'Jogo bonito'-a triste dago

Pele zendu da, askorentzat historiako futbol jokalari onena izan zena. Koloneko minbizia zuen, eta asteak zeramatzan ospitalean. Artea zen harentzat futbola.

Pele, Mexikon, 1970eko Munduko Kopako garaipena ospatzen. BERRIA.
Paulo Ostolaza - Ainara Arratibel Gascon
2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Brasil aldarte alaiko herrialdetzat saldu izan da, eta estereotipo horrek ere utzi du arrastoa futbolean, jogo bonito deitzen dioten jokatzeko erarekin (joko ederra). Baina jogo bonito-a triste dago gaur. Edson Arantes do Nascimento Pele hil da, jokatzeko era horren aita ponteetako bat, 82 urte zituela. O Rei ezizenez ere ezaguna, askoren iritziz inoizko futbol jokalaririk onena izan zen. Besteak beste, Brasilgo selekzioaren historiako golegile nagusia da, 77 gol sartuta, eta hiru Munduko Kopa irabazi dituen jokalari bakarra da.

Pele osasunez larri zegoela jakina zen azken asteetan, eta haren aldeko mezu mordoa ikusi ahal izan dira, besteak beste, Qatarko Munduko Kopan. Sare sozialetan ere asko zabaldu zen #ForçaRei traola. 2021eko irailean atzeman zioten minbizia, eta Sao Paulon zegoen ospitaleratua, Albert Einstein ospitalean. Han, medikuek kimioterapia bertan behera uztea erabaki zuten, onurarik egiten ez ziola ikusita. Ordutik, zainketa aringarrietan zegoen. Azken egunetan jada senideek esan zuten oso larri zegoela.

Santos taldeko jarraitzaile bat, negarrez, Sao Paoloko Albert Einstein erietxearen aurrean. Han hil zen atzo Pele. Isaac Fontana / EFE


Historiako futbolaririk onena zein izan den galdetzen denean, hautagaien artean izaten da beti Pele. Mitoa da brasildarra, duela bi urte eskas hil zen Diego Armando Maradona, Franz Beckenbauer, Johan Cruyff eta Leo Messi bezalako izenen pare. Ez da makala haren palmaresa. Brasilgo selekzioarekin nabarmendu zen; izan ere, ez zuen sekula Europako talde batean jokatu. 1981ean, Mendeko Atleta titulua eman zion Frantziako L'Equipe egunkariak. Urrezko Baloia, ordea, ez zuen sekula irabazi, garai hartan Europan jokatzen zuten jokalarientzat baitzen.

Tres Corações herrian jaio zen, Minas Gerais estatuan, 1940. urtean. 16 urte eskasekin egin zuen debuta Brasilgo selekzioarekin, eta 17rekin irabazi zuen lehen aldiz Munduko Kopa, Suedian, 1958an. Balentria berriz egin zuen Txilen, 1962an, eta Mexikon, 1970ean. Azken horretan, gainera, txapelketako jokalaririk onenaren saria irabazi zuen. Gaur egun, oraindik ere, Brasilgo selekzioarekin gol gehien egin duen jokalaria da, Neymarrekin batera: 77 gol. Bere ibilbide osoan, datu ofizialen arabera, 1.284 gol sartu zituen 775 partida ofizialetan.

Neurketa gehienak Sao Pauloko Santosekin jokatu zituen. Hura izan zen Peleren bizitzako taldea. 1956tik 1974ra arte jokatu zuen han, eta, besteak beste, bi Libertadores Kopa eta bi Kontinente Arteko Kopa irabazi zituen. Santosen historiako golegile nagusia da, 643 golekin. 1975ean Ameriketako Estatu Batuetara joan zen, New York Cosmos taldera; hiru urte egin zituen han, eta liga bat irabazi zuen.

Jokatzeko era ikusgarriagatik nabarmendu zen. Taktikatik harago, sormena zuen ezaugarri nagusi. Taldekide bati baloia pasatzerakoan, errematatzerakoan edo aurkari bat atzean uzterakoan beti «gauza eder bat» egitea zuen buruan. Horixe baitzen harentzat futbola: «Arte bat».

Erretiratutakoan, ez zen bizitza publikotik aldendu Pele. 1977an, NBE Nazio Batuen Erakundearen enbaxadore izendatu zuten, eta munduko herritar titulua eman zioten. FIFAren joko garbiaren komisioko kide eta Unicefeko enbaxadore ere izan zen. Politikan ere parte hartu zuen: 1994tik 1998ra Brasilgo Gobernuko kirol ministro izan zen, Fernando Henrique Cardoso presidentearen agintaldian.

Salaketak eta polemikak

Alde ilunik ere izan zuen. Adibidez, ez zuen onartu hainbat seme-alabaren aitatasuna, eta haren bikotekide ohiek auzitara jo zuten aitatasun hori onartu eta zegokien mantenu pentsioa ordain ziezaien. Urte luzez ez zuen hala egin. Bestalde, haren enpresak 700.000 dolar jaso zituen Argentinako banku batetik, Unicefen aldeko partida bat antolatzeko. Diru hori itzuli egin behar zuen, baina ez zuen itzuli. Bestalde, 2014an Brasilen jokatu zen Munduko Kopa. Herrialdea krisi ekonomiko eta sozial sakon batean zegoen, eta herritarrak kalera atera ziren hori salatzeko. Pelek protesta horiek bertan behera uzteko eskatu zuen, «herrialdearen irudia ez zikintzeko». Herritarrek haren jarrera salatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.