Koronabirusa

Gora egin dute berriz atzemandako positiboek: 1.709 dira, proben %9,6

Espainiako Gobernua Ministroen Kontseilu bat antolatzen ari da alarma egoera ezartzeko. Gipuzkoan, goi-goian dago: 620 positibo gehiago

arantxa iraola
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
COVID-19aren izurriaren datuek gorako joeran jarraitzen dute. Eman zituzten atzo ere Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak azkena egindako testen emaitzak, eta denera 1.709 kasu atzeman zituztela adierazi zuten.17.743 test egin zituzten; positibo eman zutenen ehunekoa, beraz, %9,6koa izan zen. Behin %5etik aurrera birusaren transmisio komunitarioaren arriskua egon ohi dela azaltzen dute osasun publikoan eman ohi diren irizpideek, eta egoera, beraz, kezka eragiteko erakoa da. Hartuta daude ja egoerari aurre egiteko hainbat neurri, baina motz gera daitezkeen susmoa argi adierazi zuten ostiral arratsaldean Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako agintariek, eta Espainiako Gobernuari eskatua diote alarma egoera ezartzeko, eta horren gaineko kudeaketa beren ardurapean uzteko. Madrilen horren gaineko urratsa gaur bertan egitea espero da; Ministroen Kontseilu bat antolatzen ari dira propio horretarako.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zenbatutako kasuetan, igoera oso nabarmena izan da egunotan: atzo hirugarren eguna segidan izan zen 1.000 positiboko muga gaindituta. Gipuzkoan dabil, bereziki, birusa oldartuta: 620 kasu kontatu baitzituzten han, 452 Bizkaian eta 136 Araban. Osakidetzako erietxeetan igartzen ari da igoera horren eragina: atzo beste 61 pertsona eraman zituzten erietxeetara COVID-19ak eraginda. Zainketa intentsiboetako unitateetan 71 paziente daude.Azken datuon arabera, 28 udalerri daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igaro hamalau egunotan 100.0000 biztanleko 500 kasuko intzidentzia gaindituta. Donostia muga horretara iristear zegoen atzo: zehazki, 476,74 kasu zituen. Muga hori gainditzen duten udalerrietan aparteko mugak ezarriak ditu Eusko Jaurlaritzak.

Iruñerrian eta Tuteran

Nafarroan azken zenbaketan 497 kasu berri kontatu zituzten. Positiboen %54 Iruñerrian atzeman zituzten; %23, berriz, Tutera eta inguruetan. Zertzelada gehiago ere eman zituzten atzo izurriari neurria hartzeko; lau pertsona hil ziren COVID-19arekin, eta 30 gaixo eraman zituzten erietxeetara. Hala ere, gaitzaren sintomak hasi eta aste pare bueltan larriagotzen da usu pazienteen egoera, eta asteotan datuen igoerak erietxeetan izan dezakeen eraginari erreparatzeko, beraz, astia beharko da.

Euskal Autonomia Erkidegoan izurriari aurre egiteko eratu duten batzorde teknikoko koordinatzaile Jonan Fernandezek atzo hedabideetan adierazi zuen gauez egiten diren jarduerak «mugatzea» garrantzitsua dela, eta aurki ezarriko dela murrizketa hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.