Hezkidetza, tabu bihurtuta

Eztabaida mikatza piztu da Nafarroan, 'Skolae, berdin bidean' izeneko hezkidetza programaren kontura. Genero berdintasuna eta sexualitatea dira programaren ardatzetako batzuk. Eskuinak eta talde ultrakatolikoek, ordea, «haurrak doktrinatzea» leporatu diote Hezkuntza Departamentuari.

Ikastetxe bateko ikasleak, artxiboko irudi batean. MARISCAL / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Genero desorekak, eskola jazarpena, autoestimua eta edertasun kanonak, maitasun erromantikoaren gaineko mitoak, sexualitatea, desberdintasunaren gaineko kontzientzia kritikoa, sexu erasoak... Nafarroako ikasgeletan «kultura berdinzalea» eta indarkeria sexisten aurkako kontzientzia ezartzeko xedez, Skolae proiektua martxan jarri zuen Nafarroako Gobernuak, 2017-2018 ikasturtean. Hamasei ikastetxetan ezarri zuten esperientzia pilotua, eta balorazio positiboak ikusita, ehun bat eskolatara zabaldu dute aurten.

Eskuin politiko, sindikal eta mediatikoak, ordea, kritika gogorra egin dio lauko gobernuari, talde ultrakatolikoek Interneten hauspotutako polemika bati segida emanez. Concapa Ikasleen Guraso eta Familiaburuen Espainiako Konfederazio Katolikoak, esaterako, auzitara jotzearekin mehatxu egin dio Hezkuntza Departamentuari, Skolaek «genero ideologia» hedatzen duela eta hezkidetza programa hori eskoletan ematea «inposizioa» dela argudiatuta. Ez da bakarra izan. Egitasmoaren kontra gogor hitz egin dute UPN, PP, Ciudadanos eta Vox alderdiek, baita Hazte Oir eskuin muturreko elkarte ultrakatolikoak ere.

Besteak beste, Skolae programaren aurkakoek salatu dute «Uxue Barkosen gobernuak 0 eta 6 urte bitarteko haur guztiak jolas erotikoen bitarteko esperientzia sexualak izatera behartuko» dituela, eta bi sinadura bilketa abiatu dituzte Change.org plataforman, gobernuak egitasmoa bertan behera utz dezan. Horietako batek, sinadura gutxien duenak, Tuteran du jatorria; besteak, arrakastatsuenak, Valladoliden (Espainia). 18.000 lagunek baino gehiagok sinatu dute orain arte.

Baina, funtsik al dute kritika horiek? Zertan oinarritzen dira, hezkidetza programa bat «praktika erotiko eta sexualekin» nahasteko?

Dokumentu faltsu bat

Egiazki, itunpeko ikastetxe bateko bi gurasok eginiko dokumentu bat dago eskuinak sortutako kalapitaren oinarrian. Skolae programaren 104 orrialdeko txostena hartu, esaldi deigarrienak testuingurutik atera, bi folioko «laburpena» ondu, eta Hezkuntza Departamentuaren dokumentu ofizialtzat pasarazi zuten guraso horiek. Laburpen hori da eskuineko elkarte, alderdi eta sindikatuek erabili dutena, baina benetako programarekin «zer ikustekorik ez» duela salatu du Maria Solana Hezkuntza kontseilariak. «Errealitatea muturreraino bihurritu dute, esaldi solteak testuingururik gabe emanez, hainbat hitz moztuz eta Skolae programaren ardatzak desitxuratuz», esan du.

Egoera osoa «ulergaitz» zaio Solanari: «Polemika antzua da. Urtebete igaro da plana martxan jarri genuenetik, ikastetxeekin landu dugu, guraso elkarteek aspalditik dute materiala, eta gaia hamaika bider eztabaidatu dugu legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Aurtengo maiatzean, esate baterako, UPNk Hezkuntza Batzordean duen eledunak, Alberto Catalanek, esan zuen Nafarroako Gobernuak baliabide gehiago jarri beharko lituzkeela Skolae programa behar bezala ezartzeko. Zer aldatu da ordutik? Zertara dator orain polemika hau guztia?».

Udal eta foru hauteskundeak gertu egoteak «eragin handia» izan duela uste du kontseilariak. «Batzuek pagaburu gisa hartua dute Hezkuntza eta, zehazki, ikastetxe itunduen komunitatea gure kontra jarri nahi dute, horrekin hauteskunde kanpaina egiteko». Areago: Skolaeren kontrako polemikak «espontaneotik gutxi» duela gaineratu du: «Ez da behetik gora eginiko protesta bat, alderantziz baizik. Parlamentuko bi talderen bulegoetan kozinatutako kanpaina da».

Polemikak eztanda egin aurretik, hezkuntza komunitateak Skolaeri eginiko harrera «beroa eta positiboa» izan zela nabarmendu du Solanak, eta iazko prestakuntza saioak «oso arrakastatsuak» izan zirela. «Irakasleak oso pozik atera ziren bileretatik, eta programaren edukiak goraipatu zituzten». Iazko ikasturtean, 700 irakaslek jaso zituzten formakuntza moduluak, eta horietako 90ek trebakuntza berezia jaso zuten, programa ezarria zuten ikastetxeetan diagnostikoak eta hobekuntza planak egiteko. Bestalde, Haur Hezkuntzako ikastetxeetako gurasoekin ere elkarlanean aritu dira Skolae programako hezitzaileak.

Nazioarteko erreferentea

Kritika oldearen ostean, hezkidetza programaren alde azaldu dira Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau indar politikoak. Iragan asteazkenean, adierazpen instituzional bat igorri zioten parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordeari, heldu den astelehenean onartua izan dadin. Agirian, «babesa» agertu diote Hezkuntza Departamentuak, Osasun Departamentuak eta Nafarroako Berdintasun Institutuak elkarlanean ondutako programari, eta azken egunetan jasotako «erasoak eta manipulazioak» txarretsi. Oraingo honetan, gainera, laukoaren aldera lerratu da PSN ere, berdintasunaren aldeko heziketa «ezinbestekoa» dela iritzita.

Nafarroatik kanpo ere, hezkuntza komunitateko hainbat eragilek txalotu egin dute Skolae egitasmoa, eta erreferente gisa aurkeztu dute. Bihar bertan, Hezkidetza eta Generoko I. Nazioarteko Kongresua eginen dute Madrilen, Karlos III.a Unibertsitateak antolatuta, eta bertan izanen da Maria Solana, Nafarroako proiektu pilotuaren nondik norakoak azaltzen. Hain zuzen, Skolaeren «erreferentzialtasuna» goraipatu du kontseilariak: «Berdintasunaren edo sexu indarkeriaren gisako auzietan, egungo egoera aldatu nahi badugu, oso garrantzitsua da kultura eta paradigma aldatzea, eta hori hezkuntzan aplikatu behar dugu. Punta-puntako profesional talde batek landutako programa aitzindaria prestatu dugu horretarako».

Horregatik, polemikak polemika, hasierako planari eutsi dio gobernuak, eta 2021. urterako, ikastetxe publiko nahiz itundu guztietan eskainiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.