Mendia

Jendearen irteteko gogoa asetzeko ahaleginean

Etxetik gertu edo urruti, asko dira udako oporrak mendian egin nahi dituztenak. Horientzat, aukeretako bat agentziak dira. Pandemiaren murrizketak gutxituta, ari dira datozen hilabeteei begira izango duten eskaintza osatzen. Espero dute beren asmoak ahalik eta normaltasun handienez egin ahal izatea.

Nairobitarrak etxetik gertu antolatu ditu azken irteerak. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Pandemiaren gaitzaren azken datu onak nahikoa izan dira berriro ere malgutasun pixka bat izateko. Txertaketa masiboa martxan jartzearekin batera, atzerrira bidaiatzeko edo etxe inguruan lasaiago ibiltzeko aukerak zabaldu zaizkio jendeari. Asko dira etorkizunean argia ikusten hasita daudenak. Horietako batzuk mendiaren eta naturaren inguruan antolatuta dauden agentziak eta taldeak dira. Asko berriro ere aurreikusten zen ziurgabetasunari aurrea hartu, eta hainbat aukera mahai gainean jartzen saiatzen ari dira. Udara begira, beren egutegiak betetzen hasiak dira dagoeneko.

URRUTIRA JOAN GABE

nairobitarra.eus webgunean eta [email protected].

Iazko pandemiak eraginda hasi ziren gaur egun Nairobitarra osatzen duten bi lagunak, Josu Iztueta (Tolosa, Gipuzkoa, 1957) eta Iker Iriarte (Alegia, Gipuzkoa, 1984), etxe inguruko ibilbideak prestatzen. Arrakastatsua izan zen iazko uda, eta gai izan ziren aurreikusitako asmoak aurrera ateratzeko. «Zorte handia izan genuen. Mendian igaro genituen 45 egunetatik, hirutan bakarrik izan genuen euria, eta hori oso zaila da Euskal Herrian», gogorarazi du Iztuetak.

Aurtengo udarako, hiru ibilbide dituzte aurreikusita Iztuetak eta Iriartek, uztaila eta abuztua bitartean. Lehena, Elkanoren barnealdetik kostaldera izena hartu duena izango da: Tolosatik irten, Getariara igaro eta Ondarroan amaituko da bost eguneko ibilaldia. Balio erantsi bat ere eman nahi izaten diete ibilbideei: «Bisita gidatu baten bidez, Getaria eta txakolindegi bat ezagutzeko aukera probestuko dugu».

Gaztaren ibilbidea ere gustura egin zuten iaz joan zirenek. Ordizian izango du ibilbideak hasiera eta amaiera. Ibilbide zirkularra da. Arantzazu eta Idiazabalgo Gaztaren Museoa bisitatuko dituzte, gainera.

Hirugarrenak Erronkari ibarrean gora du izena: zirkularra da, eta Nafarroako Pirinioetatik igarotzen da. «Hau ere bost eguneko ibilbidea izango da; Burgin hasi eta Izaban amaituko da. Azkenengo egunean, Lakartxela mendiaren magalean dagoen Arrako ur jausia ikusteko aukera ere izango dute taldekideek», aurreratu du Iztuetak. Hiru ibilbideetan, bertako kultura, ohitura zaharrak eta jendearen egunerokoa ezagutzeko aukera ere izango dute izena ematen dutenek.

Abuztuaren hasierarako zerbait berria prestatzeko lanetan dabiltza egun hauetan Iztueta eta Iriarte. Galiziara joateko eskaintza egingo dute, han egingo den ontzi tradizionalen topaketa aitzakiatzat hartuta itsas kultura gehiago ezagutzeko. Abuztuaren amaierarako, berriz, Gaztela eta Leon (Espainia) izango dute jomuga. Palentzia, Leon eta Burgos ezagutzeko aukera izango da Nairobitarrarekin. Azken bi bidaia horietan, oinezko ibilbideak, mendia eta bizikleta uztartuko dituzte.

Iztuetak argi dauka neurriak arintzearekin batera jendea berriro ere lehengora itzuliko dela, baina oraindik ere urruti samar ikusten ditu bidaia luzeak: «Udazkenera begira, Andaluzia eta Kanaria uharteak bisitatu nahiko genituzke»,

LEHEN EZAGUTUTAKOAK EMATEN DUEN ABANTAILA

www.polikitaldea.com eta polikitaldea@polikitaldea

Gloria Latasa (Errenteria, Gipuzkoa, 1957) eta Nekane Intxausti (Donostia, 1963) Poliki taldea osatzen duten arduradunak dira. Donostian dute egoitza, eta biak Geografian lizentziadunak eta natur inguruneko gorputz eta kirol jardueren gidaritzako teknikariak dira. Nairobitarrako bi kideen antzera, hauentzat ere urte arraroa izaten ari da azkenengo hau.

2020ko geldialdiak eragin handia izan zuen haien lanean: «Urte guztirako egutegia prestatuta geneukan, baina martxora arte bakarrik osatu genuen. Konfinamendua eta gero, Kataluniako Pirinioetara joan ginen».Gauzak aldatu direnaren zantzuak ikusten hasita daude bi teknikariak. Uztailean eta abuztuan egingo dituzte aurtengo udarako prestatuta dituzten bi irteerak. Leku berera egiteko hautua egin dute: Kataluniako Boi harana izango dute oinarrizko kanpaleku aurten ere. Azken urteetan Alpeetara egin izan dituzten txangoak albo batera utzi, eta ziurtasuna izan dute ardatz nagusi: «Apirilean gauzak nola zeuden ikusita, ez genuen egoki ikusi Alpeetara joatea. Gauza asko itxi behar izaten ditugu aldez aurretik, eta ez genuen ziurtasunik ikusten» argitu du Latasak.

