Athleticek beste urrats bat egin nahi du Europara bidean

Talde zuri-gorriak laugarren garaipena lortu nahi du erreskadan. Sevillak gora egin du Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duenetik

Athleticeko jokalariak Almeriaren aurkako garaipena ospatzen. CARLOS BARBA / EFE.
haritz gallastegi
2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Athleticek aurrerapausoa eman du gutxien espero zenean. Espainiako Kopako finalerdietako kolpeari buelta ematea ezinezkoa izango zela zirudienean, hiru garaipen kateatu ditu errenkadan Ligan. Espanyol, Reala eta Almeria gainditu ditu. Sasoi hasierako freskotasuna berreskuratu du jokoan. Baina, denboraldi hasieran ez bezala, azken partidetan eraginkorra izan da kontrarioen ate aurrean. Hala, Europa ligarako sailkatzeko borrokan sartu da bete-betean. Une honetan puntu batera dauka seigarren postuan dagoen Vila-Real, eta hirura partida bat gehiago jokatu duen Betis. Hortaz, gaur San Mamesen Sevilla mendean hartuz gero Europako postuetan amaitu dezake jardunaldia. «Sasoiko une erabakigarrian gaude. Ea maila honi eusten diogun amaitu arte», esan zuen atzo Ernesto Valverdek.

Baina ez du lan erraza izango. Batetik, garaipen asko segidan kateatzeko gaitasuna talde gutxi batzuek baino ez dutelako. Eta, gainera, gaurko aurkaria denboraldiko unerik gozoenean dagoelako. Sevillak asko sufritu du sasoia hasi zenetik. Mailari eusteko borrokan murgilduta ibili da hilabete luzez, baina Jose Luis Mendilibarrek itxuraldatu egin du. Zaldibarkoak aurrez Julen Lopetegik eta Jorge Sampaolik lortu ez zutena egin du. Normaltasunetik abiatuta talde lehiakorra osatu du. Sei partida zuzendu dizkio Sevillari, eta ez du galdu —lau garaipen eta bi berdinketa—. Horri eskerrak, zulotik aldendu da, eta Europa ligako finalerdietarako sailkatu da Manchester United kanporatuta.

Hamaikakoari dagokionez, zelai erdia osatzerakoan izango du arazo gehien Ernesto Valverdek. Muniain min hartuta dago, eta, txartelak tarteko, partida bateko zigorra bate beharko dute Zarragak eta Vesgak. Bestalde, Dani Garcia hamaikakora itzuliko da zigorra bete ostean. Gainkarga bat tarteko, Iñigo Martinezek ia ez du aukerarik jokatzeko.

ATHLETIC-SEVILLA
Athletic. Simon; De Marcos, Yeray,Vivian, Yuri; Dani Garcia, Herrera, Nico Williams, Sancet, Iñaki Williams eta Gorka Guruzeta..
Sevilla. Navas; Gudelj, Bade, Acuña; Rakitic, Fernando, Guaye; Ocampos, Lamela eta En Nesyri
Epailea. Hernandez Hernandez.
Lekua. San Mames.
Ordua. 22:00, La Liga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.