Futbola. Munduko Kopa

Ez da izan ezusterik

Faborito guztiek aurrera egin dute. Afrikako bi selekzio daude kanporaketetan: Kamerun eta Nigeria. Ligaxkan 106 gol sartu dira, batez beste hiru lehiako

Ez da izan ezusterik.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Iñigo Juaristi Bizkerre taldeko entrenatzaileak uste du ez dela izan «aparteko ezusterik» Frantzian eta Bretainian jokatzen ari den Munduko Kopako ligaxkan. Gertutik ari da jarraitzen txapelketa. «Faborito guztiek aise lortu dute sailkatzea». Teknikariak argi du. «Benetako txapelketa orain hasiko da, hemendik aurrera ikusiko da faboritoen maila».

Hainbat datu esanguratsu utzi ditu lehen faseak. Guztira 106 gol sartu dira, 2,9 partidako. Jokatutako 36 partidetatik hamaseitan, irabazleak gol baten aldeaz irabazi du. AEBetako Alex Morgan eta Australiako Sani Kerr izan dira golegile nagusiak, bostekin. Morganek partida bakar batean sartu zituen. Hamahiru gol sartu dira penaltiz, eta sei izan dira jokalariek beren atean sartutakoak. Guztira 86 txartel erakutsi dituzte epaileek. Brasilek jaso du txartel gehien: zazpi.

Juaristik onartu du datuetatik harago norgehiagokak ez direla «oso ikusgarriak» izan oro har. «Baina lehen fase honetan normala da. Selekzioetako asko zer gertatuko zain daude, eta apur bat esku frenoa jarrita. Hemendik aurrera, partidak irekiagoak izango dira, eta ziur nago lehia politak izango direla». Faboritoen artean, joko aldetik estuen ikusi dituenak Alemania eta, batez ere, Japonia izan dira. «Biek nahiko multzo gaiztoak zituzten. Baina, hortik harago, ez da ezustea izan.Alemania bere bidea topatu ezinik dabil 2016ko Olinpiar Jokoetatik; Japonia, berriz, eraberritze prozesuan dago. Dena den, une erabakigarrietan ez dute huts egiten, eta hemendik aurrera hori da balio duena». Sailkatuen artean Afrikako bi selekzio egoteari ere garrantzia eman dio: Nigeria eta Kamerun.

Juaristiri «pena» eman dio Argentina final-zortzirenetarako ez sailkatu izanak. «Ez du joko ikusgarririk egin, defentsako lanean oinarritu duelako. Baina zituen ahalmenei etekinik handiena atera die, eta, multzo berean Ingalaterra eta Japonia zeudela kontuan hartuta, meritu handia du azkenera arte sailkatzeko aukerekin egon izanak. hautatzaileak jokalariekin lortu zuen inplikazioa ikaragarria izan zen».

Lehen fase honetan, Juaristiren ustez, argi geratu da fisikoa zer garrantzitsua den: «Selekzioen arteko aldea markatzen du. Izan ere, horrek jokalariei ahalbidetzen die erritmo eta indar handiagoarekin jokatzea, eta emakumeen futbolean hori erabakigarriada». Frantzia jarri du horren adibide.

Horrekin batera, uste du faboritoen lehen eta bigarren koskan dauden selekzioen arteko aldea gutxitu egin dela. «Ingalaterrak, Kanadak eta Norvegiak, adibidez,oso partida onak eta serioak jokatu dituzte. Uste dut gai izan daitezkeela txapelketa irabazteko. Ingalaterra batez ere oso ondo ikusi dut, eta urrats handia egin du arlo fisikoan; tekniko-taktikoki oso ondo landuta dago». Esparru horretan aurrerapausoak eman direla uste du. «Selekzioek jokoaren kontrol gehiago dute. Erritmo azkarragoan jokatzen da, baina baloi jabetzari zentzu gehiago ematen zaio».

Estadioek izandako zale kopurua ere nabarmendu du. «Harmailetan jende asko ikusten da, eta horrek ikusgarritasuna ematen die lehiei». Ligaxkako partiden artean, AEBek eta Txilek jokatutakoa izan zen ikusle gehien bildu zituela. Parisko Printzeen Parkean jokatu zen, eta 45.594 ikusle bildu ziren.

Zeresana eman duten jokalarien artean, hiru izen nabarmendu behar dira: Marta Vieira eta Miraildes Maciel Mota Formiga brasildarrak eta Alex Morgan AEBetakoa. Marta Munduko Kopako inoizko goleatzailerik onena da astearteaz geroztik, hamazazpi golekin. Formiga, berriz, Munduko Kopa gehien jokatu dituen jokalaria da: zazpi. Halaber, txapelketan lehiatu den inoizko emakume zaharrena da, 41 urte baititu. Alex Morganek, berriz, Michele Akers eta Oleg Salenkoren marka berdindu zuen, Munduko Kopako partida batean bost gol sartuta.

Final-zortzirenak, gaurtik

Gaur ekingo zaie final-zortzirenetako kanporaketei. Bi neurketa jokatuko dira: Alemania-Nigeria eta Norvegia-Australia. Lehen kanporaketan, Alemania da faborito argia da. Nigeriak azken-azkenean egin zuen aurrera, bere multzoko hirugarren sailkatu baitzen. Oreka handiagoa espero da, aldiz, Australiaren eta Norvegiaren arteko neurketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.