CAFen enplegua ez doa eskaerak bezain azkar

Inoizko eskaera zorro handiena dauka Beasaingo konpainiak, 7.700 milioi euro, baina lan kargak ez du bermatuko jardueraren pareko hazkunderik enpleguan. Areago, ehundik gora enplegu arriskuan leudeke Beasaingo eta Irungo plantetan.

CAFen Oaris trena. CAF.
xabier martin
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Inoiz izan duen eskaera zorrorik handienari erantzuteko prestatzen ari da CAF, baina erantzun horrek ez du enplegu hazkunde nabarmenik izango. 7.700 milioi eurotik gorako kontratuekin bete du poltsa Beasaingo konpainiak, eta orain erakutsi behar du mundu zabalean dituen akordioak zorrotz betetzeko gihar nahikoa duela, hala ekoizpen esparruan nola finantza arloan. Trengilearen lan zentroen gaitasuna %100etik gertu egongo da datozen urteetan, Beasaingo iturriek BERRIAri esan diotenez; iturri horiek onartu dute, ordea, jardueraren hazkundeak ez duela zertan ekarri enplegu hazkunderik. Langile berriak sartzen ari dira azken urteetan Gipuzkoako industria enpresa handienean, «bai tailerrean, bai ingeniaritzan», baina erretiroa hartutakoak ere ez dira gutxi. Beraz, lan kargaren errekorrak enpleguaren egungo kopuruei eusteko emango luke datozen urteetan; baina horretarako baizik ez.

Langile batzordeak, aldiz, egunkari honi esan dio helburu hori ere ez dagoela bermaturik Euskal Herriko plantetan. Aitor Martinez LABeko ordezkariak salatu du zuzendaritzak eman dien abisua: «Behin-behineko langileentzat urte amaierara arte baizik ez omen dago lana Beasainen. Eta Irunen ere finkoak ez diren beharginak soberan daudela esan digute». 130 lanpostu arriskuan leudeke informazio horren arabera. «Mehatxu hori hor dago», dio Martinezek.

2017an, 7.950 langile zeuden konpainiaren taldean, urtebete lehenago baino 465 gehiago, baina 2014an 8.000 langilek baino gehiagok osatzen zuten lantaldea, mundu zabalean. Errentagarritasuna agindu zuen Andres Arizkorreta presidentearen taldeak, eta eraginkortasuna izango da aurrerantzean ere helburu hori lortzeko leitmotiva. CAFek argi eta garbi jasota dauka 2020. urte arterako estrategian: «Helburu nagusia taldearen hazkundea modu errentagarrian lortzea da. Teknologia eta eraginkortasuna etengabe hobetzeko apustuan jasota dago helburu hori».

Nazioarteko konpainia bat

Beasaingo konpainia jakitun da arrakastak ere ito dezakeela konpainia bat, eta bere egiturak kontratu eskaera erraldoi baten ardurari erantzuteko prestatu ditu azken hilabeteetan. Kontratuak eskuratzen trebezia eta lehiakortasun izugarria erakusten ari da trengile gipuzkoarra azken urteotan, eta munduko merkatu oso desberdinetan, gainera. Aurtengo lehen bi hilabeteetan, 720 milioi euroren eskaera berriek eman diote segida iazko amaiera oparoaren abiadurari, hala Espainian nola planetaren antipodetan —Australian— eta Saudi Arabian ere; baina orain eskaera handi horri erantzuteko gaitasuna erakutsi beharko du CAFek, eta ekoizpenaren lokomotorra dena emanda jarri beharko du aurrez aurre duen erronka modu egokian gainditzeko.

Kontua da lokomotor horrek adar batzuk dituela Euskal Herritik kanpo, eta LABeko kide Aitor Martinezek nahiko luke adar horiek taldearen bihotza sendotzeko baliatzea. «Taldearen bihotza eta arima Euskal Herrian dago; zuzendaritzak ezin du hori ahaztu sekula». Filipinetarako eskaera bat Mexikoko lan zentroan (Huehuetola, Mexikoko Estatua) egingo dela azaldu du, merkeago ateratzen zaiolako enpresari. Galesko (Newport) egiturak ere asko indartzen ari direla dio, Erresuma Batuko merkatu gero eta oparoagoari erantzuteko, «eta, esaterako, Linaresen [Jaen, Espainia] kontratazio gehiago egiten ari dira, soldata merkeagoak direlako han».

Nazioartekotzeko ahalegin sendoak eraman du CAF gaur egun duen bidegurutzera. Brasilen (Hortolandia, Sao Paulo), AEBetan (Elmira, New York) eta Bidasoaren beste aldean ere (Bigorra, Okzitania) baditu fabrikak, Galeskoarekin eta Mexikokoarekin batera. Mundu osoan zehar zabaldu ditu bulego komertzialak: Australia, Argentina, Turkia, India, Alemania, Qatar... Bada, bidegurutze horretan inoizko hazkunderik handienera daraman norabidea hartzea litzateke ekoizpen zentro guztiei zukua behar bezala ateratzea; baina langile batzordeak nahi du enpresaren euskal «bihotzak eta arimak» bere pisua edukitzea ariketa horretan. CAFen arrakastak badakar arazorik, bistan denez, baina gustura hartuko lituzkete horrelako buruko minak hainbat eta hainbat konpainiak.

Ez dira bakarrik trenak

Badira, dena den, lan kargaren hazkundea eta enpleguarena bat ez etortzeko beste aldagai batzuk. «Kontratazioa historikoa da, baina eskaera asko mantentze lanak egiteko dira, adibidez, edota trenaz besteko hainbat egitura eraikitzeko, proiektu asko giltza eskuan motakoak baitira orain», azaldu du langile batzordeko LABeko kideak. «Beste eskaera batzuk autobusaren alorrekoak dira, Solarisenak eta Vectiarenak. Hau da, eskaera zorroa inoizko handiena da, baina eskaera horiek guztiak ez dira trenak egiteko». CAFek ez ditu bakarrik merkatuak dibertsifikatu, alegia; negozioa bera ere esparru gehiagotara zabaldu du azken urteetan, eta horrek enpleguaren sorkuntzari ere eragiten dio haren kokaguneari dagokionez.

Bada beste datu argigarri bat Beasaingo trengileak azken hamarkadan izan duen eraldaketa erakusten duena. Eskaera zorroak halako bi izateko gutxi falta du hamar urteren ondoren, baina kontratuen %90 inguru mundu zabalean lortzen ditu konpainiak orain, eta 2008an, berriz, Espainian eta Euskal Herrian zuten jatorria 4.137 milioi euroko poltsaren %63k.

Enpleguak izan dezakeen eboluzioaz aritzeko aukera izango dute CAFeko Langile Batzordeak eta zuzendaritzak aurki, lan ituna berritzeko negoziazioak hasiak baitira. Aldeen arteko lehen bilera martxoan izango da. 2018an bukatu zen azken itunaren indarraldia, eta urtebeteko ultraaktibitatean dago gaur egun. Hilabete batzuen buruan itun berria egitea dute helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.