

Zientzia Astearen 22. edizioa antolatu du EHUk azaroaren 9tik 13rako. Jakin-mina duen edonorentzat dira horko tailerrak, erakusketak eta mintzaldiak

Emakume zientzialaria izan nahi dut da Bizkaia aretoan dagoen txokoetako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Inguruneari buruzko jakin-mina duen haur, nerabe edo heldua izanez gero, asteon egiten ari dira Zientziaren 22. Astea. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen du, aurreko asteazkenetik etzi arte, eta ekintza ugaritan parte hartzeko aukera izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: Bilboko Bizkaia aretoan, Barakaldoko (Bizkaia) Clara Campoamor zentro zibikoan, Donostiako Tabakaleran eta Okendo kultur etxean, eta Gasteizko Bibat museoan. Zientzia lanbide dutenekin ikusteko, entzuteko eta probak egiteko parada egongo da. Tailer, txoko eta hitzaldiak izango ditu bertaratzen denak.

Txokoei dagokienez, Bilbon Donostian eta Gasteizen hainbat gai jorratuko dituzte gaur; hauek esaterako: Bilbon, She Mentoring postua bisitatu ahal izango da Oteiza aretoan. Zientzia egiten duten emakumeak izango ditu ardatz, eta Cristina Penas Lago ikerlaria gidari. Generoaren joerari buruzko sentsibilizazioa egiteaz gain, ikasketa zientifikoak sustatzeko aholkuak emango ditu. Telekomunikazioak ere landuko ditu Amaia Arrinda Sanzberro komunikazio ingeniariak, tailer didaktikoen bidez: batetik, kromaren teknika, hondo berde bat baliatuz aurrez ezarritako irudi bat gainjarriz; bestetik, holograma faltsuak, Pepper mamua deritzon ilusio optikoaren teknika erabiliz.

Donostian, Cristina PeƱas Rodriguez ikerlariak ekonomia zirkularra izango du hizpide. Hainbat materialen eraginkortasunaz, eta ingurumenean eragiten duten inpaktuaz jardungo da, Lurraren izaera finitua dela ikusarazteko. Gasteizko guneak hizkuntzalaritza eta osasungintza azalduko ditu, besteak beste: batetik, Laura Vela Plo ikerlariak hizkuntzaren hezurdura esplikatuko du, esaldietako hitzak zuhaitzen bidez nola sailkatzen diren erakutsiz; bestetik, baita intonazioaren doinuak transmititzen duen informazioaz ere.

Tailerretan parte hartzeko aukera ere egongo da, eta ez dira denak haurrentzakoak. Bilbon, adibidez, Laboa aretoan, Garuneko ginkanan parte hartu ahal izango da 17:30ean eta 18:30ean. Garuneko hainbat alderditako jarduerak ebaluatzeko bost proba igaro beharko ditu izena ematen duenak. 8 urtetik beherakoek, ordu berean, porexpanezko planeta bat sortzeko aukera izango dute. Donostian, 10:00etan izango da haurrentzat eskala makro, mikro eta nanoskopioak ezagutzeko tailerra. Gasteizen, aldiz, bihar eguerdian oinarrizko bihotz-birikietako suspertzea egiten ikasi ahalko da.

EHUk Interneterako atari bat sortu du, zientzia-astea.eus, eta bertan xehe-xehe ageri dira ordutegiak eta zehaztapenak. Ekintza ugari aurretiazko prestaketarik gabe bisita daitezke, baina beste askotan derrigorrezkoa baita izena ematea.

22. Zientzia Astea

Gaur eta bihar, egun osoan,

Barakaldon, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.