Oso pozik daude bulegoan

Asier Zubiria Bidasoako kirol zuzendaria eta Javi Gracia Anaitasunakoa «oso gustura» daude datorren sasoirako osatu dituzten taldeekin. Kezka dute egoerak nola eragingo dion lehiari.

Bidasoaren eta Anaitasunaren lehen entrenamenduak. BIDASOA-ANAITASUNA.
Julen Etxeberria.
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Bidasoak eta Anaitasunak egunak daramatzate jada entrenatzen. Taldea osatua dutela ekin diote biek denboraldi-aurreari. Aldaketarik egon ezean, jokalari horiek berak ariko dira Asobal ligan, irailaren 2an hasita.

Bidasoan, lau jokalarik utzi dute taldea: Rangel Luanek, Rodrigo Salinasek, Rudy Serik eta Leo Renaudek. Beste horrenbeste iritsi dira: Jose Manuel Sierra atezaina, Julen Aginagalde pibotea eta Nicolas Bonanno eta Emil Racotea ezker albokoak.

Asier Zubiria kirol zuzendaria (Usurbil, Gipuzkoa, 1981) «oso pozik» dago osatu duten taldearekin. «Lehen helburua zen azken bi sasoietan horren emaitza onak lortu dituen oinarriari eustea, eta bigarrena, oinarri sendo hori hobetzea, fitxaketak eginda. Eta helburua lortu dugu. Oso gustura gaude. Oso talde orekatua dugu: postu bakoitzeko bi jokalari ditugu. Halaber, etorkizuneko gazteen eta ilusioari eta kalitateari eusten dioten beteranoen arteko nahasketa polita dugu».

Fitxaketen artean, bat nabarmentzen da: Julen Aginagalderena. Irunera (Gipuzkoa) itzuli da, etxetik kanpo hamalau urtez aritu ostean. Irabaz daitekeen guztia irabazi du. Bidasoak 2019a amaitu aurretik iragarri zuen haren itzulera, eta ilusio handia eragin du, mundu mailako izarra baita. «Julenek ez du aurkezpenik behar. Beteranoa da [38 urte egingo ditu abenduan], baina ilusio handiz bueltatu da. Duela gutxi arte gorengo mailan lehiatzen aritu da, eta gogo bizia du Tokioko Jokoetan egoteko. Zorte handia dugu, haren kalitateaz eta esperientziaz gozatzeko aukera izango baitugu. Hura fitxatuta, berehalako errendimendua lortu nahi dugu. Garrantzitsua da etorkizunari erreparatzea, baina orainak ematen digu jaten».

Asmo horregatik ere fitxatu dute Sierra, 42 urteko atezain beteranoa. «Ondo ezagutzen dut, bi urtez jokatu bainuen harekin Valladoliden. Oso atezain ona da. Haren dohain nagusia erregulartasuna da. Egunik txarrenean ere taldea salba dezake». Bikote bitxia osatuko du Xoan Ledorekin, galiziarrak 24 urte baino ez baititu. «Bikote ona osatuko dute. Xoan oso atezain ona da, gaztea, hobetzeko aukera askorekin. Eta hobekuntza horretan asko lagun diezaioke Sierrak. Xoanek eskertuko du haren segurtasuna eta patxada, baita taldeak ere».

Racotea eta Bonanno fitxatuta, berriz, «zentimetroak, kiloak eta urruneko jaurtiketa» lortu dituzte. «Gure jokamoldera ondo egokitu daitezke, eta altuera eta indarra emango dizkigute, batez ere Europan aritzeko. Asko lagun diezagukete, bai defentsan, bai erasoan. Biek eman nahi dute aurrerapausoa».

Helburuaz galdetuta, «egungo egoera» kontuan hartu behar dela azpimarratu du. «Egoera normal batean, ilusio handiko sasoia litzateke, oso talde sendoa osatu baitugu. Helburuak lirateke ligan goian mantentzea eta Europan lan ona egitea. Baina, ezohiko egoera honetan, zalantzak dira nagusi: nola hasiko garen, nola joango den, ea amai daitekeen... Ikusiko dugu. Goazen pausoz pauso».

Aldaketak, aulkitik hasita

Irunen baino aldaketa gehiago izan dira Iruñean. Hasteko, entrenatzailea aldatu dute: Quique Dominguezek ordezkatu du Iñaki Aniz. Harekin batera, sei jokalarik utzi dute taldea: Henrik Nordlanderrek, Leandro Semedok, Anderson Mollinok, Mladen Krsmancicek, Ander Ugartek eta Pere Vaquerrek. Bost fitxaketa egin dituzte: Juan Del Arco eta Hector Gonzalez ezker albokoak; Ruslan Daxko eta Edu Fernandez eskuin albokoak; eta Ander Torriko erdikoa. Horiez gain, lehen taldera igo dituzte Marcos Cancio atezaina eta Aitor Garcia pibotea.

«Egoera kontuan hartuta, miraria da talde osoa prest egon izana sasoi-aurrea hasteko. Oso zaila izan da, baina lortu dugu. Oso pozik gaude», azaldu du Javi Gracia kirol zuzendariak (Tafalla, Nafarroa, 1975). Graciak aitortu du aldaketa «asko» eta «garrantzitsuak» izan direla; aulkitik hasita. «Iñakik [Aniz] oso emaitza onak lortu zituen lehen aldian, baina bigarren aldian ezin izan du ordukora hurbildu. Horregatik, bi aldeak ados jarri ginen kontratua eteteko». «Argi» izan zuten ordezkoa: «Quique ezin hobeto egokitzen zaio gure filosofiari: gazteei aukerak ematearen zalea da, eta joko bizi eta ikusgarriaren aldekoa».

«Talde langilea eta jokalari gazte eta eskarmentudunak dituena» osatu dute. Fitxaketen artean bada alderik. «Del Arco, Daxko eta Torriko oso garrantzitsuak izango dira erasoan: lehenak gola eta indarberritzeko gogoa emango dizkigu; bigarrenak, urrutiko jaurtiketa eta hazten jarraitzeko grina; eta hirugarrenak, joko ausarta, arerioei izkin egiteko abilezia, eta maila gorenean sendotzeko desioa. Hector Gonzalezek eta Edu Fernandezek, ordea, lan ezkutuagoa izango dute, batez ere defentsakoa, baina haien lana ere garrantzitsua izango da». Harrobia «funtsezkoa» izango da berriro. «Denbora daramagu harrobian lan handia egiten, eta fruituak jasotzen ari gara. Apustuari eutsiko diogu».

Horrekin guztiarekin, «ahal den lanik» onena egitea da helburua. Ez du harago joan nahi. «Egoera oso berezia da hau. Ez dakigu nola egongo garen irailean. Horregatik, ez naiz ausartzen helburuez hitz egitera. Egunez egun, partidaz partida joango gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.