Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Esnatzeko (I)

2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Badira pertsona goiztiarrak, lehen kafea hartu orduko —edo are, kaferik hartu gabe— eguna sasoiko hasten dutenak, baita eguzkiaren lehen izpiak oraindik agertu ez badira ere. Beste batzuk, ordea, erremediorik gabeko gautarrak gara. Ez da ohitura kontua soilik: institutuko sei urteak egin nituen egunero goizeko zortzietan ikasgelara sartzeko betebeharra nola edo hala konplituz. Egun bakar batez ere ez nuen goizeko zazpietan esnatzeko obligazio hori naturaltzat hartu. Ikasgelako lehen bi orduak ez ziren loaren eta egunaren arteko trantsizio desatsegina besterik.

Salbuespen bakarreko araua da. Ez mendizaletasunak ez lan asalariatuak ez dute nire joera iraultzerik lortu. Telebistako emankizun batek bai, ordea: Iruñeko sanferminetako entzierroak. Lau edo bost urte nituenetik, horixe izan da ni goiz samar eta neure kabuz iratzartzea lortu duen pizgarri bakarra: beldurraren, zirrararen eta ohituraren konbinazio berezi hori. Garai batean TVE1en ematen zituzten iragarkiak oroitzen ditut oraindik: «Esparragos cojonudos de Navarra», edo patea iragartzeko ahateak Iruñeko kaleetan barrena irudikatzen zituen spot hura. Haurtzaroko beste oroitzapen batzuen artean, gogoan iltzatuta geratu zaizkit, temati. Joan dira urte batzuk ordutik, baina oraindik ere, entzierroa da zuzeneko telebista piztera eramaten nauten ekitaldi lokal bakanetakoa.

Aurtengo sanferminek gehigarri nabarmena dute. Eta ez soilik hiru urteko lehorte luzeegiaren ostean datozelako. Lehen aldiz,—bai behintzat, nik gogoratzen dudanetik—, euskaraz eta ETB1en izango dira entzierroak ikusgai. Nerea Reparaz eta Joseba Olagarai kazetari nafarrek aurkeztuko dute, eta online ikusterik ere izango da. Ongi bidean, luzaroan luzatuko den ibilbidean trebatzeko aitzakia izango dute.

Pasa den astean zabaldu zuen ETB1ek Gaizka Arangurenek aurkeztutako Zer izan ote ziren sanferminak erreportaje luzea. Beste makina bat gairen artean, datozen urteetan lehertu daitekeen eztabaidaren iragarpena egin zuen saioak: ikusiko ote ditugu zezenketarik gabeko sanferminak laster? Baiezkoan nago ni, eta, hala ez balitz ere, aldaketa hori lortzeko borrokatzearen alde. Entzierroak kentzeak zalantza gehiago eragiten du, ordea. Goiz eta pozik esnatzeko aitzakia bakantzat dugunok faltan izango genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.