Bizkarretik pisua kenduta

Bizikletaz banatzeko kooperatibak sortu dira azken urteetan Euskal Herrian, eta orain elkarlanean ari dira, baturik eraginkorragoak izanen direlakoan. Janari eta pakete banaketako lanen alternatiba bat sortzen ari dira.

Iruñea. Ziclo-P kooperatibako langilea, banaketa lanetan. IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Koloretako motxila deigarri bat bizkarrean hartuta bizikletan doazen banatzaileak geroz eta gehiago ikusten dira Euskal Herriko karriketan gora eta behera. Motxila horiek pisutsuak dira, eta ez bakarrik barnean eramaten dutenarengatik: lan baldintza txarren zama ere hartzen dute bizkar gainean rider deitutako banatzaile askok. Motxila hustu eta banaketa beste modu batera egin daitekeela sinetsita daude CoopCycle kooperatiben federazioko kideak. Hala egin dute, dagoeneko, Iruñean, Bilbon eta Gasteizen.

Pandemia betean sortu zen Gasteizen Eraman kooperatiba, 2020an, itxialditik atera ondotik. Hurrengo urtean martxan jarri zen Botxo Riders Bilbon, eta Ziclo-P Iruñean. Denek egiten dute banaketa zerbitzua bizikletaz, eta denak antolatzen dira kooperatiba gisa. Jatetxeetako janaria, tokiko dendetako produktuak, argitalpenak —Eramanek, BERRIA— edo zernahi garraiatzen dute nork bere hirian. Glovo, Deliveroo eta antzekoek janaria etxera eramateko ezarri duten eredutik aldendu nahi dute, baina baita paketeak banatzen dituzten enpresa handien moldeetatik ere.

Berriki hasitako bide horretan elkarlanari ekin diote Euskal Herriko hiru kooperatiba horiek. Otsail hasieran Gasteizen elkartu ziren, Olatukoopekin ere bai, ziklologistika kooperatiben arteko «interkooperazioa» bultzatzeko. «Talde batean egon liteke zerbaitetan ona den bat, beste batean beste gauza batean iaioa den beste bat. Tresnak, pertsonak eta ezagutzak partekatzea ongi datorkigu», azaldu du Paul Iano Eraman kooperatibako bazkide eta sortzaileetako batek.

Ez hori bakarrik. Sarea osatuta, baliteke enpresa batzuek hitzarmenak ixtea zenbait hiritan. Adibidez, Gasteizen Eraman arduratzen da Argia aldizkaria banatzeaz, eta haien bitartez hasi ziren Ziclo-Pkoak Iruñean aldizkari bera banatzen. Sarea zabala da, eta CoopCycleren barnean diren Euskal Herritik kanpoko beste kooperatiba batzuekin badute hartu-emana; bertan, solasean eta lanean ari dira Lapurdin antzeko proiektu bat sortzeko.

Eredu berri batera

Iano estatubatuarra da, eta lau urte daramatza Gasteizen bizitzen. Aski ongi ezagutzen du janaria banatzeaz arduratzen diren enpresa handien mundua, Glovon lanean aritu baitzen, ondotik zenbait artikulu idazteko. Kooperatiba sortzea proiektu horren jarraipentzat jo du. Esan duenez, logistika enpresa gehienak ari dira Glovok egin duena egiten. «Sistema bat sortu dute banatzaileak indibidualizatzeko eta haiei boterea kentzeko, langileen antolakuntza erabat oztopatuz», ohartarazi du. «Ez dago fabrika edo bulegorik elkartzeko, ez dago kudeatzailerik hirian, jendeak ez du elkar ezagutzen...».

Arazorik handiena jabeen eta langileen arteko botere harreman desorekatua dela ohartarazi du. Horri lotuta, soldata dago: Glovoren ereduan, banatzaileak banaketa bakoitzeko kobratzen du, ez orduka. Kooperatiba hauetan, ez da horrela; orduka kobratzen dute, eta lan itunari jarraitzen diote. Mikel Alvarez Botxo Riders kooperatibako bazkideak azaldu du egoera: «Banaketaren munduan prekaritate handia dago. Ez bakarrik janari banaketan; pakete banaketan-eta oso txarto ordaindutako lanak daude».

Horri aurre egiteko eredurik onena kooperatiba zela deliberatu zuten: «Soldata garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da erabakitzeko ahalmena izatea», esan du Ianok. Haiek kudeatzen dituzte lan orduak, bolumenak, soldatak eta abar. Carlos Martinez Iruñeko Ziclo-P kooperatibako bazkidea da, eta enpresaren egitura erabaki politikoa dela nabarmendu du: «Langileak bazkide gara, eta guk aukeratzen ditugu gure lan baldintzak. Ez dugu jendea kontratatzen duten enpresariak izan nahi. Gainera, ekonomia sozial eraldatzaileko agenteekin sare bat osatzea da gure helburua». Nola eta norekin. Biak inportanteak baitira. Hasieratik ikusi zuten hori Gasteizen: «Ohartu ginen industria zintzoak ixten ari zirela, eta beraz, tokiko komertzioa babestea erabaki genuen».

