Aridane Hernandez. Osasunako jokalaria

«Itzalpeko lan asko egin dut Lehen Mailan aritzeko prest egoteko»

Gorengo mailak itxuraldatu egin du Aridane. Ordezkoa zen Bigarren Mailan, baina Osasuna elitera igo, eta ezinbesteko bilakatu da. «Esfortzua» eta «bizimodu osasuntsua» dira atzelariaren sekretuak, Arrasatek emaniko konfiantzarekin batera.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
enaut agirrebengoa
Iruñea
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Iruñean zoriontasuna topatu du Aridane Hernandezek (Tuineje, Espainia, 1989). Pozarren dihardu Osasunan, eta gogobete egiten du Nafarroako hiriburuko bizimoduak. Patxadaz eta aldarte onean erantzun die galderei.

Athleticen aurka galduta, akabo Sadarreko bolada. Erori da harresia. Ezinezkoa zirudiena gertatu da.

Mingarria da. Etxean dena nahieran ari zitzaigun ateratzen, eta garaiezinak izaten jarraitu nahi genuen. Baina, era berean, bagenekien bolada noizbait amaituko zela. Orain, ezin gaitezke atzera begira gelditu. Txapelketak aurrera jarraitzen du, eta prest egon behar dugu hurrengo lehiarako.

Akaso, galtzeko modua izan zen mingarriena. Izan ere, lehia berdindu eta berehala egin zuen1-2koa Athleticek. Odol hotz apur bat falta izan zitzaizuen?

Gurea bezalako talde batek ez ditu halako hutsak egin behar. Oso bigarren zati ona ari ginen egiten, eta merezita berdindu genuen partida. Baina gero, arreta galdu genuen Athleticen bigarren golean. Amorrua ematen du, baina noizbehinka, halako gauzak gertatzen dira futbolean.

Dena den, igandeko porrotak ez dio balioa kentzen azken urte eta erdian egin duzuenari. Urrezko orri bat idatzi duzue klubaren historian. Jabetzen al zarete horretaz?

Bai, eta oso harro gaude. Lehen Mailara igota, inork ez zuen txakur txikirik ere ematen gure alde, baina aurreko sasoiko talde borrokalaria gara oraindik, Sadarren batez ere. Balio handia du etxean halako bolada bat izateak, are gehiago Osasunan.

Aurrera begira jarrita, etxean orain arte puntu bakarra bildu duen Espanyolen zelaian arituko zarete igandean. Nola helduko diozue lehia horri?

Betiko ilusio berarekin. Norgehiagoka bat gehiago da guretzat. Egia da haiek ez daudela bolada onean, eta, gainera, Europa Ligako partida jokatuko dute ostegunean. Hori guztia baliatu behar dugu. Hasieratik oldarkorrak izaten saiatuko gara, eta, horrela, garaipena porrota baino gertuago izango dugu.

Ezin izan zenuen jokatu Athleticen aurka, lesio batengatik. Eta dirudienez, hurrengo lehiarako ere ez zara osatuko.

Oraindik ez nago ziur. Ez diot mugarik jarri nahi neure buruari. Gaur [atzo] korrika egiten hasi naiz, eta hurrengo urratsa gainontzeko taldekideekin normal entrenatzea da. Ditudan sentsazioen eta fisioterapeutak eta teknikariak esaten didatenaren arabera joango naiz ikusten.

Lastima da gelditu behar izatea, indar betean baitzinen. Aurreneko sasoia duzu Lehen Mailan, eta azkar batean egokitu zara. Pozik zaude?

Ezin naiz kexatu. Oso gustura nago; eta ez orain bakarrik. Iragan sasoian ere asko gozatu nuen. Ez nuen hainbeste jokatzeko aukera eduki, baina taldean giro aparta zegoenez, zoriontsu etortzen nintzen entrenamenduetara. Sasoi honetan, gehiago ari naiz jokatzen, eta pozarren nago. Jende asko harrituta egongo da, baina itzalpeko lan asko egin dut onenekin jokatzeko prest egoteko.

Zertan oinarritu da lan hori?

Xehetasun asko dago. Aspaldidanik ari naiz gogor lan egiten; ez soilik Osasunan nagoenetik. Lanaren bidez, nahi duzun lekura irits zaitezke, berdin dio zer arlotan diharduzun. Gazteei lezio hori irakasten saiatzen naiz.

Pertsona lasaia dirudizu. Talde barruan inongo xextrarik eragiten ez duten horietakoa. Hala al da?

Kapitainek zerikusi handia dute horretan. Iritsi orduko, jarrera hori muineratzen dizute. Oso lehiakorrak dira; futbol-tenisean ere irabazi nahi izaten dute. Bizi-filosofia bat da: egiten duzun hori gogoz eta ilusioz egin behar duzu. Egia esan, kapitainekin harreman bikaina dut zelaitik kanpo.

Oso itxura sendoa ari zara ematen. Segurtasun handia igortzen duzu. Zure baitan aldarte aldaketa izan dela sentitzen duzu?

