Koronabirusa

Oldartua da birusa berriro ere

Beste 874 kutsatu izan dira Hego Euskal Herrian. Kezka sortzen du Nafarroan pandemiak hartutako bideak: positibo tasa %27,5 da. Oraingoz, transmisioaren gorakada ez da ospitaleetan igartzen

Edurne Begiristain.
2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Larritasuna agerikoa da. Goraldi betean da birusa berriro ere Hego Euskal Herrian. Are, haren malda nabarmen ari da malkartzen azken egunotan. Pandemiaren bilakaerari dagokionez, arindua aski nabarmena izan da azken bi hilabeteetan, baina, ekain amaieratik aurrera birusaren transmisioari buruzko datuak gero eta ilunagoak dira Hego Euskal Herrian. Asteak dira kutsatuen kurba lautu zela, eta, berriki, goranzko joera kezkarako zio bihurtu da berriz ere. Izan ere, hilaren 1etik aurrera, egun bakarrean zenbatutako kasu kopurua beti izan da 400 positibotik gorakoa, eta egunez egun koska bat gora egin ari dira kutsatzeak. Gorakada hori berretsi zuten atzo Hegoaldeko osasun agintariek emandako datuek. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 7.151 proba egin zituzten herenegun COVID-19a detektatzeko, eta 874 kasu zenbatu zituzten. Maiatzaren 6tik erregistratutako kutsatu kopururik handiena da hori.

Transmisioaren larriagotzea aise sumatu daiteke azken bi asteetako bilakaerari so eginez gero: azken hamalau egunetan batez beste 378 positibo detektatu dira egunean Hego Euskal Herrian. Duela bi aste, hau da, ekainaren 21ean, batezbestekoa 226 zen. Positibo kasuak lurraldez lurralde aztertuta, hauek dira igandean egindako testen datuak: Nafarroan 507 positibo zenbatu ziren; Bizkaian, 178; Gipuzkoan, 146; eta Araban, 34.

Azken datuen arabera, birusaren transmisioak Hegoaldeko lau lurraldeetan du goranzko joera, baina bereziki aipagarria da pandemiaren bilakaerak Nafarroan hartutako bidea. Maiatzetik uztailera bitartean, egun bakar batean zenbatutako kasu kopurua beti izan da ehundik beherakoa lurraldean. Ordea, datuek nabarmen egin dute okerrera hil hasieratik, herenegungo probetan 500 kasuren langa gainditzeraino. Aurreko egunean, 355 izan ziren; ostiralean, 152; eta ostegunean, 68 baino ez. Gainera, bereziki kezkatzekoa da positiboen portzentajea: %27,5. Aldiz, Osakidetzak igandean egindako testen %6,9k eman zuten positibo. Baina ehunekoa bi kasuetan izan da OME Osasunaren Mundu Erakundeak gehienezko mugatzat ezarritakoa baino handiagoa (%5).

Salouko baheketa

Egunak dira intzidentziari buruzko datuek gero eta garbiago erakusten dutela kutsatuen soslaia gaztetzen ari dela. Azken diagnostiko probetan atzeman diren positiboen erdiak baino gehiago 40 urtetik beherakoak izan dira. Hondartza sasoia hastearekin batera unibertsitateko hautaprobak amaituta bidaiatu dutengazteen artean gora egin dute nabarmen kutsatzeek, eta horrek eragina izan du azken orduetako positibo kopuruetan.

Atzo, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi zuen dagoeneko 700 positibo atzeman dituztela Saloun (Herrialde Katalanak) izan diren 17 eta 25 urte bitartekoen artean egindako baheketan, eta kasu horien %80 Delta aldaerakoak izan direla. Han oporretan egondako gazteak bahetzen jarraituko du Osasunbideak, Santos Indurain Osasun kontseilariak jakinarazi zuenez. «Gertaera superkutsatzaile baten aurrean gaude, indiar aldaera tartean dela». Indurainek«kezkagarritzat» jo zuen birusak gazteen artean duen intzidentzia, baina nabarmendu zuen ospitaleetan, oraingoz, ez dela espero igoerarik.

Hain justu ere, oraingoz, transmisioan sumatutako gorakadak ez du islarik izan Hegoaldeko ospitaleen okupazioan. Zehazki, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dutenez, orain guztira 116 lagun dira Hego Euskal Herriko zentroetan gaitzarekin ospitaleratuta. Horietako 44 ZIU zainketa intentsiboetan dira; aurreko egunean, berriz, 42 ziren unitate horietan.

Gainera, osasun agintariek emandako datuen arabera, herenegun hamar lagun erietxeratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta. Azken hamalau eguneko datuei so, egunean 18 lagun erietxeratu dituzte, batez beste. Maiatzaren 1etik aitzina, batezbestekoak etengabe egin du behera; egun hartan 103 izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.