Sebastian bat bazen

San Sebastian egun «lasaia eta tristea» ospatu dute Donostian. Balkoietatik «salbatu» dute bezpera, eta danbor soinu bakanen batek egin die ihes egunean bertan ere. Izan da, okasiorako jantzi, eta kolorea ematen saiatu denik.

8 GORKA RUBIO / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Eta Sebastian bat bada zeruan. Eta Donostia bat bakarra munduan. Baina lehenaldiak jan du Sarriegiren martxaren orainaldia. Badena, bazen. Eta jada ez da bakarra. Ez-festen zakuan sartu da Donostia (ere). Egutegian lehena izatearena du orainaldiko marka.

Puxika urdin bat haizearen erritmoan galduta, Askastasunaren Etorbideko zebra bidea gurutzatzen. Hirira sartzean, lehen irudia. Bi gazte poltsa berde batekin Maria Cristina hotelaren parean doaz aurrera. Litroko Keler botila dezente antzematen dira barruan. Ez dute hitz egin nahi. Ez gazteek eta ezta Maria Cristina hotelekoek ere. «Prentsarekin hitz egin dezakeen bakarrak, salmenten arduradunak, jai du gaur. Ezin dizugu ezer esan. Sentitzen dugu», azaldu du harrerako kideak, abegikor. Bezero batekin gelditu da. Bart logelara kargatutako Faustino botila bat dute hizpide.

Ikusi egunaren inguruko argazki bilduma.

Okendo Almiranteak ere badarama bandera bat besapean, baina ez du zerikusirik danborradarekin. Izen bereko jatetxean, berriz, Penelope Cruz aktoreak egiten die harrera bezeroei, sukaldariz jantzita. Barruan, Danny Devito jarri dute danborrada zuzentzen, eta Ricardo Darin jangelara paso ematen. «Saiatu gara aurten ere taberna eta jatetxea modu berezian apaintzen», nabarmendu du Okendo jatetxeko arduradun Lorena Garciak. «Tristea eta ezberdina» hitzak darabiltza ahotan hartuta hiriko egun nagusiari buruz aritzeko, nahiz eta onartzen duen azken orduko erreserbak izan dituztela, eta jangela bete egingo dutela, segurtasun neurri guztiak beteta: «Uste dut batzuek badutela gogoa zerbait hartzera irteteko. Inguruko herrietan lan eguna da, eta haietako batzuk, gainera, konfinatuta daude. Inoiz baino festa donostiarragoa izango da aurtengoa».

Aita eta alaba, jantzita

McDonalds parean, hiru gazte makilak eskuan hartuta. Jotzen dituzte tarteka, ezkutuka bezala. Zapiak dituzte lepoan, urdinak. Batek baino gehiagok. Baita lotuta daramaten txakur hark ere. Turismo bulegoaren parean doa. Itxita dago. Badabil jendea bulebarrean. Guztien artean, bi nabarmen, okasiorako jantzita, dotore. Alaba aitarekin. Nahikari Urien eta Zelestino Olaizola dira. Kolore ukitu bat grisean. «Sentimendu bat adierazteko» hartutako erabakia, Nahikari Urienek azaldu duenez: «Joan den astean erabaki genuen guk etxean bertan entseguak egitea. Behintzat danborradaren sentimendu horri eustea. Atzo, aitak, amak, ahizpak eta nik afaldu genuen elkarrekin. Anaiak ezin izan zuen etorri. Goxo afaldu genuen, eta denetik jo genuen: aitak, danborra; ama, banderaduna, eta ahizpak eta nik, barrila. Erabaki genuen gaur jantzita irtetea, gure kolorea eta sentipena ikusarazteko. Egia da jendeak harrituta begiratzen digula. Sentsazio ezberdina da, polita». Gaztelubiderekin jo ohi du gauean aitak; Herria elkartekoa da alaba.

Alderdi Ederren ez dago urduritasunik eta ilusio samurrik. Ez dago haurren danborradarik. Ez gaizki jantzitako kapela okerrik, ez barruregi sartutakorik, ez belarririk kanporantz, ez guraso argazkilari ernegagarririk. Behin izango aukera goitik beherako zirarik eta oinetatik leporainoko termikorik gabe danborra suelto jotzeko, eta ezer ere ez. Eguraldiak ere ez du laguntzen; alegia, onegia egiten du txarraz akordatzeko.

Danborrada inprobisatuak Parte Zaharrean. Bi sukaldari urrutira. Hasi dira barrilak agertzen. Ez dago gaupaserorik Ikatz kalean. Garbiak dituzte denek oinetakoak: hori da seinalea. Baina badago umorea. Pintura poto batek ere balio du lurrean jarrita eta distantzia gordeta. Bat-bateko kontzertu klandestinoa Belea taberna parean.

Ez baitago erraza. Konstituzio plazako sarrera bakoitzean, bi ertzain. Barrura sartu, eta hiru patruila eta beste hamar ertzain. Kalean gora eta behera dabiltza poliziak. Identifikatu dutenik ere izan da, baina lasai joan da dena. «Errutina gisara hartu dute Parte Zaharrean sartzea, eta oso estu ari dira jendea hartzen», azaldu du Juantxo tabernako zerbitzari Xabier Pachecok. Gainezka behar luke egun eta ordu horretan. Bi ari dira, lau edo bost izan beharrean. Bere txikian, baina badabil jendea: «Gu nahiko ongi ari gara lanean. Jendea Juantxora etortzen da. Eramateko ogitartekoak beti jarri izan ditugu gurean, eta orain ere asko ari gara horrekin. Ez dugu egun bakar batean ere itxi. Beste asko okerrago daude».

Galdetu, bestela, Raimundo Sarriegiri. Isilik eta hotz dago bere plazan. Selfie bat edo beste ari dira egiten batzuk harekin, urteko egunik burrunbatsuenaren isilta suna gordean izateko. Ez da ohikoa, baina egia dio behingoz Bulebarrean zintzilik jarritako publizitate erraldoiak: «Donostian martxarik ez dago».

Gauean, ordea, lau pertsona atxilotu eta sei zauritu zituzten Parte Zaharrean gertaturiko istiluetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.