Sanpelaioak Zarautzen

Danborradak ez du adinik

San Pelaio jaietan dabiltza zarauztarrak, eta bihar dute egun handia: txupinazoa eta umeen eta elkarteen danborrada dituzte. Gazte danborrada egingo dute lehenengoz, etzidamu

Haurren danborradak 40 urte beteko ditu aurten, eta bihar arratsaldean astinduko dituzte danborrak. AMAIA VENTAS ALDABALDETREKU / UROLA KOSTAKO HITZA.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Zarautz
2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Gogoko dute Zarauzko (Gipuzkoa) herritarrek eta haien danborrek biharko eguna, San Pelaio egunaren bezpera: festen hasierako txupinazoa eta danbor hotsak izaten dira nagusi herriko kaleetan, haur eta elkarteen eskutik. Aurten, gainera, beste danborrada bat ere izango dute, gazteena egingo baitute lehenengo aldiz. Gazteak, elkarte berriak eta elkarteetakoa ez den jendea erakartzeko asmoz antolatu dute; ekainaren 27an egingo dute, 12:00etan.

Harrobia sortzeko asmoz antolatu dute gazteen danborrada: «Hutsunea dago haurren danborradaren eta elkarteenaren artean, eta 13 eta 18 urte arteko gazteak erakartzeko antolatu dugu gazteena», azaldu du Miguel Taboada Kayua elkarteko kideak. Elkarteek osatzen duten danborradaren taldeko kidea ere bada, eta hura antolatzen buru-belarri dabil azken asteetan; koordinazio lanaz arduratzen da danborrada egunean bertan, beste lauzpabost lagunekin batera.

Gazte danborrada izena jarriagatik, irekia dela argitu du Taboadak: «Gazteez gain, elkarteetako bazkideak ez diren herritarrak ere animatu nahi ditugu». Horregatik, herriko bestelako talde eta norbanakoek ateak irekita dauzkate, Taboadaren arabera. Halaber, elkarte berriak animatzeko xedea ere baduela azaldu du.

Jende berria biltzeaz gain, egungo espazio arazoari erantzuteko aukera ere izan daiteke danborrada berria: «Plazan doi-doi sartzen da egun elkarteen danborrada; hirugarrena jarriz gero, arintzeko aukera izango genuke». Hark azaldu duenez, lagungarria litzateke taldeak elkarteen danborradan eta gazteenean txandaka ateratzea. Hala ere, esperimentua dela nabarmendu du.

Danborrada berriaren sorreraz gain, urteurrena ere izango da aurtengo jaietan; izan ere, 40 urte beteko ditu haurren danborradak. Hura da jaietan atabalak astinduko dituen lehena: Azken Portu, Inurritza, Vista Alegre eta Itsasmendi auzoetatik abiatuko dira taldeak bihar, 18:30ean, eta Lege Zaharren plazan bilduko dira gero. Danborrada antolatzen duen Udal Kultur Taldea omenduko du han udalak.

Elkarteek hartuko diete lekukoa haurrei, 23:00etan. Hamabi taldetako 400 pertsona inguru aterako dira, eta musika bandarekin elkartuko dira Lege Zaharren plazan. Gauerdian lehertuko da festa, txupinazoa bota eta bandera igotzean. Lau egun iraungo du jai giroak Zarautzen, eta ez da faltako musikarik, kale animaziorik, jolasik eta jan-edanik Inurritzan eta herrigunean.

'Nas Pelayuak'

Festa bete-beteak dituzte beraz, eta Danda Gazte Asanbladak prestatutako egitaraua ere halakoxea dator; Gurekin Jai festa batzordeak bertan behera utzi zuen iaz jarduna, Euskal Jaiak igaro berritan. Hutsune horretatik abiatuta sortu dute aurten Danda herriko zenbait gaztek. Hainbat arlotan eragitea dute helburu: besteak beste, jaietan. Horregatik, euren egitaraua antolatu dute lehenengoz, Nas Pelayuak izenburupean. Herriko beste zenbait eragile ere bidelagun izan dituzte, elkarlanean aritu baitira.

Bihar ekingo diote egitarauari, Iñurritza auzoan: jolasak eta herri bazkaria egingo dituzte han; iluntzean, berriz, txosnak irekiko dituzte Munoa plazan, eta Rodeo, Rukula eta Ara taldeen kontzertuak izango dira goizeko ordu txikiak arte: datozen bi egunetan ere izango da aukera San Pelaioetan nahasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.