Ziklo-krosa

Lehiatzeko gosea ase ezinda

Ziklo-krosa indarra hartzen hasita zegoen azkenaldian. Denboraldi honetan ere hori zen asmoa, baina pandemiak bertan behera utzarazi ditu hainbat proba. Hala ere, Paula Suarez eta Aitor Hernandez gogor ari dira geratu zaiena prestatzen.

Aitor Hernandez proba batean, zirkuitu lokaztu batean. AITOR HERNANDEZ.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Katea atera zaio ziklo-kros denboraldiari. Pandemiaren lokatzak trapu eginda utzi ditu txirrindulariak eta bizikletak. Ziurgabetasunaren kezkaz zikinduta daude, eta ez dakite aldez aurretik zehaztuta zegoen egutegiaren zati bat ere garbitu ahal izango den. Ematen du baietz, hainbat lasterketa egiteko moduan izango direla. Ziurra da egutegiak zekartzanak baino dezente gutxiago izango direla, baina.

Gozo antzean zihoan ziklo-krosa azkenaldian, aspaldian bazter batean lagata egon ondoren. Baziren lasterketak eta bestelako egitasmoak kirol horri berrekiteko, eta eraginkorrak izan dira, nonbait, suspertzen ari baitzen. Denboraldi honetako etenak eta berezitasun guztiek zer ondorio izango dituzten etorkizunean ez dago garbi, baina ematen du bide onetik segituko duela. Horretan da, behintzat, Aitor Hernandez (Ermua, Bizkaia, 1982) txirrindularia: «Aurtengoa parentesi bat izan dadila, indartsuago itzultzeko datorren urtean», esan du Specialized-Ermuakoak.

Horrela esanda, ematen du ez dutela korrituko ezer, baina izango dituzte probak urte hau amaitu aurretik eta hurrengoaren hasieran: abenduaren 12an eta 13an, Espainiako Kopako lasterketak dira Valentzian (Herrialde Katalanak); hilaren 20an, Iruñean ere bada proba bat; astebete geroago Euskadiko Txapelketa da; urtarrilaren 6an, Elorrion, nazioarteko lasterketa dago; eta azkenik, lau egun geroago, Espainiako Txapelketa Torrelavegan (Espainia). Horietan guztietan izateko asmotan da Hernandez.

Paula Suarezek (Gasteiz, 1998) ere buruan dauzka lasterketa horiek, eta Munduko Txapelketa ere gehitu diezaioke, baldin eta Espainiakoan lan ona egiten badu Laboral Kutxako txirrindulariak: «Baina ez daukat helburu gisa, ez baitakit egingo den edo ez». Hernandezek ametsetan ere ez du ikusten lasterketa hori: «Espainiako selekzioak bi txirrindulari eramango ditu, eta ia seguru Felipe Orts eta Kevin Suarez izango dira, Munduko Kopako probetan ere ari direlako. Espainiako Txapelketan erori eta bizikleta hautsita ere, bi horiek aukeratuko dituzte ziurrenik Munduko Txapelketarako».

Horiek dira egutegiaren mapak erakusten dizkien koordenatuak orain. Ez ziren, baina, hain gutxirako prestatzen hasi, lasterketa gehiago zeudelako iragarrita, eta egoera desatsegin horrekin dabiltza dantzan biak: korritu nahi eta ezin, gehiago egiteko prestatuta egonda ere. Dena dela, ez zaie motibazio alerik urtu: «Urte osoa daramagu horrela ia-ia, eta, gutxienez, errepidean izan ditugu zenbait lasterketa. Nire korritzeko gogoa baretzeko balio izan dute, behintzat», azaldu du Suarezek. Beste alor batean ere aurkitu du bizigarririk: « Nire mailak onera egin du, eta hori motibagarria da, nahiz eta jakin lasterketarik gabe edo gutxiagorekin ariko garela». Hernandez ere bizi dabil, gogotsu: «Entrenatzen ari naiz bihar lasterketa egongo balitz bezala. Prest nago lehiatzeko, gogotsu. Ez dut motibazorik galdu». Aitortu du, hala ere, gauza batzuk aldatu egin behar izan zituela prestakuntzan: «Irail amaieran oso ondo nengoen, urrian hasi behar genuelako lasterketen egutegiarekin. Ikusirik bertan behera geratzen ari zirela, koska pare bat jaitsi nuen fisikoan, intentsitatearen alorrean. Duela pare bat astetik heldu diot berriz ere tinko lanari, abenduan etor daitekeenerako». Hipotesien hari mehe horretan, bazuen itxaropenen bat Ermukoak: «Urrian bertan behera geratu ziren proba batzuk abenduan jarriko zituztelakoan nengoen, baina antolatzaile askok erabaki dute aurtengoak ez egitea».

