Ondarea, herriz herri

Bisitak, tailerrak, ikuskizunak eta beste antolatu dituzte Europako Ondarearen Egunetarako. Gaur hasi, eta urrian jarraituko dute

Baionako ondarea ezagutu ahal izango da asteburuan; besteak beste, katedraleko klaustroa. I. MIQUELESTORENA.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Europako herrietako eta hirietako ondarea ezagutzeko, Europako Ondarearen Egunak egingo dira irailean, urrian eta azaroan hainbat tokitan. Euskal Herrian, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herriak izango dira lehenak jardunaldian parte hartzen; asteburu honetan, hainbat monumentu ikusi ahal izango dira. Arte eta libertuen ondarea lelopean egingo dira ekitaldiak, eta hala, joko, kirol, arte eta ikuskizunei lotutako lekuak ikusi ahal izango dira. Gainera, tailerrak, zinema proiekzioak eta beste ere antolatu dituzte.

Baionan, ohi bezala, herriko etxea, sinagoga eta gaztelu zaharra irekiko dizkiete bisitariei. Baiona Handia eta Ttipia ezagutzeko bisitak ere egingo dituzte. Bisitez gain, bestelako jarduerak ere antolatu dituzte: harri gaineko eskultura tailerra egingo du Valerie Tatinek Katedraleko klaustroan, gaur. Bihar, berriz, Dantz'Artxi izeneko animazioa zuzenduko du Patxi eta Konpainiak, Baionako artxiboan. Bestalde, Jean Dauger kirol zelaian Michel Etxeleten argazki erakusketa egongo da, zelaiari buruzko argazkiekin.

Nafarroa, berriz, datorren asteburuan batuko da jardunaldietara. Mota ugaritako ekintzak daude. Iruñean, esaterako, hurrengo larunbatean, Nafarroako Fototeka. Historiarako irudiak izeneko erakusketara bisita gidatua egin ahal izango da. Hurrengo egunean, berriz, Nafarroako Museoan saio musikala egingo dute.

Herri hizkera jorratuz

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko aldundiek elkarlanean antolatu dituzte aurtengo jardunaldiak, Ondarea, plazara! lelopean. Ekitaldiak irailaren 14an hasi ziren, eta azaroaren 15ean amaituko dira. Hala ere, urrian egingo dira ekintza gehienak.

Aukera zabala dago Gipuzkoan: 32 udalerritan banatutako 62 jarduera aurkeztu dituzte. Donostian, besteak beste, urriaren 5ean estropadak jokatuko dituzte; 80 metroko ibilbidea izango da, 14 urtetik gorakoentzat. Bestalde, Artea agerian programaren barruan, San Telmo museoko artelanak izango dira aztergai: urriaren 5erako eta 26rako tailerra antolatu dute, eta bisita gidatua izango da urriaren 10ean eta 17an. Urriaren 12an, berriz, euskal dantzak egingo dituzte Santa Maria elizaren atarian.

Bizkaian ere, kolore eta mota guztietako jarduerak egingo dituzte. Bilbon, esaterako, urriaren 17an, Jokin Apalategik hitzaldia emango du Eresoinkaren inguruan. Urriaren 19an, berriz, bertso saioa izango da Unamuno plazako balkoietatik. Bestalde, Euskaltzaindiak hitzaldiak emango ditu urriaren 15ean eta 22an, jokoek eta dantzek toponimian eta herri hizkeran duten eraginaren inguruan. Araban, berriz, bisita gidatuak, hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte, besteak beste.

Europako Ondarearen Egunak

Asteburu honetan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.