Aste Santuan, Izkiko (Araba) mendilerrora irteera pare bat egin zituzten, eta Pazko astean ere talderen batekin Murgia (Araba) inguruko mendietan izan ziren: «Arantzazura joan ginen, eta bazirudien Bahametara joan ginela! Guretzat, Aizkorrin barrena ibiltzea Himalaian ibiltzearen parekoa izan zen».

Udari begira jarrita, ohi baino denbora gutxiagorekin antolatu behar izan zuten irteeren egutegia. Ez dute arazorik izan bi taldeak osatzeko: «Jendeak irten egin nahi du». Astebeteko irteerak antolatu dituzte. Lehena, uztailaren 19tik 25era, eta bigarrena, berriz, abuztuaren 9tik 15era. Hamalau pertsonekin osatuko dute talde bakoitza, eta, besteak beste, ibilbide ezberdin asko egiteko aukera izango dute: esaterako, Kataroen ibilbidea, Cavalls del Venteko eremua eta Sant Jaumeren ibilbideko zati bat.

Jende helduak emango du izena, batez ere. Horren adibide da azken irteeran izan zuten kasua, 80 urteko mendizale batekin zapaldu baitzuten Gorbeiako tontorra (1.481 metro). «Oso bezero fidelak ditugu», baieztatu du Latasak. Mendian lasai ibiltzea da gehien eskatzen dizkieten gauzetako bat, arrisku handirik gabeko guneetan. Ezinbestekotzat jotzen dute inguruko kulturarekin, herriekin eta bertakoekin izaten dituzten harremanekin aberastea: «Gauza horiek landuko ez bagenitu, egiten dugunak ez luke zentzurik izango».

Garai bateko ohiturak berriro ere itzuliko ote diren galdetuta, erantzun du pazientzia izan behar dela: «Jendeak, orokorrean, ziurgabetasun handia dauka oraindik pandemiaren gaiarekin. Gauzak lehengora itzultzeko, denbora pixka bat pasatuko da» amaitu du Latasak.

GOI MENDIETARAKO AUKERAK

www.basquemountainguides.com eta basque@basquemountainguides.com

Ibai Rico glaziologoak eta mendi gidariak (Gasteiz, 1980) ere lan askoko egunak ditu ekainaren lehenengoak. Beste lau kiderekin batera, Basque Mountain Guides mendi-gidari taldearen sortzaileetako bat da. Ricoz gain, tartean dira, besteak beste, Unai Garcia, Luis Angel Rojo Gorri, Juan Vallejo alpinista eta Iñaki Garai Euskal Mendi Federazioko segurtasun arduraduna ere. Basqueko gidariek gida zerbitzua, jarduera desberdinen sorrera eta garapena, eta mendian egiten diren diziplinak batzen dituzte haien zerbitzuetan. Goi mailako alpinistak dira guztiak ere, eta hori dute oinarri.

Gidari ezagunak diren arren, pandemiak eragina izan zuen haien jardunean ere. Halere, ez da kexu Rico: «Alpeak dira gehien bisitatzen dugun eremua, eta, nahiz eta koronabirusaren arazoa hor izan genuen, aukera izan genuen bezero batzuekin Mont Blancera [Alpeak, 4.810 metro], Cervinora [Alpeak, 4.478 metro] eta Monte Rosara [Alpeak, 4.634 metro] joateko». Gutxienez astebeteko egonaldia eskatzen duten mendiak dira Ricok aipatutakoak. Girora moldatzeko, beste bi laumilakotara ere igotzen saiatzen dira aurretik.

Aurten ere aukera berak eskaintzen ari dira. Konpromisoa eta trebakuntza handia eskatzen duten gailurrak dira denak ere, eta alpinista askoren ametsak betetzen dituzte Alpeetako tontorrik esanguratsuenek. Sona handiko izenak dira eskaintzen ari direnak: Mont Blancez, Monte Rosaz edo Cervinoz gain, Valaiseko Laumilakoen (Suitza) zirkuitua ere martxan jarriko dute. Halere, mendi horietara igotzeko eguna iritsi aurretik, entrenamenduak egiten dituzte urte osoan Basque Mountain Guideseko kideek. Talde oso txikiak edo bakarkakoak izaten dira gehienetan, eta Europako Gailurretan prestatzen hasten dira: «Sokak egoki erabiltzen eta ertzetan nola lan egingo dugun erakusten diegu. Talde dinamika ere asko lantzen dugu, ezin baitugu ahaztu, entrenamendu fisikoaz gain, bertako bizikidetza ere oso garrantzitsua dela».

Udan Alpeetara egingo dituzten bidaiez gain, eskaladako hastapen eta trebakuntza ikastaroak ere martxan jarri dituzte azken hilabeteetan: «Lehen ere egiten genituen ikastaro hauek, baina pandemiagatik gehiagotan egiten ari gara. Arrakasta handia izaten dute arrokako ikastaroek», zehaztu du, eta horregatik erabaki dute horiei eustea, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.