Marmartiak ezin du gehiago

Alex Fergusonek erretiroa hartuko du sasoi bukaeran, 39 urteko entrenatzaile ibilbidearen ondoren; azken hogeita seiak Manchester Uniteden. Aldaka ebakuntza batek behartu du kargua uztera.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Mito hitza motz gelditzen da. Maitatua bezain gorrotatua, futbol historia liburuetan atal propioa izango duten aukeratu horietako bat da Alex Ferguson. Ekainetik aurrera, baina, iraganean hitz egin beharko da hari buruz, aldakako ebakuntza batek —taupada markagailua darama bihotzean— erretiroa hartzera behartuko baitu. Harekin joango da 39 urteko ibilbidea, azken hogeita seiak jarraian Manchester Uniteden, makina bat garaikur eta are haserrealdi gehiago. «Etxe huts batean borroka bat sortzeko gai den pertsona bakarra da». Haren anaiak esan zuen, zerbaitegatik izango da.

Izaera gogorrak eta aho bizarrik ez izateak bilakatu dute mito entrenatzaile arrakastatsua. Teknikari bainoago, manager izan da, kirol zuzendari eta entrenatzailearen arteko zerbait. Manchester United lokatzetik atera eta munduko talde onenetako bat bilakatu zuen eskoziar marmarti eta ipurterreak. Eskoziar ahoskera markatua du, eta inoiz ez du eztabaida bat saihestu, eta mokoka aritu da Ingalaterrako talde handietako ia entrenatzaile guztiekin: Arsene Wenger, Kevin Keagan... Kazetariekin ere ez da ondo konpondu, eta denak «ergel zikin» batzuk direla esan izan du. Hainbati Uniteden prentsa aretora sartzea debekatu zien, berari buruzko artikulu pertsonalak idazteagatik; BBC Ingalaterrako telebista kate publikoari zazpi urteko boikota egin zion.

Fergie ez da inoiz politikoki zuzena izan, eta ez zaio axola ere izan. Glasgowko ontziolen inguruan hazi zen, eta beti egon da harro umetan zituen balioak mantentzeaz. 16 urterekin sindikatu batean sartu zen, eta hortik datorkio, agian, sozialismoarekiko eta, bide batez, laborismoarekiko atxikimendua. Ingalaterrako azken hauteskundeetan jendaurrean kritikatu zuen David Cameron hautagai kontserbadorea. «Bere maila sozialekoak lagundu nahi ditu. Nabaritzen da Etonen ikasi zuela eta Oxfordeko elkarte eskuindar bateko kide dela». Eskoziari dagokionez, ez da independentziaren aldekoa.

Fergusonek 1985ean jaso zuen Uniteden deia, Eskoziako Aberdeen taldearekin Europako Errekopa irabazi ondoren. Real Madrili finalean irabazi ondoren jokalariak titulua ospatzen ari zirenean, telebistan haserre agertu zen: «Partida penagarria jokatu dugu. Gure jokalari batzuek euren aldekoak ziruditen. Tituluek ez dute garrantzirik; hala irabaztea lotsagarria da». Manchesterren «mozkor eta deprimitu» multzo bat aurkitu zuen, errieta ozen, mehatxu, oihu eta biraoen bidez ernatu zuena. Haren estiloa zen, eta izan da.

Lau urte behar izan zituen lehen titulua irabazteko, FA Kopa, Unitedekin irabazitako berrogeitatik lehena. Lehen liga 1993an iritsi zen, Eric Cantona izar hartuta, Ryan Giggs eta Roy Keanen alboan. Gero etorri ziren 1.498 partida, beste hamabi liga, Txapeldunen Ligako lau final eta bi titulu. Une gozoenak 1995etik aurrera iritsi ziren: Gary Neville, Philip Neville, David Beckham, Paul Scholes eta Nicky Butt lehen taldera batera igo zirenean. Halere, Fergusonek galtzaile txarra izaten jarraitu zuen, ia beti errua epaileei, txapelketetako antolatzaileen interes ezkutuei edo aurkarien dotoretasun urriari egotziz.

Teknikari bainoago, manager hobea izan da, futbolari kaskarra izan zelako agian. Peter Schmeichel zortzi urtez izan zen Unitedeko atezain, eta garbi utzi zuen: «Fergusonek ez daki asko futbolaz, baina ez du parekorik jende multzoak kudeatzen». Haren jokalari ohi gehienek loreak bota dizkiote, eta besteek, biraoak. Orain Unitedek buruhaustea du ordezkoa bilatzen, eta David Moyes Evertoneko entrenatzaileak dirudi hautagai nagusia. Halere, argi dago Fergusonik gabe futbola ez dela gauza bera izango, bestela, galdetu Unitedeko bazkideei, atzo taldeko akzioak %3 jaitsi ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.