Santutegia lehen epaile

Euskal Herriko Itzulia Arrateko gainean hasiko da estreinakoz. Hasierako hiru etapak mendateetan bukatuko dira. Ermualde igoko dute lehen aldiz, eta helmuga bat Ibardinen izango da berriro

Santutegia lehen epaile.
mikel rodriguez
Eibar
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Eibar eta Bilbo. Horiexek izanen dira Euskal Herriko Itzuliak aurten lotuko dituen bi muturrak, sei etapatan, apirilaren 6tik 11ra. Antolatzaileek, iaz, lehenbiziko etapan paratu zuten bakarkako erlojupekoa, lasterketaren ohiko diseinua aldatu eta bertze pizgarri bat aurkitzeko. Errepidean ikusi zenarekin, ongi atera zitzaien esperimentua. Aurten azkeneko etapara itzuli dute erlojupekoa —Bilboko karriketara—, baina bertze berezitasun bat ezarri dute: Arrateko helmuga klasikoa lehenbiziko etapan izanen da, lehen aldiz. Julian Eraso Itzuliko zuzendariak irabazlearentzako pronostikoa egin du: «Arraten ez dagoena ez da Bilbon egongo, eta Bilbora horiz iristen denak horiz bukatuko du Bilbon».

Itzuliaren 60. ekitaldia izanen da aurtengoa, eta atzo egin zuten ibilbidearen aurkezpen ofiziala, Eibarren (Gipuzkoa). Eraso OCETA Euskal Txirrindularitza Antolakuntzako zuzendariak, Roberto Laiseka Itzuliko zuzendari teknikoak eta Alberto Albistegi Eibarko Udaleko zinegotziak eman zituzten azalpenak. Euskal Bizikletaren erdigunea zen Eibar —sorreran Eibarko Bizikleta izena zuen itzuliarena—, eta, lasterketa horrek Euskal Herriko Itzuliarekin bat egin zuenetik (2009), urtero jarraitu du etapak hartzen. Albistegik aurkezpenean nabarmendu egin zuen Gipuzkoako hiri horrek eta «haren industriak» txirrindularitzarekin duten «lotura historikoa», eta erran zuen irteerako hiria izatea «pribilegioa» izanen dela.

Ibilbideak guztira 897,9 kilometro izanen ditu, eta txirrindulariek puntuagarri izanen diren hogei mendate igoko dituzte —Lehen Mailako lau, Bigarren Mailako zazpi eta Hirugarren Mailako bederatzi—. Iazkoa baino 113 kilometro luzeagoa izanen da Itzulia, baina iaz adina igoera izango dira —22 izan ziren iaz—. Lehenbiziko hiru etapak mendateetan bukatuko dira, eta horrek eragina izanen du Itzuliaren garapenean.



Usartza, Arrateko gaina hartzen duen mendatea, lasterketako bortzgarren igoera izanen da. 2009az geroztik, 2017an ez bertze urte guztietan bukatu da etaparen bat Arraten, baina beti hirugarren egunetik aitzinera. 160 kilometro izanen ditu lehenbiziko etapa horrek. «Ez dugu nahi lasterketa lehen egunean haustea, eta espero dugu 40-50 txirrindulari egotea etapagatik lehiatzen», erran zuen Laisekak. Iaz Emmanuel Buchmann alemaniarrak irabazi zuen Arraten, azken-aurreko etapan, eta maillot horia jantzi zuen —Ion Izagirrek kendu zion, azkenekoan—.

Arabak urtero hartzen duen etapa bigarrena izanen da aurten: Amurrion hasi, eta Ermualden bukatuko da (163 kilometro). Lehenbiziko aldiz igoko dute Laudioko udalerrian dagoen mendi hori. «Hiru kilometro ditu, baina %17ko eta %20ko zatiak ditu. Etapa erabakigarria da, eta oso igoera polita izango da», Laisekaren ustez. Euskaltel-Euskadiko txirrindulari ohiak azaldu duenez, Ermualdek «zailtasun dezente» sortuko dizkio antolakuntzari, «gehienbat autoak sartzeko toki gutxi dagoelako». 22 motor paratuko dituzte mekanikariak horietan igo daitezen.

Hirugarrenean, Arabatik Nafarroara joanen da tropela: Gasteizen hasi, eta Ibardinen bukatu, Bera (Nafarroa) eta Urruña (Lapurdi) artean dagoen tontorrean. Itzuliko etaparik luzeena izanen da, ia 200 kilometrokoa. «2012tik ez da han bukatu, baina txirrindularitzaren zale handiak oroituko dira [Sean] Kellyz, Julianez [Gorospez], [Fede] Etxabez... Etapa mitikoa zen beti». Izan ere, 1981 eta 1994 artean urtero bukatu zen etapa bat Ibardinen, eta, ordutik, 2012an baino ez du helmuga han izan, Joaquim Rodriguezek irabazi zuenekoan. Igoera etzana da, baina 2012an ohi baino goitiago paratu zuten helmuga, eta azken 700 metroek erruz gainditzen dute igoera osoaren batezbertzekoa.

Kontuan hartzeko elementu bat izanen dira etapa oro banatuko dituzten gainsariak, helmugako lehenbiziko hirurek hamar, sei eta lau segundo eskuratuko baitituzte hurrenez hurren, eta tarteko helmugetan ere hiru, bi eta bakarra izanen baitituzte jokoan. Horregatik, lehenbiziko hiru etapen ondoren normalena litzateke sailkapen nagusirako lehian banaketa argi bat egotea ordurako. Laugarrena eta bortzgarrena, ibilbideei dagokienez, printzipioz ez dira egokiak faboritoen artean aldeak egiteko.

Laugarrena Beran hasi eta Errenterian (Gipuzkoa) bukatuko da. Erlaitz lehen mailako mendatea igoko dute helmugatik hamahiru kilometrora —guztira 176 kilometro eginen dituzte—. Bortzgarrenean, berriz, Errenteriatik Sestaora (Bizkaia) joanen dira txirrindulariak, Itzuliko etaparik lauenean —180 kilometro—. «Azken kilometroa igoeran da, %6ko batezbestekoarekin, eta sailkapenekoak ezingo dira erratu», azaldu zuen Laisekak. «Esprinterrak lehiatu daitezkeen etapa bakarra da».

Lasterketaren azken epaia Bilboko 21 kilometroko erlojupekoak ezarriko du, Begoñan hasi eta Etxebarria parkean bukatuko denak. «Nahiko erlojupeko azkarra izango da», Itzuliko zuzendari teknikoaren ustez, kilometro dezente maldan beheiti direlako.

Parte hartzaileen esperoan

Ion Izagirre Astana taldeko ormaiztegiarrak irabazi zuen iazko Itzulia, eta aurten ere parte hartzekoa da. Tropeleko hainbat izar Eibarren egotekoak direla argitaratu da —Egan Bernal Frantziako Tourreko iazko irabazlea eta Tom Dumoulin, errate baterako—, baina Erasok ez zuen deus baieztatu. Izenak hilabete barru jakinaraziko dituztela erran zuen, Itzuliaren «aurkezpen instituzionala» egiten dutenean. «Esan dizkigutenak etortzen baldin badira, Itzuli bikaina izango da». World Tourreko hemeretzi taldeak etorriko dira, eta Itzuliak Euskal Herriko Caja Rural eta Euskadi Fundazioa eta Espainiako Burgos BH gonbidatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.