Aplikazio komuna

Iruñeko Arrotxapea auzoko Ciclolab espazio sozialean biltzen dira Carlos Martinez, Mikel Iriberri eta Remi Brard. Eguneko lanak zein diren ikusirik, elkarren artean banatzen dituzte: aldizkariak banatzeko ardura du batek, pakete batzuk eramatekoa beste batek... Aplikazioa ireki dute sakelakoan: han ageri dira, mapa batean, egin beharreko lanak. Eginak dituztenak ere bai.

Banaketa negozioan hasteko zailtasunik handienetako bat teknologia dela ohartarazi du Martinezek, «oso garestia» baita horrelako software bat garatzea. Frantzian sortutako CoopCycleren aplikazioa erabiltzen dute, Coopyleft lizentziakoa, baina soilik ekonomia sozialeko kooperatibek erabiltzen ahal dutena. CoopCyclek Europako ziklologistika kooperatibak biltzen ditu, eta orain beste kontinente batzuetara zabaltzen hasi da: Latinoamerikara, adibidez. Sarean funtzionatzen dute, eguneroko arazoen berri emanez, horiek lehenago antzeman eta konpontzeko.

Brardek ordenagailuan piztu du aplikazioa. Langileak banatzaile eta kudeatzaile dira kooperatiban. Iruñean hiru direnez, horrek erraztu egiten du kudeaketa lan guzia; Gasteizen 20 dira, eta hor lana zailagoa da. Kudeatzeko tenorean, aplikazioaren bidez efizientzia handiagoa lor dezakete. Glovon, adibidez, algoritmoak erabakitzen du zein banatzaile joaten den lan bakoitza egitera; gehienetan ez da gertutasuna irizpide nagusia, banatzailearen prezioa edo haren puntuazioa baizik. Hori ez du begi onez ikusi Ziclo-Pko bazkideak.

Bada hiru kooperatiba hauek batzen dituen beste ezaugarri bat: jasangarritasuna. Horregatik, banaketa guziak bizikletaz egiten dituzte. «Egia esan, dena garraiatu daiteke bizikletaz», esan du Ianok. Martinezek esan duenez, bizikletak eraman zituen banaketa lanetara. «Emisiorik gabeko banaketa egiten dugu, eta, modu berean, hirietako mugikortasuna hobetzen laguntzen dugu». Asmoa dute bizikleta «edozein jardueratan» sartzeko. «Hori da etorkizuna. Pentsa: orain, Iruñeko Alde Zaharrean, bakarrik ordu batzuetan sar daitezke furgonetak; etorkizunean debekatuta egongo da».

Banaketa horiek egiteko, bizikleta bereziak erabiltzen dituzte: cargobike dute izena. Puskak bizikletaren aurrealdean eramateko daude prestaturik, eta 80 kilo eramateko gai dira: «Motxilak pakete batzuentzat erabiltzen ditugu bakarrik, baina janaria ez dugu hor eramaten, pisu handia delako bizkarrean eramateko», azaldu du Martinezek. Bilbon «ia edozein banaketa mota» egiten dute bizikleta baliatuz. Alvarezek aitortu du batzuetan harritu izan direla bizikleta horiekin zer eramateko gai diren ikusita. «Adibidez, landare altuak eraman ditugu aurrean eutsita, 1,80 metrokoak. Duela hilabete batzuk, enpresa batekin hasi ginen lanean: arropa zikina garbitzera eraman eta garbia bueltan ekarri. Zaku handiak eraman behar izaten ditugu».

Geroz eta gehiago dira kooperatiba hauetara jotzen dutenak. Pandemiak handitu egin du eskaria, kooperatiba hauetako kideen ustez. Hori bai, norbanakoek zer pentsa badutela uste du Ianok: «Jendeak ulertu behar du kebab bat etxera eramatea ez dela ekonomikoki bideragarria».

Dena den, nagusitu den ereduaren kalteez ohartzen ari da jendea. Alternatibak sustatzen segituko dute, beraz. Martinezek argi du; banaketaren eremuan lan anitz dago, eta enpresa gehiago sartuko dira: «Onartu behar dugu negozio hau luzerako izango dela; beraz, tokikoa eta etikoa den eredu bat sortzea dagokigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.