Pastor
DARWIN ETA GU

Eskerrak badiren independentistak

2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Korsika. Udako oporrak. Eguzkia zeru urdinean eta La mer, Charles Treneten kanta ezaguna, airean. Errepidean, kotxe bat. Aurrean bi gizon, aspaldiko lagunak. Alaba bana dute, eta bi neskak atzealdean daude. François Cluzet harrituta mintzatu da, paisaiari so: «Ene, zenbat etxe eraiki duten hemen!». «Bai», erantzun dio Vincent Casselek. Eta Cluzetek segitu du: «Eskerrak badiren independentistak. Bestela, hotelak eta tabernak izango genituzke nonahi, kostan bezala». «Baten bat ezagutzen duzu?», galdetu dio lagunak. «Bai, ba. Denak ezagutzen ditugu».

Un moment d'égarement filma —Una semana en Córcega Espainiak administratutako Euskal Herrian— 2015. urtean zuzendu zuen Jean François Richetek. Pelikularen hasierako eszena horretan independentistak ezagutzen dituela adierazi du Cluzetek. Ingurumenaren alde egiten duten lana goretsi du. Korsikako independentisten artean badira borroka armatuan jardun dutenak edo hura sostengatu dutenak. Turistei eta kapital frantsesari bertako lurrak eta etxebizitzak saltzearen aurka ari dira militante korsikarrak —Euskal Herri kontinentaleko independentistak bezala—.

Ezin irudika dezaket pelikula espainiar bat, protagonistek, Euskal Herrian edo Katalunian daudela, independentistei buruz ezer onik esango luketena. Cluzet eta Casselen bozetan bai, baina Dani Rovira eta Antonio Resines-en ahoetan, ez. Pentsa: bi lagunak Bizkaiko kostaldean dabiltza eta Lemoiz aldera hurbildu direnean independentistei esker kostaldea salbatu edo egin zela diote. Hobeto esanda: ekologistei eta independentistei esker. Eta…

Nik ez dakit Manuel Valls ekologista ba ote dugun. Izatekotan, argi daukat ez duela independentista korsikarren lana txalotuko. Harentzat, independentistak desagerrarazteko espeziea dira. Frantziako lehen ministro ohia tematuta dago independentistekin. Aste honetan beste ahokada bat bota du horien aurka: haren ustez, eskoletan euskara eta katalana irakasteak independentismoa bultzatzen du. Gizonak soilik independentisten kontra egin zezakeen, baina hizkuntzak nahastu ditu, kriminalizatu nahian. Hortaz, independentistak gaizkileak dira. Frantzian eta Espainian bera bezalakoak daudelako esango genuke frantsesa eta espainiera irakasteak chauvinista zentralistak eta nazionalista unionistak bultzatzen dituela?

Independentistak ekologiarekin, lurraren defentsarekin lotu ditu Cluzetek. Mario Gabiriari galdetu zioten zer egiten zuen aldarrikapen eta manifestazio ekologistetan HBko jendearekin. Eta soziologo nafarrak erantzun zuen ekologismoari lotutako auziren bat zegoen guztietan jende hori zegoela, ingurumenak independentistak kezkatzen zituela. Horren aldeko borrokan ari zirela beti. Zer espero zuten horretaz kexatzen zirenek? PSOE edo EAJko jendea han egotea?

Gure herriaren historia eta bilakaera ikusita, bat egin beharko dugu Cluzetekin, eta eskerrak eman independentistei, Manuel Valls lagunak maite ez dituen arren. Izan ere, independentistei esker —ez soilik haiei esker, baina neurri handi batean haiei esker— oraindik mintzatzen da euskaraz Euskal Herrian. Haiei esker —ez soilik haiei esker, baina neurri handi batean haiei esker— bizirik dirau ingurugiroaren aldeko borrokak, hemen eta orain: dela erraustegiaren kontra egiteko, dela AHT edo ditxosozko metroa salatzeko. Edo kapitalaren gose aseezinari hesi bat jartzeko.

Eskerrak eman behar zaizkie independentistei, ahotsa altxatu dutelako munduan haien eskubideak aldarrikatzeko, geroa libre erabakitzeko. Horregatik, Frantzia eta Espainiako Valls guztiek ezin dituzte ikusi. Eta Euskal Herrikoek ere ez. Oztopoak oztopo eta hutsak huts, borrokari eutsi diotelako, elkartasunean herri libre eta gizarte zuzenago batean bizi ahal izateko bidean. Herri horiek aurrera egin dute independentistei esker —ez soilik haiei esker, baina neurri handi batean haiei esker—. Eskerrak badiren independentistak. Korsikan eta Katalunian. Eta, zer esanik ez, Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.