Iker Tubia.
FERMIN 'EZ-DEUNA'

Maskara jantzita

2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Maskara jantzi ohi dugu inauterietan, eta mozorrorik gabe bada ere, maskara jantzi ohi dugu bestetan ere. Edo agian alderantziz da, eta mozorroa janzten dugunean erortzen zaigu eguneroko maskara. Sanferminetan ere mozorroa jantzita ibiltzen gara iruindarrak: jendartean ezkutatzea ahalbidetzen duen jantzi zuri-gorriak ematen digu bide urteko gainerako egunetan ageri ez dugun aurpegia nabarmentzeko.

Aurten sanferminik ez, baina maskara soinean, halabeharrez. Arduratsu agertu beharra nabarmendu du Navarra Sumak etengabe. Horixe zen garrantzizkoena: ardura itxura ematea, ez dadila maskara erori. Eta hala joan zen uztailaren 6a, poliziaz jositako Alde Zaharrean: «Paratu maskara!». Biharamunean txaloak, itxura ona eman dute iruindarrek. Arduraren itxura. Eta joan dira Espainiako telebisten fokuak, eta desagertu dira haiekin batera kontrolak. Eta, azkenean, erori dira maskarak. Uztailaren 7an ez zen sanfermin girorik, baina arratsetik aurrera, maskararik ez eta edukierarik ez, baina besta bai. Berdin zuen, ez dago fokurik.

Egia esan, egun normala zen, halakoak izan baitira pandemiaren ondoko ostegun, ostiral eta larunbatak. Antzokian zorrotz, ostatuetan barra libre. Baina zer espero dugu: ezin da sanferminetako musikarik jarri, baina meza egin liteke. Ez da sanferminik, baina zapi erraldoi bat dago udaletxetik behera zintzilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.