Gauzak ondo direla, abenduaren 12an eta 13an itzuliko dira lehiara biak. Lehenagotik eginak dituztelako pare bat lasterketa, Hernandezen kasuan mendiko bizikletakoak izan baziren ere: «Bi proba izan ziren, eta Bizkaiko txapeldun izatea lortu nuen». Suarezenak ziklo-krosekoak izan ziren: «Bi lasterketatan aritu naiz, eta ondo». Berrikuntza handi batekin aritu ere, praktikan gauza asko aldatu ez badizkiote ere: «Elite mailara pasatzea erabaki dut aurten, adinez 23 urtez azpikoa banaiz ere. Baina beti elkarrekin lehiatu izan gara bi mailatakoak, eta horregatik ez zait ia ezer aldatu. Mailaz igotzea erabaki dut nik neuk neure buruari jarritako erronka moduan». Jauzi horrek zer emango dion laster jakingo da, lehiara itzultzen denean. Hernandezek bai, zehaztu ditu helburuak: «Irabaztera ateratzen naiz beti, edo, behintzat, podiumean sartzera».

Profesionala, eta ikaslea

Biak kirol berean aritu arren, bada ezberdintasun handi bat haien jardunean. Filosofia ez dute bat eta bera: Suarez ikaslea ere bada; Hernandez, berriz, profesionala. «Bizimodua ateratzeko soldata lortzen dut», dio azken horrek. Ez da gutxi, hain egoera eskasean egon den kirol batean aritzeko: «Babesleak dauzkat, ondo babesten naute, eta urteak daramatzat bizimodua ateratzen». Babesleen jatorria kontuan izaten du egutegia aukeratzerakoan: «Hemengoak direnez, ez naiz Belgikara-eta joaten. Urteak nabil horrela».

Suarez ez da profesionala. Oraingoz. Beste lehentasun bat dauka: «Ikasketak bukatu nahi ditut». Ingeniaritza Elektroniko Industriala ari da ikasten, eta ikasturte hau geratzen zaio harenak egiteko. Orduan izan daiteke profesional izateko aukerari heltzeko garaia: «Dena ondo badoa eta hobetzen orain bezala segitzen badut, izan daiteke aukera bat. Udan erabaki beharko dut». Bizikleta eta ikasketak bateratzeko arazorik gabe ibiltzen da, hala ere: «Ondo antolatzen naiz, eta espero dut dena ondo joatea, orain arte bezala».

Profesional izateko pausoa ematen badu, bat egingo du Hernandezekin egoera horretan datorren denboraldian, ez baitu bizikleta gordetzeko inolako asmorik: «Aurtengoa oso motz geratuko da, eta motibatuta nago jarraitzeko. Ez daukat uzteko asmorik. Ondo ari naiz entrenatzen». Batek daki Suarezek lehen Hernandezek egindakoa egingo duen: Belgika aldeko egutegian ere lehiatu. Ez zaio, hala ere, arrotza egingo, hilabete gutxian bi bider aritu baita han zehar: «Urte hasieran, ziklo-kroseko Munduko Txapelketan korritu nuen, Suitzan, eta, oraintsu, errepideko Europako Txapelketa, Bretainian». Esperientzia berriak ikusi eta haietatik ikasteko asmoz joan zen: «Suitzakoan, etxetik ateratzerako banekien emaitza ez zela ona izango, maila ona baitago».

Antzeko zerbait gertatzen zaio Hernandezi Espainiako aurkari indartsuekin: «Orts eta Suarez maila oso onean daude: antzematen zaie kanpoan ere ibiltzen direla». Oro har, Espainiako probetan maila ona dagoela dio: «Badira beste sei-zazpi txirrindulari hemendik bizi nahian, eta ondo dabiltza. Gero, lanarekin uztartzen dute beste batzuek, eta moldatzen dira». Lasterketa batzuetan errepideko profesionalak ere azaltzen zaizkie: «Ona da hori ziklo-krosarentzat, ikusleak erakartzen dituztelako lasterketak ikustera». Hor beste aldagai bat kirol horren azkenaldiko gorakada azaltzeko.

Suarezen inguruan, bera da besteetatik apartekoa. Honegatik: «Bakarretakoa naiz errepidean ere badabilena. Beste guztiak soilik ziklo-krosean ibiltzen dira». Biak egitearen azalpena eman du: «Neguan ez da lehiatzen errepidean, eta, oso lehiakorra naizenez, gehienbat neure buruarekin, lasterketak behar izaten ditut». Espezialitate bakarra egin edo biak, emakumezko dezente batzen dira ziklo-kroseko lasterketetan. Hala dio, behintzat, gasteiztarrak: «Euskal Herrian, hogei bat ateratzen gara, eta Espainian, hori halako bi edo». Bakoitzak izango ditu bere ametsak, nahiak eta gogoak. Baita Suarezek ere, ametsa esatea gehitxo iruditzen bazaio ere: «Mundu mailan gora egitea izan daiteke gogoetako bat, baina zaila da, oraindik urruti baikaude onenengandik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.