Valmiro Lopes, 'Valdo'. Osasuna eta Real Madrileko jokalari ohia

«Badute antzik Osasuna honek eta nik ezagutu nuen hark»

Valdok «gozoki» oroitzen ditu Nafarroako taldean igarotako urte arrakastatsuak. Haren ustez, «orekatua» izango da gaur gorritxoek Real Madrilen aurka jokatuko duten norgehiagoka.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Bizitza erdia darama Valmiro Lopes Valdo-k (Villaseca, Espainia, 1981) futbolaren jiran biraka. 2001ean hasi zuen bere ibilbide profesionala, Real Madrilen, eta ekinean jarraitzen du ia bi hamarkada geroago, Izarran, Espainiako Bigarren B Mailan. Tartean, kirol arrakastaz betetako garaiak bizi izan zituen Osasunan.

38 urte dituzu, eta oraindik ekinean jarraitzen duzu. Futbolean aritzeko grinak hor jarraitzen du, ezta?

Bai, oso gustura jarraitzen dut jokatzen. Asko gozatzen dut entrenamenduez eta partidez. Eta, noski, ondo nago fisikoki. Ez dut lesio larririk izan, eta gorputzak ondo erantzuten dit oraindik. Genetikaren gauzak dira. Agian, ez dut garai bateko bizitasunik, baina bestelako gaitasunak dauzkat: jokoa hobeto irakurtzen dut, argiagoa naiz erabakiak hartzerakoan...

Izarran zabiltza, Bigarren B Mailan. Nolakoa da fokuetatik at aritzea, urte askoan elitean jardun eta gero?

Aurrekoan Zidanek esan zuen: hastapenean, denok jokatu dugu maila apaletan. Jokoari dagokionez, alde handia dago. Bigarren B Mailan, erritmoa apalagoa da, baloia geldoagoa doa, eta borroka gehiago dago. Pozarren nabil; bete egiten nau eguneroko jardunak.

Aurrez aurre izango dira gaur Osasuna eta Real Madril, ziurrenik arrastorik handiena utzi dizuten bi taldeak. Nola dakusazu partida?

Nahiko orekatua izango dela uste dut. Faboritoa Real Madril da, kopako estropezua alde batera utzita ligan oso bolada onean dagoelako. Itxura oso sendoa ari da ematen. Baina denok dakigu zeinen zaila den Sadarren jokatzea. Osasunak asko estutzen du zaleen babesarekin. Hori bai, Chimy Avilaren lesioak asko aldatu du taldearen egoera. Ikusi beharko da nola egokitzen diren neguan fitxaturikoak. Chimyk arriskutsu bihurtzen zuen edozein baloi, eta oso hutsune garrantzitsua da. Edonola ere, uste dut Osasuna lehiakor ariko dela.

Zer egin beharko luke irabazten saiatzeko?

Funtsezkoa izango da partidari indartsu ekitea. Deseroso sentiarazi behar du Real Madril, presioa oso goian eginez, eta erritmo handiarekin jokatuz. Gidoi horrekin, irabazteko aukera izango luke.

Noren golak ospatuko dituzu?

Bienak, pentsatzen dut. Bi taldeak maite ditut, une oso politak bizi izan nituelako batean zein bestean. Egoera arraroa izango da. Lehiaz gozatzen saiatuko naiz, polita izango delakoan bainago.

Zer iritzi duzu Jagoba Arrasate gorritxoen aulkian egiten ari den lanaz?

Arrasate bat dator taldearen filosofiarekin, eta uste dut bikain ari dela gidatzen. Badaki zer-nolako jokoa gustatzen zaion Osasunaren zaleari, eta hori oso garrantzitsua da. Iritsi zenetik, taldeak jauzi oso handia egin du. Nahieran ibili zen Bigarren Mailan, eta bide onari eutsi dio elitean. Fitxaketa onak egin ditu klubak, eta Arrasatek bete-betean asmatu du lehendik zeuden jokalariak iritsi direnekin uztartzen.

Badute antzik talde honek eta zuk ezagutu zenuenak?

Bai. Ea gai den egun duen oinarriari luzaro eusteko. Halaber, oso garrantzitsua izango da jokalari onak fitxatzen asmatzea. Bide horretatik lortu genuen guk arrakasta. Batek daki: agian, beste urrezko aro bat ari da hasten.

Osasunara Real Madriletik iritsi zinen, han debuta egin eta 2002ko Txapeldunen Liga irabazi ondoren. Zaila da kirol ibilbide bat hobeto abiatzea.

Latza izan zen. Zidaneren gol famatu harekin irabazi genuen finala [2-1 Bayer Leverkuseni]. Pribilegio handia izan zen galaktiko-en Real Madril hartan jokatzea. Orduan, fitxaketa handien aldeko apustua egin zuen klubak, eta gazteentzat oso zaila zen tokia egitea. Hala, Iruñera etorri nintzen azkenean.

Bost sasoi eman zenituen bertan, 2003tik 2007ra. Kirol arloan, garai loriatsuak izan ziren klubarentzat. Nola oroitzen dituzu?

Gozoki. Taldeak sekulako emaitzak lortu zituen, eta, arlo pertsonalean ere, asko gozatu nuen. Familia baten modukoak ginen talde barruan, eta horren isla izan zen zelaiko jarduna. Ginga jartzea falta izan zitzaigun bakarrik, tituluren bat irabazita. Gertu egon ginen Espainiako Kopan eta UEFA kopan, baina ez zen posible izan.

Gero, Lehen Mailako beste talde batzuetan jokatu zenuen, nomada bihurtu aurretik. Mexikon, Indian eta Grezian aritu zara.

Beti izan nuen beste herrialde batzuetan jokatzeko eta bizitzeko ilusioa. Levanten egonaldi ederra egin ondoren, hasi nuen abentura. Ordea, 2017an Peña Sportera joan nintzen, eta, geroztik, Nafarroan nabil jokatzen. Nafarrak ditut emaztea eta seme-alabak, eta hemen oso maitatua sentitu izan naiz beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.