Eskuak behar dituzte

Erakusmahaiak, tailerrak eta ikastaroak izanen dira Irungo Ficoban egiten ari diren eskulanen azokan. Bihar arte izanen da zabalik

Bi emakume iazko eskulan azokan, Ficoban, eskuz egindako produktuak begiratzen. JON URBE / FOKU.
Iker Tubia.
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Haurrak eskuekin jostatzen dira sarri. Jolas horietako batean, borobilean jarri, eskuak atzean ezkutatu, eta denek batera atera behar dute eskua, harriaren, paperaren edo aizturraren itxura imitatuz. Harri, orri, ar! hitzek markatzen dute eskua denek batera ateratzeko unea. Bada, izen hori hartu du iaztik Irunen (Gipuzkoa) antolatzen den eskulanen azokak ere. Ez da haurrentzako azoka bat, nahiz eta haiendako gune bat ere izanen duten. Atzo abiatu zen Ficoba erakustazoka, eta bihar arte egonen da zabalik.

Norberaren esku dago azokan nola parte hartu erabakitzea, baina eraskumahaiez gainera, tailerrak eta ikastaroak izanen dira han. Orotara, ehun jarduera baino gehiago. «Azoka bizipen esperientzia bihurtzea nahi dugu: hona erostera ez ezik, jardueretan parte hartzera eta ikastera ere etortzea dago», azaldu du Elena Casuso Harri-Orri-Ar azokako zuzendariak. Antolatutako jarduerak eskulanen zaleentzat ez ezik, jakin-mina dutenentzat ere badirela gogorarazi du. «Gure asmoa da gune horretan eskulanen zaleak direnak eroso sentitzea, baita oraindik zale ez diren horiek ere».

Aurten, nabarmendu dutenez, eskulanen alorreko influencer-ak izanen dira Ficoban, tartean Susi Miu eta Ameskeria. Causoren esanetan, horrek agerian uzten du bigarren urtea izanagatik ere azokak «berezko tokia» hartu duela eskulanen «unibertsoan». Beraz, azokan sare sozialetan eragina bilatzen duten pertsona horiekin elkartzeko eta solasteko parada izanen dute parte hartzaileek. «Haietako askok sorkuntza onenei buruzko tailerrak emango dituzte».

Tailer eta ikastaro askotan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da www.harri-orri-ar.com webgunean, eta ordainpekoak izanen dira. Horrekin batera, eskulanen mundutik urruti diren horiek erakartzeko doako tailerrak antolatu dituzte. Adibidez, gurutze puntuko XL instalazioa muntatu dute. Hor, horma irudi erraldoi bat eginen dute guzien artean, gurutze puntuarekin. Bestalde, haurrek beren gunea izanen dute azokan, eta han ere tailerrak eskainiko dituzte. Nabarmentzekoa da slime orea sortzeko tailerra. Norberak nahi duen bezala eralda eta molda dezake slime-a, bere garaian Blandi Blub deitzen zenaren antzekoa. «Proposamen hau eskuak zikintzea gustuko duten pertsona dibertigarri eta ikusberei zuzenduta dago».

Hiru eremu

Eskulanak salgai dituzten eremua hiru ataletan banatuta dago. Harri deitutako gunean, brikolajea eta dekorazioa izanen dituzte ardatz; Orri arean koadernaketa, papergintza, scrap edo decoupage izanen dira gaiak; eta Ar gunean hariekin eta joste lanekin loturikoak egonen dira.

Harri-Orri-Ar azoka

Gaur eta bihar, 11:00etatik 19:00etara, Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.