Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Erdaraz etxekotuak

2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Inoiz COVID-19aren pandemia gainditu eta historiaren ahanztegira zokoratzea lortzen baldin bada, ez da izango, itxura guztien arabera, «inor atzean utzi gabe». Bai, ordea, batzuk «(are) aurrerago bultzatuta». Plataforma digitalak, adibidez. Inork ziurtatu beharrik gabe ere begien bistakoa da hori, baina, lagin moduan, gogora ekar dezagun azken urtebetean, pandemia deklaratu zenetik, ia %90eko hazkundea izan dutela Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, Euskaltelek emandako datuen arabera.

Espero izatekoa zen, jakina, lehen baino are etxekotuago bizitzera behartu baikaitu pandemiak, lehendik zetorren joera zabalduari bultzada galanta emanez. «Aspaldi da askatasuna etxeko hormen artean kaiolatu genuela, nor izatea bakoitzaren erosahalmenak baldintzatutako metro koadro kopurura murriztu genuela», zioen Idurre Eskisabelek joan den ostiralean berripaper honetan argitaraturako Etxekotuak artikuluan.

Plataformen gorakadarekin batera, agerikoa da telesailena ere, aldi berean zinemaren eta literaturaren lekua hartzen ari baitira, filmei nahiz eleberriei erosotasunean gailentzen zaizkielako: zinema aretoetako filmak baino erosoagoak dira telesailak, etxetik irten gabe ikus daitezke, nahi denean etenez edo errepikatuz, liburuak irakurtzen diren bezala; eta liburuetako fikzioaren aldean ere, erosoagoa da telesailek ematen digutena, liburuek baino egosiago edo frijituago ematen dutelako istorioaren kontakizuna, irudi erakargarrien laguntzaz eta neuronak nekatu beharrik gabe.

Erosotasun hori gorabehera, ezin da ukatu, ordea, telesail asko direla interesgarriak eta gomendagarriak, film eta liburu onekin alderatzeko modukoak. Bestalde, egia izanik ere telesailen hegemoniak gure etxekotzea areagotu egiten duela, zinemak eta literaturak ere ez al gaituzte, azken hamarkadetan gero eta modu nabarmenagoan, kalera eta kanpoko mundura zabaltzera baino gehiago, geure baitan biltzera bultzatzen? Ez al garamatzate geure burua gizabanako gisa «kulturalki aberastera», komunitateaz edo gizarteaz benetan kezkatu eta hartan eragitera baino gehiago?

Telesailek, hori bai, literaturak ez bezala, azpititulurik eta bikoizketarik ez den artean, hamarretik bederatzitan erdaraz etxekotzen gaituzte, eta halaxe jarraituko dutela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.