Gabonetako partidak gabe

Martxoan ahaleginduko da federazioa euskal selekzioaren partida antolatzen. Realak eta Eibarrek aurrera egin dute Espainiako Kopan, Zamoran eta Tenerifen irabazi ostean

Unai Nuñez Costa Ricako jokalari bati baloia kendu nahian, euskal selekzioak jokatutako azken partidan. RAUL BOGAJO.
ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Azken asteetako zurrumurrua baieztatu egin da. Futboleko euskal selekzioak ez du partidarik jokatuko Gabonetan. Hala jakinarazi zuen atzo ohar baten bidez federazioak. «Azkenera arte saiatu gara. Baina ezin izan ditugu batu halako partida garrantzitsu bat jokatzeko beharrezkoak ziren osagai guztiak. Atsekabetuta gaude; ez genuen hau espero», adierazi zuen Javer Landeta presidenteak.

«Ahalik eta kalitate handieneko partida»antolatu nahi zuten. «Baina ezinezkoa izan zaigu. Erabakigarriak izan dira Espainiako Ligak egutegian egindako aldaketak». Federazioak bi egun zituen buruan, abenduaren 21a eta 27a. Aurkarien kasuan, Txileko eta Nigeriako selekzioekin hitz egin zuten. Baina datorren astean Athleticek eta Alavesek Ligako partidak dituzte, egutegian izandako aldaketak direla medio, eta ezinezkoa izango da.Hemendik aurrera helburu bat dutela aurreratu du Landetak: «Ea martxoan posible denjokatzea».

Iazko azaroaren 16an jokatu zuen azken partida euskal selekzioak. Costa Ricaren kontra aritu zen, Ipuruan. eta 2-1 irabazi zuen. Orduan Javier Clemente zen hautatzailea. Baina teknikariak kargua utzi zuen, eta Jagoba Arrasate eta Joseba Etxeberria dira hura ordezkatzeko hautagaiak.

Reala eta Eibar, aurrera

Bestalde, Espainiako Kopako bigarren kanporaketa jokatu zuten atzo Realak eta Eibarrek. Behe laino izugarri baten artean Realak. 0-3 irabazi zuen Zamoraren kontra, eta aurrera egin du. Iragan igandetik hamar aldaketa egin zituen Imanol Alguacilek.

Lehen zati kaskarra egin zuten txuri-urdinek. Gauzak ez zituen garbi ikusten Imanolek, eta bigarren zatia hasterako Mikel Oiartzabal zelairatu zuen. Partida aldatzen hasi zen. Jon Guridik aurretik jarri zuen Reala 47. minutuan. Horrek patxada eman zion, eta aparteko jokorik egin gabe, Realak hainbat aukera izan zituen partida erabakita uzteko. Baina ez zuen egin, eta Zamorak ia neurketa berdindu zuen 67. minutuan, korner batean. Astrayk zutoinera bidali zuen baloia. Azkenean txuri-urdinek beste bi gol egin zituzten, Turrientesek 71.minutuan, eta Oiartzabalek 93.ean.

Ligan bezala, Eibarrek ere irabazi egin zuen Tenerifen, eta Kopako hurrengo kanporaketan da. 1-2 irabazi zuen Gaizka Garitanoren taldeak. Edu Expositok sartu zuen gol erabakigarria 88. minutuan.

Osasunak eta Amorebietak gaur jokatuko partidak. Bizkaitarrek jokatukodute lehenbizi, Urritxen. Almeriaren kontra neurtuko ditu indarrak (19:00). Osaunak, berriz, 21:00etan, Deportivoren kontra, Riazor futbol zelaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.