Baskoniak irabazi egin behar dio gaur Milani ere, Top8a gehiago ez zailtzeko

Euroligako ligaxkako azken-laugarren partida da, eta garaipen batera dauka kanporaketetan aritzea. Milanek bermatu gabe du sailkatzea

Alec Peters saskira jaurtitzen, Zeniten aurka, aurreko astean. ANATOLI MALTSEV / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
TD Systems Baskoniak final itxurako beste partida bat dauka gaur Euroligan. Azken-laugarren jardunaldia da, Armani Milan datorkio Buesa Arenara (19:00, Dazn), eta irabazi egin behar du, Top8rako sailkatzeko aukera ia behin betiko ez galtzeko. Muga-mugan dago, sailkapena garaipen bakarrera duela, eta gaur irabazita ere bide berean jarraitu beharko luke hurrengo jardunaldietan, ahalik eta garaipen gehien batuz.

Oso bolada onean da Dusko Ivanovicen taldea, partida bakarra galdu baitu azken zortzi jardunaldietan —Bartzelona liderraren etxean—, eta horri esker dauka aukera oraindik kanporaketetan sartzeko. Bolada on horretan laguntza handia eman duen jokalari bat faltako zaio gaur: Tonye Jekiri pibota. Sei-zortzi aste egingo ditu eskuin belauneko alboko lotailuetako bihurritua sendatzen —igandean hartu zuen min, Retabet Bilbo Basketen aurka—.

Beste baliabide batzuen alde egin beharko du Ivanovicek zona barruko jokoa moldatzeko, eta, Ilimane Diop eta Yusufa Fall pibotez gain, beste askotan erabili izan duen molde bat ere landuko du ziurrenik: pibotik gabe jokatzea, haien lekuan Achille Polonara jarriz. Aukerak aukera, Baskoniak jokalari askoren lan ona beharko du gaur ere irabazteko, eta, batez ere, bi joko antolatzaileak edo bietako bat fin aritzea: Pierria Henry eta Luca Vildoza.

Milanek ere asko du jokoan gaur. Kanporaketak jokatzea bermatu samar dauka, hiru garaipeneko koska duelako Baskoniarekin. Bat gehiagorekin lotuko lukete. Gainera, Top8an kantxa faktorea alde izango dute ligaxkako lehen lau sailkatuek. Mugan dago orain.

Baskoniak badaki zer den Milani irabaztea sasoi honetan. Italiako hiri hartan jokatu zen partidan, lehen itzulian, eta 79-84 menderatu zuen Ettore Messinaren taldea.

Gernika-IDK: 71-65

Lehen Mailan, 26. jardunaldian atzeratu zen partidan, Lointek Gernikak irabazi egin zion atzo IDK Euskotreni (71-65). Bizkaitarrek laugarren postua ziurtatu dute, eta gipuzkoarrek azken aukera izango dute bihar, Valentzian, kanporaketetan aritzeko: garaipena behar dute, edo Kanaria Handiak Zaragozan galtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.