Agian hemen, Iruñean, izan ditudan bi alabak dira zergatia [barreak]. Ondo elikatzen naiz, eta behar beste hartzen dut atseden. Denerako dago denbora: nire burua zaintzekoeta ondo pasatzeko. Zentzu horretan, aldatu egin naiz. Lehen, ez Nuen hainbeste deskantsatzen, baina orain garrantzi handiagoa ematen diot atsedenari. Bestalde, errutina finkoago bat dut: otorduak beti ordu berean egiten saiatzen naiz. Oso gustura nago.

Horrek zenbaterainoko eragina du errendimenduari dagokionez?

Handia. Orain, borroka hori daukat semearekin. Futbolean jokatzen hasi da, eta ez zaizkio elikagai osasuntsuak gustatzen; nahiago ditu litxarreriak. Ni berdin-berdina nintzen. Baina pixkanaka, heldu egiten zara, eta ikusten duzu jaki horiek zaborra direla. Autoaren depositua okerreko erregaiarekin betetzea bezalakoa da. Ni 14 urterekin hasi nintzen jokatzen, eta faltan bota nuen zentzu horretan gidatuko ninduen norbait.

Nabari da oso sasoiko zaudela. Goikobaloietan ba al duzu aurkaririk?

Nire indarguneetako bat da hori, eta beti saiatzen naiz hobetzen. Jokalari garaia eta indartsua naiz, eta goikako baloietan taldeari ahalik eta gehiena laguntzen saiatzen naiz. Den-denetara ezin naiz iritsi [barreak], eta batzuetan kale egiten dut, baina orduan, beste taldekide batek ematen du aurpegia. Denok elkar babesten eta laguntzen dugu, eta hori da talde honen sekretuetako bat.

Kritika ugari jaso izan duzu Iruñera iritsi zinenetik. Orain, ordea, laudorioak besterik ez zara entzuten ari. Eskertuko duzu, ezta?

Hasieran, kontrako iruzkinen batzuk entzun nituen, Osasunak diru asko ordaindu zuelako, eta abar. Ez ninduten eragin. Orain, berriz, lausenguen txanda da. Hori guztia lanbide honen parte da, eta jokalariok gogoa hotz eta indartsu eduki behar dugu. Denoi gustatzen zaigu egunkarietan agertzea, baina gero, hutsak egitean, egurra gogotik jasotzen duzu. Horregatik, hobe da distantzia mantendu.

Entrenatzaileak eragin handia al du sasoi honetan ematen ari zaren aurrerapausoan?

Jagoba [Arrasate] denontzako da garrantzitsua. Maila berean jartzen ditu titularrak eta ordezkoak, eta hori asko eskertzen da. Esaterako, nik gutxi jokatu nuen aurreko sasoian, baina ez nintzen muturtu, teknikariak giro atsegina sortzen duelako. Konfiantza berbera ematen digu guztioi.

Lehia handia dago erdiko defentsan. Beraz, behin osatuta, baliteke hamaikakora itzultzeko lanak izatea. Kezkatzen zaitu?

Gure zeregina, teknikariari gauzak ahalik eta zailena jartzea da. Ordezkoak beti daude prest maila onean jokatzeko, partidaz partida ikusten den bezala. Ez dakit zer gertatuko den itzultzen naizenean, baina garbi dago lehiak on egiten diola taldeari.

Txukun zabiltzate defentsan: gol gutxien jaso duen bosgarren taldea zarete. Ordea, askotan izan zarete atzetik markagailuan. Nola aztertzen duzu hori?

Badakigu irabazteko askoz ere aukera handiagoa dugula atea hutsean utzita. Hobetzeko dugun zerbait da. Baina, era berean, taldearen nortasuna goraipatu behar da, hainbat aldiz irauli baititugu partidak, iragan sasoian egin bezala. Oso talde lehiakorra gara. Ezusteko gehiago emango dugu.

Real Madrilen eta Liverpoolen harrobian izan ziren zure kirol ibilbidearen hastapenean. Zer oroitzapen duzu garai haietaz?

Real Madrilekin ohorezko mailan aritu nintzen, eta, gero, hilabete bateko proba egin nuen Liverpoolen. Esperientzia itzela izan zen. Han Mikel San Joserekin egin nuen topo.

Hirugarren sasoia duzu Osasunan. Dagoeneko erabat egokitu zara Iruñeko bizimodura?

Dena oso erraza da hemen. Klubak laguntza handia eskaintzen dizu etxebizitza edo alabentzako eskola bilatzeko orduan, adibidez. Eta zaleak ere oso bereziak dira. Adeitasun handiz hartzen gaituzten denok. Umeentzat, heroi modukoak gara. Horrek guztiak zoriontsu egiten zaitu.

Zale gazteenen idolo nagusietako bat zara. Orrazkerak ba al du zerikusirik horretan?

Umeei asko gustatzen zaie, bai! Azkenean, ez da egunero ikusten duten orrazkera bat. Txantxak egiten dizkidate, baina beti errespetuz eta miresmenez.

Osasunan luzaroan egongo zarela uste duzu?

Nire bizitza osoa hemen igarotzea sinatuko nuke. Gu futbolariak gara, eta batetik bestera gabiltza, baina begiak itxita sinatuko nuke lau urte edo gehiagoko kontratu bat. Azken finean, behar dudan guztia daukat hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.